«Ez da nostalgiarako tenorea». Hori erran dute EHZ Euskal Herria Zuzenean festibaleko kideek Arrosako Sohatian (Nafarroa Beherea) egin agerraldian. 2026ko ekainaren 26, 27 eta 28an eginen dute festibala, Geroaren lehen notak lelopean. Ez da kasualitatea Sohatian prentsaurrekoa egin izana, han bertan egin baitzen EHZ lehen aldiz, 1996an.
30 urteko ibilbide «oparoa» egin du EHZk. Arrosan (Nafarroa Beherea) hasirik, eta Idauze-Mendi (Zuberoa), Heleta (Nafarroa Beherea) eta Lekorne (Lapurdi) iraganik, Arberatzen (Nafarroa Beherea) geldituko da festibala heldu den urtean. 30 urteko ibilbidean aldatu bada ere, Arrosan sortu balioak izaten segitzen du EHZk, Maiena Uhart festibalaren bozeramaileen erranetan. «Ez dugu nahi heldu den urteko aldia nostalgiaz bizi, baina, nahiz eta festibalak herri eta izateko manera franko bizi izan dituen, Arrosako balioekin segitzen du gaur egun ere».
Ohi bezala, beraz, festibalak hiru egun izanen ditu heldu den ekainean, eta ohiko formatuan baina «sorpresaz betea» izanen da, Uhartek azpimarratu duenaz. Bertzeak bertze, audio plataformetan entzungai izanen den podcast bat sortu dute 30 urteko ibilbidea ospatzeko. Heldu den urte hastapenean karrikaratuko dute, eta, hala, EHZren historiako «mugarriak» eta egungo festibalaren «B aldea» zabalduko dituzte uhinetan.
«Ez dugu nahi heldu den urteko aldia nostalgiaz bizi, baina, nahiz eta festibalak herri eta izateko manera franko bizi izan dituen, Arrosako balioekin segitzen du gaur egun»
MAIENA UHART EHZko kidea
Bertzalde, festibalaren ibilbidea aztertuko duen liburu bat plazaratuko dute primaderan. Argazki ugariz hornitua izanen da, eta festibalaren historia kontatuko du protagonista frankoren lekukotasunen bidez. Egungo festibalari eta etorkizunekoari begira jartzeko, berriz, dokumental bat argitara emanen dute 2026ko larrazkenean.
Urteurrenaren karietara antolatu proiektuak iaztik diseinatzen ari direla gehitu du Uhartek. Ekoizpen bakoitzak antolaketa eta komisio propioa ditu, eta hiru ekoizpenek «ahalik eta pertsona gehien» hunkitzeko xedea dute «elkar trabatu gabe» eta «errepikakorrak» izan gabe. «Hiru ekoizpen sortu ditugu festibalaren esentzia ahalik eta jende gehienei helarazteko».
Eskuz landu afixa
Heldu den festibaleko afixa eskuz eta 30 urteko irudiak batuz ondu dute. Festibalaren ibilbidea kolatzeko, egindako bidea goraipatzeko eta biharko nahikaria areagotzeko sortu dute afixa. «30 urtez eginiko irudi eta ilustrazioak bilduz, eskulana eta auzolana sustatu nahi izan dugu 2026ko aldiko afixa osatzeko tenorean».
Zehazki, afixa horrekin mugimendua adierazi, eta festibala geroari so ezarri nahi dute. Iraganeko irudiak presentatzeaz gain, Euskal Herriko musika festibalen testuinguruan EHZ «ardi beltza» dela irudikatu dute. «Ipar Euskal Herriko barnealdean antolatzen den festibal autogestionatuaren ardi beltzaren izaera agertzen da afixan». Horrekin batera, festibalaren aldarrikapenak zabaltzeko bozgorailua marraztu dute.
Iaz bezalaxe, abenduaren 15ean salgai emanen dituzte heldu den urteko festibaleko hiru eguneko txartelak, 35 euroan, kultura «ahal bezain eskuragarria» izateko xedeaz betiere. Bizpahiru hilabeteren buruan iragarriko dituzte festibalean izanen diren lehen taldeak, eta bizkitartean sorpresaz bete festibala izanen dela segurtatu dute. «30. urteurrenaren neurriko festibal berezia prestatu nahi dugu. Kultur eskaintzan, mintzaldi eta tailerren egitarauan, gunearen apainketan eta ekitaldietan sorpresak izanen dira».