Eguneroko sinbolismoari lotuta

Amaia Iturbidek, Juan Modesto Arrietak eta Eneko Aizpuruak liburu bana atera dute Erein argitaletxearekin

Eneko Aizpurua, Juan Modesto Arrieta eta Amaia Iturbide, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Bestelako generoak ere landu ditu, baina batez ere poesian nabarmendu da Amaia Iturbide (Bilbo, 1961). Bosgarren poema liburua du Eszenatokietako aztarnak hasten direnean, Ereinekin plazaratu berri duen lana. Bere poemagintzan sinbolismoak beti izan du indar berezia, baina sinbolismo horrek izan du bilakaerarik hasieratik gaurdaino, egilearen beraren hitzetan. «Hasierako sinbolismo mugagabe edo urrun batetik egunerokotasun bati atxikitako sinbolismoraino doa. Sinbolismoak ere errealitatearen parte baitira».

Liburua zazpi ataletan banatu du Iturbidek. Aurrestreinaldiak baso uraz, Argilunen egoitzan, Lorategi islak, Pasillo desfileak galerietan barrena, Oroimen arkeologikoak, Ahots hondarretik edaten eta Eskutitzen eta hilarrien artean dira zazpi horien izenburuak. Oihartzun eta erreferentzia asko dituen liburua da. Eszenatokiek eta pertsonaiek dute lekua poemetan. Lekua dute kubismoak, espresionismoak, vintage-ak, Picassok, Laboak edota Letek Iturbideren olerkietan.

Kontraesanaren presentzia poetikoak ematen dio jarraitutasuna bere poemagintzari, besteak beste, berak orain arte argitaraturiko beste lanei lotuz. «Adibidez, kontsumismoaren gehiegikeriak kritikatzen ditut, baina gero, pop mugimendua azaltzen dut. Arlo kolokiala jorratzen dut, baina kulturalismoa ere bai».

Bi 'opera prima'

Berandu hasi zen idazten Juan Modesto Arrieta (Zarautz, 1949), 50 urteak igaroak zituela. Azken hamar urteetan ipuinak idatzi izan ditu, eta baita makina bat sari eskuratu ere. Euskal Herriko Unibertsitatean matematika irakasle jardun zuen, eta 60 urterekin erretiroa hartzean denbora gehiago izan du idazketari eskaintzeko. Azken urteotan idatzitako ipuinak bildu ditu, hain zuzen ere, Izen bereziak estreinako ipuin liburuan.

Liburua 11 ipuinek osatzen dute, eta gehienek aipatzen dute izenburuan protagonistaren izen berbera. Egileak bere izenarekin beti izan omen du «auzi» moduko bat: «Gure inguruan begiratzea nahikoa da beste izen batekin imajinatu ezin ditugun pertsonaiak badirela konturatzeko, izana izenean errotua dutenak, alegia. Eta irakurlea harira eramateko nire istorio propioa kontatu nahi diot, beti ibili naizelako nire izenaren eta izanaren artean erdibituta, nire nortasun propioa bitan banatuta».

Gai gehienak «betierekoak» dira, Arrietaren hitzetan. «Amodioa, desamodioa, heriotza, bizitza... baina badira gai bereziak ere, komiki batetik abiatutako lapurreta baten istorioa, esaterako».

Buruan zuen istorioa kontatzeko genero beltza aukeratu du, ostera, Eneko Aizpuruak (Lazkao, 1976). Errauts du estreinako nobela, eta bere jaioterrian kokatu du istorioa. Magrebtar gizaseme bat labankadaka hil dute Lazkaon. Abokatu batek hilketa argitzeko eskatu dio Mikel Egileor kazetariari. Ikerketak ezkutuko interes zikinen, negozio ilunen eta eraildako etorkinen errautsak lurpetik atera eta denen bistan haizatuko ditu ustelkeriaren kiratsa bazter guztietara zabalduz.

«Duela hiru bat urte gazte etorkinek eragindako sute batzuk izan ziren zenbait harrera etxeetan, eta komunikabideetan pil-pilean egon zen gaia, eta egun ere hala dago. Pentsatu nuen gai hori eraman zitekeela nobela batera». Aizpuruak oso gustukoa du genero beltza, eta gai hori lantzeko egokia iruditu zitzaion genero hori baliatzea. Zuzenbideko lizentziaduna da Aizpurua, eta itzultzailea lanbidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.