'Elai-Alai'-k egin zenetik 74 urtera izango du, gaur, estreinaldia

Nemesio Manuel Sobrevilaren film dokumentala berreskuratu du Euskadiko Filmategiak

Nemesio Manuel Sobrevilaren Elai-Alai filmeko irudia. Z / BESTEAK.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Pablo Picasso eta haren Gernika ez ziren bakarrak izan. Gernikan zein Euskal Herriko beste hainbat herritan duela 75 urte izandako bonbardaketen ondoren, artista asko saiatu ziren artearen bidez bonbardaketen salaketa egiten eta zabaltzen. Nemesio Manuel Sobrevila eta haren Guernika eta Elai-Alai film dokumentalak horren adibide argiak dira. Euskadiko Filmategiak Elai-Alai filma berreskuratu du, eta gaur emango dute estreinakoz jendaurrean, 2012 Euskadi fundazioak aurkeztuta, Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldiko Zinema eta Gerra Zibila Euskadin programaren barruan.

Beste hiru film dokumental laburrekin batera emango dute Elai-Alai gaurko estreinaldian, 16:30ean, Viktoria Eugenia antzokian, guztira 50 minutu inguru iraungo duen saioan. 36ko gerra garaiko Eusko Jaurlaritzaren Propaganda Sekzioaren Gabinete Zinematografikoak ekoitzitako filmak dira ikusiko diren laurak: Sobrevilaren Elai-Alai eta Guernika (22na minutu inguru irauten du bakoitzak), Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (lau minutukoa) eta Semana Santa en Bilbao (bi minutu eta 16 segundo). Gerra garaikoak dira denak; Elai-Alai 1938koa da, besteak 1937koak.

Beste hiru filmak ezagunak ziren lehendik ere, baina Elai-Alai ezin izan da orain arte jendaurrean osorik ikusi, Frantziako Filmategian gordetzen zen negatiboa soinurik gabekoa zelako. «Santiago de Pablo EHUko katedradunak eman zuen negatibo horren berri Tierra sin paz liburuan», Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariak azaldu duenez. «Guk Frantziako Filmategiko negatiboen kopiak egin genituen, eta gero Euskadiko Filmategiko sail teknikoak filmaren zenbait zati sonorizatu egin zituen, gure artxiboan gordetzen ziren filmaren sekuentzia soinudunak baliatuz».

Nemesio Manuel Sobrevilak, Eduardo Diaz de Mendibilek, Agustin Ugartetxeak eta Jose Maria Beltranek osatu zuten gerra garaiko Eusko Jaurlaritzaren Gabinete Zinematografikoa. Laurek erbesteratu beharra izan zuten, eta erbestean filmatu zuen, Parisen, Sobrevilak Elai-Alai, Gernikako Elai-Alai haur dantza taldeko eta Eresoinka abesbatzako kideen irudiak hartuz, haiek ere erbesteratuak zirela.

Bonbardaketa osteko irudiak

Gernikako bonbardaketaren osteko orduetan hartutako irudi batzuk ere ikusten dira filmean —segundo gutxi batzuk baino ez—, Agustin Ugartetxeak Francoren aldekoak Gernikan sartu aurretik hartuak, bonbardaketaren benetako errudunak nortzuk ziren erakusteko asmotan. Irudi haiek jaso eta filmean sartzea erabaki zuen Sobrevilak, baina Alemaniara bidali behar izan zituen errebelatzera, Agfa etxera, eta handik, ustezko huts-egite baten erruz, ez zizkioten irudi guztiak itzuli.

Lau dokumentalekin osatutako saioa Eibarren eta Gernikan ere ikusi ahal izango da, maiatzaren 3an eta 11n, hurrenez hurren. Udazkenean saioa berriro ikusteko aukera izango da, saio horixe izango baita 2012 Euskadi Fundazioak eta Euskadiko Filmategiak antolatutakoZinema eta Gerra Zibila Euskadin zinema zikloa osatuko duten hamar programetako bat. Zikloa Donostia, Bilbo eta Gasteizen eskainiko dute.

Zikloaren egitaraua ez dago guztiz osatua, baina, besteak beste, Alain Resnais, Fernando Arrabal, Jaime Camino, Julio Medem eta Helena Tabernaren filmak eskainiko ditu, Fernandezek iragarri duenez, irailean, urrian eta azaroan. «Propaganda frankistak egindako filmak ere ikusi ahal izango dira, interes historiko handikoak, eta baita nazioarteko albistegiak ere».Ziklo horri buruzko liburu baten argitalpena ere iragarri dute antolatzaileek, Donostia Kulturaren laguntzaz, Nosferatu bildumaren barruan, Santiago de Pablok eta Joxean Fernandezek koordinatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.