Museoak

Ehunka bisitari Txillida Lekun, aurreneko lau egunetan

Asteazkenean zabaldu zuten Hernaniko (Gipuzkoa) museoa, zortzi urteren ostean. Bisitari ugari gerturatzen ari dira Eduardo Txillidaren eskulturekin gozatzera.

Bisitari batzuk eskultura bati begira. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 20a
17:00
Entzun

Komunikabideentzako eta erakunde publikoentzako aurkezpenen ostean, asteazkenean zabaldu zuten jende guztiarentzat Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoa. Zabalaga baserrian, 1940ko urteen amaieratik 2000. urtera bitarteko 90 lan jarri dituzte.

Mikel Txillida eskultorearen biloba eta museoko komunikazio arduradunak esan du jendea "oso pozik" ikusi dutela egunotan. "Jende asko gerturatzen ari da". Asteazkenean, lehen egunean, 700 bisitari izan zituzten; bigarrenean, 650 inguru; eta atzo, mila baino gehiago. Gaur ere ehunka bisitari gerturatu dira naturaren erdian dagoen museora. Horietako asko, Kataluniakoak. "Aitonarentzat bere Euskal Herri txikia zen toki hau", gaineratu du komunikazio arduradunak. "Basoen artean, burdina". Zortzi urtez egon da museoa itxita. Etapa berrian, instalazioak hobetu dituzte; kafetegi bat eta denda bat jarri dituzte, esate baterako. Zuzendari berria Mireia Massague da. "Lokaletik mundu guztia iristen ahaleginduko gara", esan zuen aurkezpenean.

Aurreko etapan ikusi ezin ziren bi eskultura ere ikusgai daude: Argiaren bila III eta Burdinaren laudoriotan III.

Museoa ikusteko sarrera ordaindu behar da, eta egunero dago zabalik, astearteetan izan ezik. Laster, ikastetxeetako bisitak ere hasiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.