Zinemazaleari gutxitan gertatuko zitzaion karteldegiari begiratu eta fikziozko bi euskal filmen kartelak elkarren ondoan zintzilikatuta ikustea. Bada, bi ez, hiru dira egunotan aretoetan aldi berean ikusgai dauden lanak. Hainbat jaialditan izan ostean, Sara Fantovak zuzendutako Jone, batzuetan irailaren 12an heldu zen zinemetara, eta hainbat herritan ikusgai da oraindik. Lan horri Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren Maspalomas batu zitzaion bi aste geroago, Donostiako Zinemaldiko lehia ofizialetik igaro ostean. Eta urriaren 10ean gehitu zen zerrendara Asier Altunaren Karmele, jaialdi berean lehiaz kanpo erakutsi zutena. Oraingo argazkia da, eta ezohikoa, baina zerk egin du posible?
Faktore bakar bat ez, hainbaten uztarketa ikusten dute horren atzean Marian Fernandez Pascal ekoizle eta Txintxua Films-eko kideak, Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko zuzendariordeak, Beñat Doxandabaratz EHUko irakasleak, eta Alfonso Benegas EZAE EAEko Zine Aretoen Elkarteko presidenteak. Eta esaldi bakarrean laburbildu du ideia Fernandezek: «Ekaitz perfektua gertatu da». Hiru hamarkada daramatza ekoizle lanetan, Ibaia Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidentea izana da, eta hamaika film ekoitzi ditu Txintxua Films etxean, tartean orain pantailetan direnetako bat, Karmele. Talaia horretatik begiratu dio argazkiari: «Batetik, hogei urte daramagu hemen euskal zinema egiten, eta ja garatu da industria bat; badira zuzendariak, teknikariak, aktoreak... Lortu dugu hemen lan egitea, eta hori, duela hogei urte, ezin genuen imajinatu ere egin. Gainera, gure belaunaldiaren atzetik datozenak oso ongi prestatuta datoz. Eta, bestetik, lortu dugu zutabe batzuk finkatzea sektorean finantzaketa lortzeko: Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak, ETBk eta ekoiztetxeek egindako hitzarmena... Hogei urtez hori guztia eraikitzen ibili gara. Eta pizgarri fiskalak ere tresna bat izaten ari dira azken urteotan». Sortzaileak eta sortzeko baliabideak, horra gakoetako bi, Fernandezen ustez.

Baina ez bakarrak. Publikoa izan bailiteke beste hanketako bat. «Ni 1985etik nabil honetan, eta ez dut gogoan aurrez halakorik gertatu izana», adierazi du Benegasek. Bera buru duen elkarteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei bat zinema areto biltzen ditu, eta haietan ere ikusgai dira edo izan dira hiru euskal film horiek. Hain zuzen, nazioarteko ekoizpen handien artean halakoei lekua egiteko urteotako ahalegina nabarmendu du Benegasek. «Gure aretoek gertuko zinema bultzatzearen alde aspalditik egindako lanaren fruitu ere bada hau. Euskal eta europar ekoizpeneko zinema babesteko eta programatzeko lan handia egin dugu urteotan; horrekin publiko bat sortu dugu, eta, halako film bat heltzen denean, publikoak babestu egiten du».
«Gure zinema aretoetatik lan handia egin dugu urteotan gertuko zinema programatzeko; horrekin publiko bat sortu dugu»
ALFONSO BENEGAS EZAE elkarteko presidentea
XXI. mendeko euskal zinema bere ikerketa ildo nagusien artean du Doxandabaratzek, eta berak ere ez du gogoan aurrez egungoa bezalako karteldegirik. «Nik uste dut publikoak euskaraz pelikula bat ikusteko duen jarrera positiboa dagoela horren atzean; baita, nahiz eta hizkuntza ez ulertu, azpidatziekin ere. Bada jendea nahiago duena filmak jatorrizko bertsioan ikusi bikoiztuta baino, eta kultura horrek gora egin du. Baina guztiaren atzean nik esango nuke zinemagileen harrobi bat dagoela, gogoa duena istorioak euskaraz kontatzeko». Zuzendari zerrenda oparoa aletu du ondotik adibide gisa, bai aspaldi lanean hasitakoena, bai haien ondotik zinemagintzari ekin diotenena. «Hor badago lekukoa hartuko duen jende berria, eta ez dut esan nahi besteek egiteari utziko diotenik, baina bai badagoela konbinazio bat, eta hori da baikorrak izateko seinalerik onena».
«Badaude lekukoa hartuko duten zinemagile berriak, eta hori da baikorrak izateko seinalerik onena»
BEÑAT DOXANDABARATZ EHUko irakaslea
Iragan berri den Zinemaldiak ere aretoenaren antzeko argazki bat utzi du; ezohikoa, alegia. Izan ere, Sail Ofizialari bakarrik erreparatuta, euskarazko hiru lan izan dira jaialdiaren 73. aldian, inoizko gehien —Maspalomas eta Karmele ez ezik, Koldo Almandozen Zeru ahoak telesailaren lau atalak emanaldi bakarrean eskaini zituzten, lehiaz kanpo—. Bakanak izan dira orain arte sail horretan estreinatutako euskal filmak. Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak (1989) izan zen lehena lehiatzen, eta 25 urte itxaron behar izan ziren beste euskal film bat Sail Ofizialean ikusteko: Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren Loreak lehian izan zen, 2014an. Asier Altunaren Amama heldu zen ondotik (2015), Garañoren eta Arregiren Handia (2017) bi urte geroago, eta 2018an Telmo Esnalen Dantza lehiaz kanpo eman zuten. Ordutik ez zen euskarazko lanik izan Sail Ofizialean.

«Sentsazioa da, eta ez da hitz joko bat, Loreak euskal zinemaren loraldi baten hasiera dela», Belokiren hitzetan. «Guk beti esaten dugu film bat Sail Ofizialean edo Zinemaldiko beste sail batean hautatzen badugu hori dela benetan pentsatzen dugulako nazioarteko beste film guztiekin lehiatu daitekeela. Eta Loreak-en ondoren ikusten dugu kosta gabe aurkitzen ditugula euskal filmak hautatzeko, eta beren kalitateagatik daude hor. Egia da aurtengoa kantitatez ezohikoa dela, baina crescendo bat izan da, urteetan gauzatuz joan dena».
«Aurtengoa kantitatez ezohikoa da, baina crescendo bat izan da, urteetan gauzatuz joan dena»
MAIALEN BELOKI Donostiako Zinemaldiko zuzendariordea
Belokiren ustez, «argi geratu da euskarazko filmek Zinemaldiko edozein sailetan parte hartzeko maila» daukatela, eta Euskal Herrian ez ezik kanpoan ere ikusleak badituela ere bai —horren adibidetzat aipatu du Moriarti kolektiboaren ibilbidea—. «Euskal filmek ikusleak dituzte, baina ez euskal ikusleak bakarrik, eta uste dut Zinemaldiak plaza on bat izan behar duela bai euskal zinema nazioartekotzeko, bai Europako beste hizkuntza ez-hegemonikoetan egindakoarentzat». Doxandabaratzen ustez, euskal ikusleen artean ohitura badago euskal filmak ikustera joateko, eta azpidatziekin Espainiako aretoetan euskara «normaltasunez» entzutean ikusten du berak jauzia. «Orain arte ez zegoen kultura hori, eta pelikula batzuei esker aurrerapauso bat eman da. Bilakaera hori ikusi zen Loreak-ekin hasita, eta gero, Handia-rekin, nolabait kontsolidatu egin zen».
Dena den, Benegasek azaldu du asteotan euskal filmak ez direla harrera bera izaten ari Euskal Herrian eta kanpoan. «Hemendik kanpo ez dute bertan izan duten tiradizorik. Hemen, aldiz, euskal ekoizpenek zinemak bete dituzte». Irudipen bera agertu du Fernandezek ere: «Uste dut jada inork ez duela pentsatzen euskal zinema euskal ikusleentzat soilik dela. Guk filmak ikusle unibertsalarentzat egin izan ditugu beti, nahiz eta oso gurea den zerbait kontatu. Baina euskal filmek bide komertzial hobea egiten dute hemen hemendik kanpo baino, eta argi daukagu gure ikusle gehienak hemen daudela». Ikusle kopurua, dena den, ezin dela soil-soilik aretoen arabera neurtu ñabartu dute bai Fernandezek eta bai Doxandabaratzek, plataformen aldagaia ere, besteak beste, hor dagoelako.
Hogei urte atzera
Loreak-en mugarria aipatu dute aurrez Belokik eta Doxandabaratzek, baina atzerago ere egin liteke. Luzaz Aupa Etxebeste! (2005) izan zen aretoetan ikusle gehien bildu zuen euskal filma, eta hogei urte atzera egin du Fernandezek sektorearen egungo egoera azaltzeko. «Aupa Etxebeste!-ren garaia izan zen hazia: hortik aurrera hasi zen sistema guztia pixkanaka hobetzen eta hobetzen. Finantzaketa lortzeko lan handia egin behar da, baina jarritako oinarriak funtzionatzen du, eta egonkortua dago. Eta asko aldatu dena da orain, proiektu baten lehen momentutik azkenera arte, prozesuaren kate oso-osoa hemen egin dezakezula, den-den-dena, dena daukazulako hemen».
«Asko aldatu dena da orain proiektu baten kate oso-osoa hemen egin dezakezula, dena daukazulako hemen»
MARIAN FERNANDEZ PASCAL Ekoizlea, Txintxua Films-eko kidea
Halaber, Zinemaldiaren moduko jaialdiek duten garrantzia nabarmendu du ekoizleak, filmei ematen dieten ikusgaitasunagatik: «Guk egiten dugun zinemarentzat oso-oso garrantzitsuak dira. Plataforma bat dira filma fokuan ipintzeko, eta ematen diguten oihartzuna behar dugu bai ikusleek jakiteko existitzen garela, bai erakusleei konfiantza emateko toki bat egin diezaguten aretoetan». EHUko irakaslearentzat ere faktore horrek badu bere pisua: «Zinemaldia erakusleiho oso ona da; filmek galbahe bat pasatu behar dute bertan izateko, eta ez dute edozein gauza onartzen; kalitate ona dutelako hautatu dituzte. Gainera, pelikula gehienek ez dute promozio handirik izaten, diru asko behar baita horretarako; promozio handiagoa balute, euskal filmek arrakasta handiagoa lortuko lukete». Belokiren ustez ere, «Zinemaldiak ziur aski zerbaitetan lagundu» ahal izan du horretan. «Badirudi kalitate zigilu moduko bat ematen diela filmei Zinemaldiak edo beste jaialdi batzuek hautatzeak, eta gero zinemetan estreinatzen direnean ikusleak ikustera joatera animatzen dituela horrek».

Horiek ez ezik, eragina eduki ahal izan duten beste faktore batzuk ere sumatzen ditu Belokik, hala jadanik urte batzuk martxan daramatzaten zinema eskolak, nola proiektuen lehen faseak bultzatzeko hainbat erakunde publikok sustatutako programak —Noka mentoretza egitasmoa edota Zinemaldiaren Ikusmira Berriak eta Koprodukzio Foroa, esaterako—. «Uste dut gero eta jende gehiagok ikusten duela aukera bat bezala zinemagile izatea, eta baita euskarazko filmak egin eta ikusleak izango dituztela ere».
Filmek lantzen dituzten gaiak oro har askotarikoak direla eta ikusleentzat erakargarriak izan daitezkeela ere aipatu du Doxandabaratzek beste arrazoi posibleen artean. Eta bat etorri da Fernandez ere. «Oso argi daukat gaur eta hemen euskaldunok egiten dugun zinema kalitate handikoa dela, eta askotarikoa, oso proposamen ezberdinak baitaude; euskal zinema kolore guztietakoa da». Aurrera begira, euskarazko lanak plataformetan «gehiago sartzea» eta instituzioek euskal zinemari babes handiagoa ematea funtsezkotzat dauka EHUko irakasleak, besteak beste. Eta sortzeko baliabideak izatean jarri du arreta ekoizleak: «Sortzaileen aldetik badago gogoa gauzak kontatzen jarraitzeko, badago talentua, eta badago belaunaldi berri bat gosez, ideia berriekin eta oso prestatuta. Gaur egun ditugun diru iturriak sendotzea eta horiei egonkor eustea, hori da niretzat gakoa».

Batez beste hiru, aurten bikoitza
Bere doktore tesian, 2005etik aurrerako euskal zinemagintza aztertu zuen Doxandabaratzek —zehazki, garaiko filmetan ageri den landa eta hiri identitateen arteko talkan jarri zuen begirada ikerketan—. EHUko irakasleak bildutako datuen arabera, azken hogei urteotan 61 euskal film estreinatu dira zinema aretoetan, dokumentalak barne hartuta; urtean hiru film batez beste, hortaz. Urterik emankorrenak ere identifikatu ditu: esaterako, 2011n eta 2020an bost estreinatu ziren urte bakoitzean, eta zazpi 2012an. Hala, haren ustez, ezin liteke esan ekoizpen aldetik urtero hazkunde bat dagoenik, «baizik eta, aldaketak gorabehera, ekoizpena egonkorra» izan dela. «Batezbesteko ona da, baina hobetu daiteke? Noski. Kopuruak ez dakar beti kalitatea, baina nik esango nuke horretarako euskal erakundeen babes handiagoa beharko litzatekeela, laguntza gehiago».
Batez besteko horretatik gora egongo da aurtengo uzta, denera fikziozko sei euskal film izango baitira urtea bukatu aurretik aretoetara helduko direnak. Orain ikusgai dauden hiruren aurretik, Asier Urbietaren Faisaien irla izan zen aretoetan udaberrian. Zinemagilearen lehen film luzeak Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia inauguratu zuen, eta apirilaren 25ean heldu zen zinemetara Bidasoko muga zeharkatzen duten migratzaileen auzia ardatzean duen lana.
Zerrenda osatzen duten beste bi filmak hil honetan bertan iritsiko dira zinema geletara. Paul Urkijoren hirugarren film luzea izango da lehena, Gaua, azaroaren 14an. Sitgesko jaialditik (Herrialde Katalanak) igaro eta gero, Donostiako Beldurrezko Astea inauguratu zuen filmak herenegun. Errementari eta Irati filmen egileak sorginen ehiza betean girotu du kontakizun berria.
Hilaren 28an, berriz, Irati Gorostidiren opera prima helduko da: Aro berria. Zinemagileak aurtengo Donostiako Zinemaldian erakutsi zuen lana, Zuzendari Berriak atalean, eta sail horretako epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen. 1980ko urteetan Lizason (Nafarroa) kokatu zen Arco Iris komunitatea nolakoa zen erakutsi du lanean.