Eguneroko mirari txikiak

Musika estilo ugari biltzen ditu Maite Larbururen eta Josh Cheathamen 'Ura patrikan' lehen diskoak

Donostia
2013ko urriaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezinezkoaren bila abiatutako bidaia bat. Hala azaldu du Maite Larburuk Josh Cheathamekin batera egin duen lehen lana: Ura patrikan (Gaztelupeko Hotsak). Izan ere, definitzen zaila da Neighbor taldeak grabatu duen diskoa, Larburuk berak aitortu duenez: «Ez dut estilorik aurkitzen abestiak deskribatzeko. Musika estilo eta ukitu asko dituen lana da». Kanta guztiak ezinezkoaren eta posiblearen arteko mugan esperimentatzen «intuitiboki, ia kasualitatez» sortuak direla kontatu du musikari hernaniarrak. Larbururen lana aspalditik ezagutzen du Harkaitz Cano idazleak, eta abesti gehienak eguneroko mirari txikiak kontatzen dituztelako goraipatu du.

Bi abesti mota existitzen direla dio Canok: etxera, paisaia ezagunetara itzularazten zaituzten abestiak, batetik; eta paisaia ezezagunak aurkitzera eramaten zaituztenak, bestetik. Disko honetan biak daudela kontatu du idazleak. Larburuk, hain zuzen ere, deserriratzearen gazi-gozoaz asko dakiela gaineratu du idazleak —atzerrian bizi da 2002az geroztik—, eta bi musikariek euren ibilbideetan izan duten mugimendua eta esperientzia abestietan islatzen dela. Pozaren eta introspekzioaren artean dantzan dabiltza Neighborren abestiak Canoren hitzetan. Baina, dioenez, bada zerbait guztiak harilkatzen dituena: elementu xumeekin eginak direla denak.

Larburuk idatziak dira diskoko abesti guztiak. Cheathamek, berriz, horiek musikatzeko lana egin du. Euskaraz eta ingelesez abesten du Larburuk, gehienbat, baina gaztelerazko kantu bat ere badauka diskoak. «Zertarako erabili hitzak musikarekin dena esaten dakienak?», galdetu du Canok. Hitzen bidez galderak egiten dituela erantzun du, baita bere buruaren kontraesanak adierazten dituela ere. Letrak oso indartsuak direla gaineratu du idazleak, «sofistikazio eta sentiberatasun xamur batekin jantziak».Aurtengo neguan «nekez» entzungo da txanpon askoren hotsa poltsikoetan, Canok erdi txantxetan esan duenez, «baina ziur Ura patrikan asko entzungo dela».

Lanagatik ezagutu ziren bi musikariak Amsterdamen (Herbehereak), gaur egun bien bizitoki den hirian. Antzinako musika klasikoa dute ofizio, baina ogibide bilakatu zaien musika estiloa alde batera utzi dute Ura patrikan sortzeko. Biolin jotzailea da Larburu, eta viola da gamba eta kontrabaxua jotzen ditu, aldiz, Cheathamek. Disko honetan, ordea, instrumentu ugari gehitu dizkiote euren ohiko errepertorioari. Shakuhachia (Japoniar jatorriko flauta), sarangia (Indiako arku instrumentua) edota Indiatik datorren shruti kutxa nahastu dituzte lehen lanean, besteak beste. Kazetarien aurrean, hain zuzen ere, oinutsik, alfonbra baten gainean eserita, eta begiak une bakar batean ere ireki gabe, diskoko abesti bat interpretatu du Larburuk, shruti kutxarekin.

Erdi txantxetan hasitako lana

Hiru urte igaro dira disko hau prestatzen hasi zirenetik, eta musikariak kontatu duenez, «erdi bromatan» hasi zuten proiektua. Kanta pare bat idatziak zituela kontatu zion Larburuk Cheathami, eta hark bidaltzeko eskatu zion. Hernaniarraren abestiak gustatu, eta berehala horiek musikatzeko lanari ekin zion artista estatubatuarrak. Horrela sortu zuten Neighbor. Gaur egun auzo berean bizi direla kontatu du Larburuk, eta elkarri neighbour (bizilagun, ingelesez) deitzen diotela. Esan duenez, taldeari izena jartzerakoan ez zuten zalantzarik izan.

Asier Altuna zinemagilea ere izan da diskoaren aurkezpenean, Donostiako Zinemaldian aurkeztu berri duen Zela Trovke film laburraren protagonista baita Larburu. XI. mendeko abesti eslovakiar batean oinarritzen da filma. Kantuak emakume batek senarra aizkorakada batez nola hiltzen duen kontatzen du, eta behin Larburu abesti hori interpretatzen ari zela gertatutakoa islatzen du film laburrak. «Haren izateko era, arima, ahotsa, guztia dago filmean. Niretzat opari bat izan da», adierazi du Altunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.