Kritika. Musika

Ehundura-itsasoa

Marta Garcia
2025eko azaroaren 30a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ORQUESTRA SIMFĂ’NICA DE BARCELONA I NACIONAL DE CATALUNYA'

Zuzendaria: Ludovic Morlot. Sopranoa: Nuria Rial. Egitaraua: I. Albeniz, F. Mompou, R. Gerhard, C. Debussy, M. Oliu eta M. Ravelen obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: azaroaren 28a.

Trukea egin du Euskadiko Orkestrak, eta, hala, Bartzelonako eta Kataluniako Orkestra Sinfoniko Nazionala (OBC) izan dugu gurean ehundura finez jantzitako programa askotarikoa eskaintzeko, musikaren bidez zubiak eraikiz Katalunia, Frantzia eta Euskadi artean.

Isaac Albenizen The Magic Opal (Opalo magikoa) operetaren suitea jo dute lehenik, 1893an Londresen estreinatua. Libretoa nahiko eskasa izanik, agerikoa da ondo pentsatu eta moldatutako musikak ematen diola istorioari bizitasuna; izan ere, suitea osatzen duten hiru eszenatan Albenizen marka diren aberastasun erritmiko eta harmonikoak zabaltzen dira, eta OBCkoek aise ebatzi: biolontxeloak samur preludioan, tronpetak guztiz fin balletaren zatian. Dantza-energiaren ondoren, Frederic Mompouk 1940ko hamarkadan idatzi eta gerora Albert Guinovartek orkestrara moldatutako Kataluniako bost abesti herrikoi interpretatu dituzte, kasu honetan, Nuria Rial sopranoarekin batera. Batez ere errepertorio barrokoaren interpretazioan da ezaguna Rial, baina bere ahotsaren malgutasuna, teknika bikainaz hornitua, guztiz aproposa da lied erako musikarako ere. Sentiberatasun handiz garatu zuen Pastoral malenkoniatsua, baita CanĂ§Ă³ de la Fira (Feriaren kanta) distiraz bete ere.

Bigarren zatia giro inpresionistarekin hasi zen, Claude Debussyren Fauno baten biaoaren preludioa-ren bertsio guztiz zirraragarria jo baitzuen orkestrak, ehundurak sakonduz, tinbreak argi bereiziz eta gaiei arnasa hartzen utziz. Oso finak izan ziren txirularen irekiera eta ondorengo agerpenak, Morloten keinu dotoreari jarraiki. Miquel Oliu katalanaren Pluia (Euria) sotilak modu irudimentsuan islatzen du bere izenburua, eta badirudi teknika hedatuak eta errepikapenak erabiliz kanpoko eta barneko munduak nolabait bateratu egiten dituela, tantak nondik datozen jakin ezinik. Eta, amaitzeko, Maurice Ravelen Bolero ezagunari eskatu dakiokeen gauza bakarra oparitu ziguten Morlotek eta orkestrak: dinamika luze eta zabalean tentsiorik galdu gabe melodia bera behin eta berriro deskubritzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.