Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Gaur bezala 2012an ere, askok esango zuketen Baionan euskaldunak bi katu baino ez zirela. Bestelakoa zen, ordea, orduko katu haien pertzepzioa; batzuena behintzat. Haien ustez, izan baziren, eta ez gutxi, baina ez zeuden agerian; hirian barrena bakartuta zebiltzan, jaberik ez duten maskoten antzean. Bestalde, nabarmendu zitezkeen euskarazko saio apurrek erdararen hegemonian galtzen zuten indarra; hau da, elebitasun ezarrian eta «inor ez baztertzeko» beldurrez jarritako itzulpen automatikoan.
Katua, baina, ez da beti bakarka ibiltzekoa. Elkarguneak behar ditu tartean-tartean, bai eta aukerak ere, natural agertzeko, bere gisakoekin elekatzeko eta hala jakintza nola autoestimua elikatzeko. Premisa horretatik abiatuta hasi ziren biltzen adin tarte zabaleko hamar lagun inguru Baionan; besteak beste, Iñaki Etxeleku, Jenofa Berhokoirigoin, Mikel Petuia, Nora Arbelbide, Amaiur Lujanbio eta Iban Thikoipe. Han zen halaber Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetari eta Euskal Irratietako orduko esataria ere: «Euskara talde baten ideiatik, kultur ekitaldiak antolatzeko beharra ikusten genuen, Baionan ez baitzegoen inolako egiturarik hitzaldiak, gogoetak edota bertso saioak proposatzeko».
Ez zen munta horretako lehen ekinaldia, ezta huts-hutsetik abiatutakoa ere. Etxelekuk garai bertsuan beste herri batzuetan sortutako taldeak ekarri zituen hizpidera Iparraldeko Hitza-n, Elekatu-Elikaturen aurkezpenekoan; besteak beste, Hendaiako Mugati. Haien meritua izan zen, kasurako, 2012an Henri Bengoa Inventarium ikuskari poetikoa Hendaian taularatu izana, 25 urteren ondoren. Bernardo Atxagak, Joxemari Iturraldek, Ruper Ordorikak eta De la Casa anaiek ondu zuten ikuskizun hori, 1987an, eta Hego Euskal Herriko herri askotan egin zituzten saioak. Mugatikoen ahaleginari esker, Bidasoaz bestaldean ere ikusi ahal izan zen egun hartan.
Thikoipek ere bazuen zeri begiratua eta non inspiratua, sorterrian ezagututakoa gogoan zuela heldu baitzen Elekatu-Elikatura: «Amikuzen [Nafarroa Beherea] Zabalik elkarteak eraman lana ezagutzen nuen, eta pentsatzen nuen horrelako proiektuak garrantzitsuak zirela. Momentu berean gogo hori genuen hainbat lagun elkartu ginen, eta aitzina». Thikoipe Baionako Bernat Etxepare lizeoko matematika irakaslea da egun.
«Amikuzen [Nafarroa Beherea] Zabalik elkarteak eraman lana ezagutzen nuen, eta pentsatzen nuen horrelako proiektuak garrantzitsuak zirela. Momentu berean gogo hori genuen hainbat lagun elkartu ginen, eta aitzina»
IBAN THIKOIPE Elekatu-Elikatuko kidea
Zer bai, eta zer ez
Bolada batean, astelehenero elkartu ziren hamar kide inguru, harik eta zenbait ildo finkatu, elkartea sortzeko agiriak prestatu eta asmo bat biribildu zuten arte: hilean behin —azken ostegunean beti—, euskara hutsezko ekitaldi bat antolatuko zuten, ez baitezpada toki berean. Haien jarduna eta batez ere euskara bera toki jakin batera ainguratu gabe Baionan barrena zabaldu zedin, hiriak eskaintzen dituen tokiak baliatuko zituzten horretarako: Euskal Museoa, Eusko Ikaskuntza, Iker zentroa, ostatuak, karrikak, peñak, elkarteak...
Elekatu-Elikatuko kideek garbi zuten batez ere «euskaraz gozatzeko parada ematea» zela elkartearen eginkizuna, garai hartan Etxelekuk adierazi zuenez. Zehaztapenetara jotzen hasita, ordea, taldekideei errazagoa egin zitzaien aletzea zer ez zuten egingo, zer egingo zuten baino.
Ez zuten taldearen bozeramailerik izendatuko, eta talde irekian hartuko zituzten erabakiak.
Ez zuten mus txapelketarik antolatuko. Alde batetik, halakorik bazelako, euskara hutsean ez izanagatik ere, baina, batez ere, katu haiek besteak ez bezalako ekitaldiak antolatzea zutelako xede; eta, ahal zela, edukiz jantziak. Halaxe azaldu du Erremundegik elkarrekin egin zuten gogoeta: «Euskaraz bingoak antolatzen baditugu, gogoeta intelektuala frantsesari utzita, nolabait esanda, espazioa galtzen ari gara. Antola ditzagun astronomia, poesia eta kultura ekitaldiak eta nik dakita zer, eta erakuts diezaiogun euskara ez dakien orori zerbait ari dela galtzen euskara ez jakiteagatik. Hori zen gure abiapuntua».
Halaber, ez zuten itzulpen zerbitzurik eskainiko. «Inportantea zen hori. Euskararentzako gune bat sortu nahi genuen zinez», azaldu du Erremundegik. «Euskaraz eta euskaratik bizi nahi genuen. Leku batzuk ukan nahi genituen euskaraz gogoetatzeko, gure nahietatik, besteek nola hartuko zuten pentsatuz burua hautsi gabe», erantsi du Arbelbidek.
Ez ziren aldarrikapenetarako sortu. Euskara sustatzeko talde bat izanagatik ere, haien lana ez zen salaketa izango. Adibide bat jarri du Arbelbidek: «Nekez hasiko ginen salaketa kanpaina bat antolatzen, frantses hutsez idatzitako afixak salatzearren. Hori ez zen Elekatu-Elikaturen lana».
Eta ez ziren «diruaren esklabo» izango. Erremundegi: «Gure politika zen zinez autonomo aritzea. Ez dut uste inoiz diru laguntzarik eskatu genienik istituzioei ezertarako. Asko jota, EKEtik jasoko genuen zerbait, baina EEPra ez genuen inoiz jo, adibidez». Antolatutako gaualdiak doan eta eskuragarri izan zitezen, urririk etorrarazten zituzten gonbidatuak. Ezer ematekotan, bidaia gastuak ordaintzeko lain ematen zieten, eta horretarako txapela pasatzen zuten ekitaldiaren amaieran.
«Gure politika zen zinez autonomo aritzea. Ez dut uste inoiz diru laguntzarik eskatu genienik istituzioei ezertarako»
EKHI ERREMUNDEGI Elekatu-Elikatuko kidea
Identitateari eta hizkuntzari lotutako hausnarketari, berriz, arreta osoa ipini zioten. Erremundegi: «Garai hartan, izan ziren zenbait testu euskarari maila emateko beharra aipatzen zutenak, besteak beste Jon Sarasuarena. Horiek guztiak gure artean zabaltzen genituen». Hitzaldiak ere antolatu zituzten kezka horri tiraka, esate baterako, Koldo Izagirre idazlearekin, Autopsiarako frogak saiakera plazaratu berria oinarri hartuta.
Finean, senak gidatu zituen. Bai eta bakoitzaren interes, gogo eta grinek ere. «Biziki argi genuen taldeak nahi zuena egingo genuela. Eta berezia izango zela, edo egiten ez dena. Posible bihurtu nahi genuen ausardia faltaz egin ez zena», azaldu du Arbelbidek.
Lehen saioa, Lorea Agirrerekin
Lorea Agirre Jakineko zuzendaria gaualdiko gonbidatua zela egin zuen Elekatu-Elikatuk bere estreinako saioa, 2012ko irailaren 27an. Orduan, Huhezin irakasle zebilen Agirre, eta, besteak beste, unibertsitatean taldean landutako Euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarria ikerketa ekarri zuen hizpidera Baionako saioan.
Mota askotako solasaldi, mahai inguru eta ekitaldiak heldu ziren atzetik, tartean Maialen Lujanbiok, Xabi Erkiziak eta Stephane Garinek elkarrekin ondutako Txori mugariak ikusgarria. Elekatu-Elikatuk antolatutako saio guztien artean hura izan du Thikoipek gogoan; baita Beñat Iturriozek eta Xabier Padinek zuzendutako Joxean’s hil eben film laburraren proiekzioa ere. 2014ko martxoan izan zen hori.

Erremundegik, aldiz, bertso saioak goretsi ditu: «Lehena poteo bat izan zen, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paiarekin. Laurehun lagun inguru bildu ziren karriketan, eta hori sekulakoa da Baionarako. Bukatzeko, afaria egin genuen Kubako Etxean». Ezin ahaztu du halako saioek zer eragiten zuten: «Ostatu huts bat ostiral gauean. Sartzen dira ehun lagun kultur ekitaldi batekin, euskararekin, eta bat-batean bertsoak hartzen du gaina ostatuan. Han dauden bospasei frantsesak guri begira, eta ikusten dute aniztasun osoko talde bat, gazte eta zahar, haiek ez dakiten hizkuntza batean ondo pasatzen; eta haiek momentu hori huts egiten ari dira, euskara ez dakitelako». 2013ko abenduan izan zen bigarren bertso saioa, eta hartara Jon Maia eta Sustrai Colina gonbidatu zituzten. Arrakastatsua izan zen hura ere. Arbelbide: «Saio hartako afaria biziki irrigarria izan zen. Hiru oren eman zituzten seguidilla ezin amaituzko batean, eta barrez lehertu ginen».
«Denak ginen bete-betean, mila gauzatan. Bestalde, zikloak izaten dira, eta Elekatu-Elikatuk berea egin zuen»
NORA ARBELBIDE Elekatu-Elikatuko kidea
Baina amaiera heldu zen. Orduko «lau katu» euskaldunen dibertimendurako sortutako ekinaldi hark bi urte egin zituen martxan. 2014ko ekainean antolatu zuten azken saioa, Euskal Museoan. Gaualdi hartan Ismael Manterola EHUko irakasle, arte kritikari eta BERRIAko kolaboratzailea izan zen gonbidatua; Gerla-propaganda Lehen Mundu Gerlan: Raemaekersen marrazkiak hitzaldia eman zuen.
Hein batean kideen nekeari egotz dakioke taldearen jarduna bertan behera utzi izana; beste hein batean, berriz, «kideen bizitza aldaketari». Hori uste du Thikoipek behintzat. Arranguraz mintzo da: «Pena da ez segitu izana edo jende berria erakartzea lortu ez izana, beharrezkoa eta biziki interesgarria izan baitzen egindakoa». Honoko azalpena eman du Erremundegik: «Mila gauzatan ari ginen denok, ni neu lanean, Gazte Asanbladan, EHZn.... Eta aldi guztiz behar zen lekua bilatu, komunikazioa egin, antolatu... Lan handia eskatzen zuen Elekatu-Elikaturen saio bakoitzak. Azkenerako arrastaka ari ginen, aurreikuspen handirik gabe, eta hasierako indar hori galduz joan zen». Arbelbidek ere lantaldean bildutako kideen ezin iritsia aipatu du: «Denak ginen bete-betean, mila gauzatan. Bestalde, zikloak izaten dira, eta Elekatu-Elikatuk berea egin zuen».
Atzera begira jarrita, Elekatu-Elikaturekin urratutako bideak utzitako zapore gozoa nabarmendu dute denek, bai eta gonbidatuen meritua goraipatu eta txalotu ere. Erremundegik beren-beregi azaldu nahi izan die esker ona denei: «Gure deialdiari erantzun zioten idazle eta artista guztiak eskertu nahi nituzke, urririk etorri baitziren, eta horietarik asko urrundik. Baionara euskara ekartzeko gogoa eta jarrera militantea erakutsi zuten».
Bada min puntu bat ere mugimendu hark utzitako hutsunea dela eta. Erremundegi: «Gauzak badira Baionan, baina, halaz ere, zerbaiten beharra ikusten dut euskararen eta euskal kulturaren aldetik».

Lucien Etxezaharreta, Itxaro Borda eta Ander Iturrioz, Jon Miranderi buruzko gaualdian, Baionan. ELEKATU-ELIKATU
Miranderi buruzko gaualdia
Azken boladan argitaratu diren dokumental eta liburuei erreparatuz gero, Jon Mirande idazleak jario oparoa eragin duela esan liteke, baina 2013ko urtarrilean bestelakoa zen egoera. Hilak 14 zituela, Elikatu-Elikatu taldeak Ander Iturrioz soziologo eta Euskal Idazleen Elkarteko orduko lehendakaria, Itxaro Borda idazlea, eta Lucien Etxezaharreta idazle eta Maiatz argitaletxeko koordinatzailea batu zituen mahai baten inguruan, hala Miranderen pentsamenduaz eta literatur lanez nola Igela aldizkariaren ekarriaz hitz egiteko. Mahaiaren bueltako analisien osagarri, Miranderen poema musikatuak eman zituzten Pantxix Bidartek eta Mirentxu Lazkanok.
Nora Arbelbide Miarritzeko liburuzainak, garai hartan BERRIAko Kultura saileko erredaktore ibilitakoak, ezin ahaztu du gaualdi hura: «Surrealista izan zen
». Batetik, Piarres Xarriton zenaren haserrea piztu zutelako hizlariek. Haren ustez, gaizki ari ziren Jon Miranderen eta Piarres Lafitteren arteko ezin ulertua aipaturik, eta suminduta agertu zen. «Aulkitik zutitu, eta ‘Hori gezurra da! Lagunak ziren!’ egiten zien garrasi mahaikideei, behin eta berriz», azaldu du Arbelbidek. «Momentu biziki azkarra izan zen. Bordak erantzun zion Xarritoni ezetz, ez zirela lagunak, biak haserretu aitzineko garaiaz ari zela. Oihuka atera zen Xarriton, ‘baditut frogak’ eta abar esaka». Etxean gordeta zeuzkan gutun batzuez ari zen Xarriton, eta horiek guztiak Miranderen faxismo hori kronikan bildu zituen Arbelbidek.
Bestelako gertaera garrantzitsurik ere izan zen gaualdi hartan. «Gure osaba ere han zen [Xipri Arbelbide]. Bihotzeko bat ukan zuen. Piarres Xarritonen emaztea [Aña Durruti erizaina] konturatu zen, eta Emilio Lopez Adanek salbatu zion bizia osabari, bihotzeko masajea ematen aritu baitzen hogei minutuz, anbulantzia iritsi artean. Gaualdira etorri ezean, etxean gertatuko zitzaiokeen, eta inor ez zatekeen konturatuko».
Arbelbideren aburuz, zedarri bat ipini zuen Elekatu-Elikatuk, besteak beste gaualdi hari esker: «Belaunaldi bat baino gehiagotakoak bildu ginen. Batzuek bazuten iragan bat, eta bakoitzak bere ikuspuntua. Eta guk nahi genuen ulertu nor zen Mirande. Ene oroitzapenetan, Elekatu-Elikaturik gabe, nork antolatuko zuen hori? Nor interesatuko zen Mirandez 2013an?».