Ander Iturriotz. Euskal Idazleen Elkarteko presidentea

«EIEk euskal kulturaren ikusgarritasun arazo berberak dauzka»

EIEk bide ona hartu duelakoan dago. Euskal literaturak sortutako ekintzekin harreman aktiboagoa edukitzea du asmo, eta baita jendea engaiatzea ere. Haren ordezkoa aukeratuko dute gaur.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
EIE Euskal Idazleen Elkartearen estatutuen arabera, gehienez lau urte egin ditzake karguan lehendakariak. Lau urte bete ditu horretan Ander Iturriotz (Ordizia, Gipuzkoa, 1961) EHUko Soziologia doktoreak. «Zuzendaritzaren zereginetako bat zen, gutxienez hautagai bat proposatzea, eta hori egingo dugu». Haren ordezkoa gaur aukeratuko dute, Baionan, batzar orokorrean. Egindakoarekin gustura nabaritzen zaio. «Aurrekontuak bete ditugu, eta kitoan aterako gara». Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Kultura sailetik jasotzen dute dirua — «baina ez da nominatiboa, aurkeztutako programen araberakoa baizik»—, eta baita Bizkaiko Diputaziotik ere. Iaz, 375.000 bat euro izan zen. Gainerakoak unean uneko hitzarmenak dira, eta bazkideen ekarpena «sinbolikoa» da. 380 bat ditu.

Lau urte egin dituzu karguan. Zure hitzetan, lehen biak gorabeheratsuak izan ziren, arazoak eduki zenituztelako erakundeekin, bulegoan… Azkeneko biak egonkorragoak izan direla diozu. Zein balantze egiten duzue? Zertan egin du hobera EIE Euskal Idazleen Elkarteak ?

Bazkide kopuruak, adibidez, gora egin du, nahiz eta oraindik ere badauzkagun konpondu gabeko zulo beltz pare bat. Izan ere, garai batean elkartetik desatxeki ziren kolektibo bi badaude. Bazkideenganako erakarpen indarra erakutsi du elkarteak, filosofikoki elkartegintza gain behera dagoen honetan. Idazle gazte batzuetako batzuk, esaterako, erakarri ditugu. Hori, batetik.

Bestetik, hasieran krisi ekonomikoak harrapatu gintuen eta murrizketa basatiei aurre egin behar izan genien. Adibidez, Hegats aldizkariko kolaborazioak ez ordaintzen hasi ginen. Politikoki ere beste egoera batean geunden. Euskal kultura ez zen aintzat hartzen. Horri guztiari buelta eman behar izan genion, eta lortu dugula uste dut. Azkeneko hiru urteotan aurrekontuak eta jarduerak mantendu ditugu, eta hori ez da gutxi. Gainera, erakundeekin-eta bildu gara, gure proiektua defendatu dugu, eta iruditzen zait datorren urtera begira hobetze aldera egingo duela elkarteak.

Beraz, lau urteren ondoren, EIEk bide egokia hartu duela pentsatzen duzu.

Baietz uste dut.

Iazko EIEren batzar orokorrean esan zenuen presidente egituratik aldendu behar zenutela, esku hartzea ardatz duen beste egitura batera hurbiltzeko asmoarekin. Nola gauzatzen da hori?

Zaila da. Egin ditugu saialdi batzuk, baina oso zaila egiten da jendea engaiatzea, eta inplikatzea, batzordeetan-eta. Tira, orain beste jende bat sartuko da zuzendaritzan —gehienek bi urte eginak dituzte zuzendaritzan—, eta jarraipena eman nahi diote orain arteko zuzendaritzak proposatutakoari.

Krisi ekonomikoaren eraginez jo duzue antolaketa eredu horretara?

Ez, ez, lan egiteko filosofia bat da. Beti egin izan da, baina niri tokatu zitzaidan lehendabiziko zuzendaritza ibili zen ia-ia beste proiektu batzuei lotu ezinean, kudeaketa zorrotz-zorrotzean, eta, beraz, ezin izan genuen, nahiz eta hasieratik eduki dugun batzordeetan funtzionatzeko ideia. Euskal literaturak sortzen dituen ekintzekin harreman aktiboagoa edukitzea izan da beti gure asmoa.

Euskal Idazleen Elkarteak badauzka egitasmo batzuk: Idazleak ikastetxeetan, Hegats aldizkaria, Nekatoenea, Hitzen uberan webgunea… Zer-nolako harrera dute?

Harrera bikaina; guztiek, gainera. Produktu estimatuak dira denak, eta hori ez dut nik bakarrik esaten. Kalitatea neurtzeko azterketak egin izan ditu beti elkarteak, eta hori adierazi izan zaigu. Idazleak ikastetxeetan programa, esaterako, oso aberatsa iruditzen zaie irakasleei-eta, eta ez dira saio gehiago egiten ez dagoelako finantzabiderik. Hitzen uberan oso garesti ateratzen zaigu; egunero elikatu behar da webgunea, eta bi pertsona dauzkagu lanean horretarako. Webgune horrek izan nahi du, ia-ia, euskal kulturaren leiho bat. Krisiak gogor jo zuenean pentsatu genuen ezingo geniola eutsi, baina aztertzen hasi ginen webguneak zein ekarpen egiten zion euskal literaturari, zein jarraipen zeukan, eta konturatu gara erreferentziala bilakatu dela euskal literaturan.

Galeusca ere bada antolatzen duzuen beste egitasmo bat. Federazio bat sortu zenuten orain urte batzukGaleuscako hiru elkarteek—Kataluniakoak, Galiziak eta Euskal Herrikoak—, eta bazenuten asmoa urtero antolatzen dituzuen jardunaldi horietaz gain zerbait gehiago egiteko. Zertan da asmo hori?

Galeuscarekin gertatu da elkartearekin gertatu dena. Asmo handinahiak zituen, ez zuelako mugatu nahi, soilik, urteroko bilera horretara. Hasi ginen horretan, baina hiru elkarteen egoera ekonomikoa pattaldu da, eta de facto itzuli gara hasiera-hasierako organigramara. Filosofia berresten dugu, baina garai hobeak ez datozen bitartean ahal duguna egiten dugu. Datorren aldia Herrialde Katalanetan egingo da.

Lankidetza eta aholkularitza lanari garrantzi handiagoa eman nahi diozue. Gizartera heltzeko beste modu bat delako, beharbada?

Babesten gaituzten erakundeetatik haratago eraman nahi genuke gure proposamena, baina badauzkagu behaztopa batzuk. Nafarroan eta Araban ez daukagu sarrerarik, eta Ipar Euskal Herrian apenas. Aldi berean, beste elkarteekin nola jokatu aztertzen ari gara, beharbada interesgarria izan daiteke-eta proiektuak partekatzea. Hori eskatzen dute erakundeek batzuetan, eta eztabaida hori irekita dago gurean; trinkotu egin beharko da.

EIE ikusgarri al dago gizartean? Jendeak ba al daki zer den, zein zeregin duen?

Euskal kulturak badakigu zein ikusgarritasun arazo dauzkan, eta, alde horretatik, uste dut, EIEk arazo berberak dauzkala.

Ez gehiago, ez gutxiago.

Bai. Ajea blokean datorrela uste dut. Orain, duela urte batzuk sortu zuten Euskadiko Idazleen Elkartearekin konparatuta, uste dut guk askoz ere ikusgarritasun handiagoa daukagula; bai, behintzat, euskal kulturaren barruan.

Oraingozez da, ordea, Bertsozale Elkartearen eta Antzerkizale Elkartearen gisan zaleei irekitako elkartea. Bazkide izateko, idazlea izan beharra dago. Pentsatu al duzue hori aldatzea?

Horri buruz ere eztabaidatu izan dugu. Beti hitz egiten da Bertsozale Elkartearen esperientzia arrakastatsuaz, baina iruditzen zait aldea dagoela idazlearen eta bertsolariaren artean. Izan ere, bertsolariaren jarduera publikoagoa da, eta idazlearena bakartiagoa. Deliberatu genuen jauzi hori ezin zela eman. Dena den, elkarteak ahalegin bat egingo du irakurleengana iristeko.

Nola?

Ziurrenik, irakurleen txokoak gehiago lagunduz, Hitzen uberan gehiago sozializatuz, eta hori tresna baliagarria bilakatuz.

Eta zein harreman dute idazleek elkartearekin? Zuk nabarmendu izan duzu idazleak eta irakurleak engaiatu ezean elkarteak ez duela zentzurik.

Badago gurea kontratazio erakunde bat bihurtzeko arriskua, eta kulturgintzan diharduen elkarte batek ezin du soslai hori izan. Bi gune horiek landu behar dira, nahiz eta zaila izan.

Igo da bazkideen kopurua azken urteotan, bai, baina engaiamendua areagotu al da?

Ez dakit, ez nuke jakingo esaten.Orain urte eta erdi azterketa sakon bat egin genuen. Pasatu genien galdetegi bat bazkideei, lan ildo estrategiko batzuk zehaztu nahi genituelako. Idazle askok erantzun zuten, eta askok ikusten zuten behar hori.

Zein behar?

Inplikazioaren beharra, lan sistema aldatzeko beharra, batzordeen filosofia aurrera eramateko beharra... Gai korapilatsuak alboratuta, uste dut elkarteak indarrak hor jarriko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.