Zinema estreinaldiak

Ekaitzaren ostean argitu beharrekoak

Sonia Mendezek zuzendu duen fikziozko lehen film luzeak, 'As Neves'-ek, festa baten biharamunean inkomunikatuta esnatzen den herri bateko gazteen bizipenak kontatzen ditu.

'As Neves' filmeko irudi bat.
'As Neves' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

As Neves Galizian kokatutako herri bat da. Mendiz inguratuta dago, eta bizilagun guztiek ezagutzen dute elkar. Inauterietan, herriko gazteek festa bat antolatuko dute; drogak eta alkohol asko egongo da. Gauean bideo bat ibiliko da sakelakotik sakelakora. Paula da bideoaren protagonistetako bat, eta bere baimenik gabe zabaldu dira irudi intimo horiek.

Gauean botatako elurrak eta ekaitzak inkomunikatuta utziko du As Neves, bai fisikoki, Internetik gabe, baita birtualki ere. Paula, ordea, ez da etxera iritsi, eta Poliziak ikerketa bat abiaraziko du, festan egon ziren gazteei galdeketak eginez. Sakelakoak erabili ezinik, nerabeek errealitateari aurre egin beharko diote, baina inor ez da ondo oroitzen zer gertatu zen festan.

Sonia Mendezek aktore gisa lan egin izan du. Antes de perder telesaila zuzendu ondoren, A poeta analfabeta dokumental luzea egin zuen 2020an, Luz Fandiño poeta eta aktibista feministaren bizitzari buruz. As Neves Mendezen fikziozko lehen film luzea da, berak idatzi, zuzendu eta produzitu du filma, eta aurtengo Malagako jaialdian aurkeztu du.

Mendezek 11 urte daramatza gazteei zuzendutako eduki digitalen jaialdi batean zuzendari, Carballon, eta horrek nerabeekin harremanetan jarri du. Gazteek mundu digitalarekin duten lotura nola aldatu den ikusteko aukera izan du hamar urtez, eta jakin-mina eragiten zion pentsatzeak zer izango litzatekeen nerabe izatea eskuan telefono bat izanda, une oro konektatuta; eta zer gertatuko litzaiekeen gazte horiei bat-batean konexio hori galduko balute. Ideia horietatik jaio zen As Neves.

Zinemagile galiziarrak nerabe izatearen kontraesanak pantailaratu ditu bere azken lanean: alde batetik, sare sozialekin jasaten duten gehiegizko esposizioa eta konektibitatea, eta, bestetik, bizi duten inkomunikazioa, beste belaunaldietatik urruntzea, eta sentitzen duten hori prozesatzeko dituzten zailtasunak. Zerbait gaizki egin duten pertsonaien errua ere aztertu nahi du filmak, zalantza eta beldurren artean zabaltzen den errua; komunikaziorik ezak handiagotzen duen sentimendua. Aktore ez-profesionalekin lan egin du Mendezek, eta zintzotasunez erretratatu ditu kezka eta auzi horiek; epairik eta asmo sentsazionalistarik gabe, jakin-minez behatuz, enpatiaz.

'As NEVES'

Zuzendaria: Sonia Mendez. Gidoilaria: Sonia Mendez. Aktoreak: Andrea Varela, David Fernandez, Antia Mariño. Argazkia: Lucia C. Pan. Musika: Andy Bell. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 83 min. Herrialdea: Galizia. Estreinaldia: Maiatzaren 10ean, Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

63 the dead don t hurt
The Dead don't Hurt filmeko irudi bat.

'The Dead Don't Hurt'
Vivienne Le Coudy emakume independentea Holger Olsen izeneko etorkin daniar batekin harremanetan hasiko da. Olsen San Frantziskon ezagutu ondoren, Viviennek haren etxera bidaiatuko du harekin, Elk Flats herri lasaitik gertu. Gerra zibilak banandu egingo ditu, ordea, eta Vivienne bakarrik geldituko da gizon boteretsu eta biolentoek kontrolatutako leku batean.

'THE DEAD DON'T HURT'

Zuzendaria: Viggo Mortensen. Gidoilaria: Viggo Mortensen. Aktoreak: Vicky Krieps, Viggo Mortensen, Garret Dillahunt. Argazkia: Marcel Zyskind. Generoa: Westerna. Urtea: 2023. Iraupena: 129 min. Herrialdea: AEB.

'Shen Hai (Deep Sea)'
Shenxiuk, txikiagoa zenean amak abandonatu zuen neskato batek, itsas bidaia bati ekingo dio oporretan. Gau batean, itsasotik etorritako dei bati jarraituz, urpeko ontzi zahar batean dagoen jatetxe dotore batera iritsiko da. Haurrak, ordea, ez daki leku horrek amarekin zerikusia duela.

'SHEN HAI (DEEP SEA)'

Zuzendaria: Tian Xiao Peng. Gidoilaria: Tian Xiao Peng. Aktoreak: Animazioa. Musika: Dou Peng. Generoa: Abenturak. Urtea: 2023. Iraupena: 112 min. Herrialdea: Txina.

'Nina'
Ninak hazi zeneko kostaldeko herrira itzultzea erabaki du, eskopeta bat poltsan duela eta helburu bakar batekin: Pedro idazle ospetsuaz mendekatzea. Bere jaioterriarekin, iraganeko oroitzapenekin eta Blas haurtzaroko lagunarekin elkartzeak berriz plantearaziko dio mendekua ote den bere aukera bakarra.

'NINA'

Zuzendaria: Andrea Jaurrieta. Gidoilaria: Andrea Jaurrieta. Aktoreak: Patricia Lopez Arnaiz, Dario Grandinetti, Aina Picarolo. Argazkia: Juli Carne Martorell. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 105 min. Herrialdea: Espainia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.