Inoiz ez da gaualdi bat bertan behera utzi behar izan Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalean hamabost urteetan, baina aurreko ostiralean ez zen beste erremediorik izan. Hala ere, laguntzaileak berehala mobilizatu ziren eta jende ugari bertaratu zen larunbat eta igandean, hamasei mila orotara, nahiz eta 200.000 euro inguru galdu dituztela aurreikusi.
Igande arratsaldean egin zuten balorazioa EHZko antolatzaileek. Elixabet Aizeger jaialdiko lehendakariaren hitzetan, “tenpestak materiala suntsitu zuen ostiral gauean, eta bistan da, egoera horretan, edozein festibalek ateak itxiko lituzte; guk, burua altxatu eta aitzina egitea deliberatu genuen, eta laguntzaileek zein publikoak erantzun digute”.
Jendeak emandako “erantzun zoragarria” azpimarratu zuten behin eta berriz. Larunbatean bost mila eta igandean zazpi mila gerturatu baitziren Heletara. Hori dela eta, larunbateko agerraldian, musika arloan edo animazio mailan festibalak utzitako “gustu goxoa” azpimarratu arren, kexka nabari zen arlo ekonomikoari dagokionean, orain arte EHZ autofinantzamenduaren izpirituarekin murgildu izan baita, aurrekontuaren %90 autofinantziatuz.
musika