Ekologistak Martxan erakundeak V. Ekozinemaldia prestatu du eta, gaurtik otsailaren 25era bitartean, Euskal Herriko zenbait hiri eta herritan egingo da. Herrialde askotako filmak emango dituzte: Kuba, Mexiko, Mapu, Argentina, Txile, India, Brasil, Bolivia, Espainia, AEB, Erresuma Batua, Euskal Herria eta beste hainbat.Ekozinemaldia leku gehiagora iritsiko da aurten, eta Euskal Herriko 13 hiri eta herritan egingo da.
Zabalkuntza horrekin Ekozinemaldia Tolosa, Muskiz, Leioa eta Lizarrara iritsiko da. Aurreko urteetan izan zen lekuetan ere izango da aurten: Usurbilen, Irunen, Lasarten, Errenterian, Basaurin, Barakaldon, Bilbon, Iruñean eta Donostian. Beti bezala, kultur etxeetan, auzo elkarteetan eta gaztetxeetan antolatu da Ekozinemaldia, baita euskaltegi eta helduentzako hezkuntza zentroetan ere. Jaialdi guztia dohainik izango da aurten ere.
Filmen artean aurten Awka Liwen Argentinako lana da aipagarri, Osvaldo Bayer gidoilari ospetsuarena; Mariano Aiello eta Kristina Hille zuzendariekin izango da emanaldietan Osvaldo Bayer. Film hori Argentinan izan diren lapurreta eta hondamenetan datza; konkistarekin eta ondorengo independentziarekin sortutako jatorrizko herrien genozidioarekin hasi eta egungo harrobi eta nekazaritza erraldoietara arte.
El final de la línea lana ere nabarmendu dute antolatzaileek, eta Age of Stupid lana, klima aldaketan erreferentzia dena.
Bi film euskaratu dituzte
Aurten ere Ekozinemaldiak ahalegin bat egin du euskarazko materiala eskaintzeko. "Ia ezinezkoa da, hizkuntza honetan ez baita ekoizten", salatu dute antolatzaileek. Hala ere, erakundearen harremanak aprobetxatuz, baimena lortu dute bi pelikula euskaratzeko. Horrela, Gauzen historia ikusi ahal izango da, horrenbeste arrakasta lortu duen Annie Leonarden azken ekoizpena. Laugarren filma da hori, Leonard hondakinak eta kontsumo gizartea aztertzen hasi zenetik.
Klima aldaketari buruzko Adi eta mugi! film laburra ere ikusgai izango da Ekologistak Martxan erakundearen eskutik. Euskaraz ikusi ahal izango da baita OMALek (Observatorio de Multinacionales en América Latina) egindako Bigarren lehorreratzea. Espainiako multinazionalak Latinoamerikan ekoizpena. Gure Boliviarekiko zor ekologikoa ere izango da ikusgai euskaraz.
ZINEMA
Ekologistak Martxan erakundearen V. Ekozinemaldia hasiko da gaur
Bi film euskaratu dituzte, euskarazko lanak ikusi ahal izan daitezen: 'Gauzen historia' eta 'Adi eta mugi'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu