Egurra banatu duen umorea

'H28' aldizkari satirikoak bere bidea amaitutzat jo du, azken zenbakia argitaratuta; hogeita zortzigarrena, hain justu. Adierazpen askatasunean atzera egiten ari dela uste dute kideek

H28 aldizkariaren hogeita zortzigarren eta azken zenbakiaren azala. H28.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
«28 zenbaki, bi paperezko bilduma, zentsura kasu pare bat, hamaika elkarrizketa eta bazkari eder batzuen ondoren, guk ere modako tendentziari jarraituz, unilateralki erabaki dugu H28 aldizkariaren ibilbidea etetea». Herenegun zabaldu zen notizia: H28 aldizkari satirikoak amaitutzat eman du bere jarduna. 2015eko urtarrilean hasi ziren hilabete bakoitzeko 28.enean zenbaki berri bat jartzen sarean —hortik aldizkariaren izena—. Eta atzo jarri zuten azkena, hain justu, hogeita zortzigarrena.

Fanzineek «irauten dutena irauten dutela» eta behea jo aurretik «goian utzita agurtzea»hobe dela esanda azaldu du amaieraren erabakia Lander Muñagorri BERRIAko kazetariak eta H28 aldizkariko kideak. Hamabost laguneko «nukleo gogor» batek osatu du H28-ko lantaldea, baina, denera, berrogei bat marrazkilarik utzi dute euren arrastoa aldizkariko orrietan. Horien artean dauden batzuk hauek dira: Patxi Huarte Zaldieroa, Adur Larrea Adur, Unai Iturriaga, Ainara Aspiazu Axpi, Joseba Larretxe Josevisky, Irene Borda, Patxi Gallego, Edu Lartzaguren eta Eñaut Aiartzaguena, besteak beste. Iñigo Astiz idazlea eta BERRIA-ko kazetaria ere aritu da atzeko lanetan.

Sorrerari beha, orduko testuinguruak asko esan dezake H28 izan denaz. Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren erasoaren ondotik, adierazpen askatasunaren bueltan jarduteko bildu zituen BERRIAk Asisko Urmeneta, Patxi Huarte Zaldieroa eta Marc Armspach Marko marrazkilariak. Eta elkarrizketa hirukoitz hartatik atera zen aldizkaria egiteko ideia.

Atentatuak marrazkilariak «irauli» zituela gogoratu du Urmenetak. «Gizatasun faltaren» eta ondoren zabaldu zen «hipokrisiaren» aurka zerbait egin nahi izan zuten. Orain, tupustean sortu zena tupustean desagertuko dela dio. «Badakigu ez dugula deus konpondu; oso ondo pasatu dugu, eta agian pasarazi». Ez du penarik bukaeragatik. «Iñigok [Astizek] eta Landerrek [Muñagorrik] hordago gisa bota zuten heriotza agiriarena, eta marrazkilari guztiok onartu dugula uste dut. Inork ez du kontrakorik agertu». Aldizkariko kideak modu librean antolatzeak «sekulako satisfazioa» eragin dio. «Internetaren magiari esker, gainera, marrazkilariok ez dugu dirurik ikusi, baina irakurleak ere ez du ordaindu behar izan». Zenbaki bakoitzak 500 deskarga inguru izan ditu, eta azken bi Durangoko Azoketan argitaratutako bildumek ere —Urtikaria 2015ean eta Urdekaria 2016an— harrera beroa izan dutela dio Muñagorrik.

Halaber, H28-ren funtzioetako bat «euskal marrazkilarientzako plataforma» izan da, Muñagorriren arabera. Eta horien arteko pluraltasuna azpimarratu du, hain justu, Urmenetak. «Kulturalki eta geografikoki oso bazter ezberdinetatik aritu gara. Biziki preziatu dut gure artean ere sua gurutzatu dela».

(Auto)zentsura goraka

«Ostiak ezker-eskuin emateko» H28 sortu zela esan zuen hastapenean Urmenetak, baina batez ere eskuinera joan direla aitortu du gaur, ezkerrera baino gehiago.

Eman bai, baina jaso ere, jaso dute. Iazko Nafarroako Komiki Azokak H28-ren bi lan —torturari eta Opus Deiri buruzkoak— zentsuratu zituenean, kasurako. «Zentsura oso merke ateratzen da; salatu genuen, baina hor gelditzen da. Jende jakin bat kartzelara ere bidali dute; egoera beldurgarri samarra da», esan du Muñagorrik.

Umore kritikoa egitea gero eta zailagoa dela argi du Urmenetak. «Aski da ikustea garai bateko aldizkariak; gaurko egunean argitaraezinak izango lirateke». Hain zuzen, Charli Hebdo-ren aurrekaria izan zen Hara-Kiri aipatu du, eta gehitu gaur egun, ez soilik botereak, «jendartearen hiperkorrekzioak» ere ez lukeela ateratzen utziko horrelako umorea. Bera, pertsonalki, «adierazpen askatasun osoaren» aldekoa dela adierazi du, eta beste plus bat gehitu du gainera euskaldunentzat. «Euskaldunekin zerikusia duen zernahik altxatzen ditu susmoak, bereziki Espainiako erresuman. Badakigu beldurrak paralizatu egiten duela, eta gure eskuarekin batera eramaten dugula autozentsura dosi oso handia».

Zentsura bai, baina autozentsura ere hartu baitute ahotan. Muñagorriren esanetan, «autozentsura ez da kanpoko epaile hori, zertaz egiten den umorea eta zertaz ez ere bada; sektore batzuekin beti mugatzen zara gehiago, eta hori ere saiatu gara apurtzen». Ez direla horretan «abangoardia» izan argitu du, egon direlako aurrez euskaraz satira egiten aritu direnak; Napartheid aipatu du adibide gisa. «Ez dugu bolbora asmatu».

«Autoimmolazioa»

Gaur-gaurko gaiei erakutsi dizkiete hortzak H28-ko marrazkilariek. Hala, Kataluniako erreferendumaren auzia eta euren «autoimmolazioa» dira azken aldizkariko protagonistak. Zehatz, hogeita lau marrazkilari eta gidoilarik parte hartu dute.

Aldizkariak utzitako sokari helduko dionik egongo dela aurreratu du Urmenetak, ezer aurreratu gabe: «Hor dabiltzan gazte sutsu batzuk segur aski jada konplotatzen ari dira zerbait berria egiteko». Bitartean, sarean daude H28-ren 28 zenbakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.