'ELENA ASINS. EGITURA, ESPAZIOA, DENBORA'
Azken aldi honetan, Kubo espazioko programazioak bira intentzional nabarmena egin du, eta emakumezko artisten erakusleiho bikaina bilakatu da —artista gehienek, gainera, modu batean edo bestean erlazioa dute edo izan dute euskal testuinguruarekin—, historiografia tradizionalak eta arte instituzioek haiekin historikoki sortutako zorra pixkanaka kitatu nahian. Aurreko batean ere aipatu nuen programazio aldaketa hori, baina, oraindik ere bere horretan irauten duela ikusita, berriz ere txalotu eta azpimarratu nahi dut besteren gainetik egiten ari diren esfortzua, hemendik ere hauspotu eta indartu, oraindik ere luze iraungo duen esperantzarekin; nekeza baita behin eta berriz ikustea nola instituzio gehientsuenek bide honetarantz pauso bat egin ostean beste hiru ematen dituzten atzera.
Espazioan egin zuten aurreko erakusketa Maider Lopezen banakoa izan zen eta orain, berriz, Elena Asinsena dago ikusgai: Egitura, espazioa, denbora izenburupean. Juan Pablo Huercanosek, Jorge Oteiza fundazio museoko zuzendariordeak, komisariatutako proiektua da.
Kubo espazioan egin izan diren erakusketa gehientsuenei erakusketako protagonista den artistaren testuinguraketa batekin ekin izan zaie. Haren praktika kokatzeko baliagarri da hori, eta haren lanak interpretatzeko gakoak eskaintzen ditu. Sartu eta eskuinetara geratzen den areto txikiaren funtzioa izan ohi da hori. Ez da aretorik erakargarriena izaten estetikoki normalean; agian, erakusketako zatirik astunena ere izan daiteke askotan, baina kontuan izanik bertan —azkenaldian behintzat, eta horri eutsiko diot— aurkezten diren emakumezko artistak publiko zabalaren gehiengoarentzat ezezagunak direla, ezinbestekotzat jotzen dudan espazio bat da, artisten hurbilketa sakonagoak bermatzeko.
Baina salbuespenak izan dira horrekin: Maider Lopezenean ez zen espazioa hala erabili, eta oraingoan ere ez, Elena Asinsenean. Lopezen erakusketan, gabezia hori egoki ordezkatua izan zen artistak aurrera eramandako proiektuen ondoan jarritako txarteltxoetako informazioarekin eta espazio horretan bertan ikusgai eta entzungai zegoen ikus-entzunezko batekin. Ez da berdin gertatzen azken erakusketa honetan, ordea. Erakusketa osoan ez da gakorik aurkezten Asinsen lanak interpretatzeko eta kokatzeko, hasierako testuaz gain; eta eskas xamar gelditzen da. Egia da amaieran badagoela, beti egon ohi den bezala, artistaren gaineko ikus-entzunezko bat, haren ekoizpenari buruzko zenbait gako eskaintzen dituena; baina ordubeteko iraupena duen dokumental bat da, eta beraz, gutxi izango dira hura oso-osorik ikusiko duten bisitariak.
Egia da estetikoki artistaren ekoizpena ez dela arrotza egiten euskal testuinguruan; izan ere, bere garaian Oteizak bultzatutako eskultura geometrikotik oso hurbil kokatzen dela esan daiteke, baina estetikaz bestalde, lan egiteko motibazio eta interesak bestelakoak izan zituen Asinsek, eta erakusketak horretan enfasia egitearen falta nabari da. Adibidez, Menhirres eta Menhir 2 izenburuak dituzten lanekin, bisitariari Oteizaren ekoizpenetara joango zaio gogoa nahitaez, are gehiago proposamenen forma erabat geometrizatuak ikusita; baina batak eta besteak historiaurreko monumentuekiko zuten interesa erabat ezberdina izan zen: Oteizak hutsaren ideia eta euskal identitatea arakatzeko erabili zituen; Asinsi, berriz, haien ukimenezko izaera interesatzen zitzaion, gorputzekiko esperimentazioan sortzen zuten harremana eta haren nolakotasuna.
Musika da haren lanaren beste erroetako bat. Lanetako batzuen izenburuetatik hasita ikus daiteke hori, baina partituren lerroak gogorarazten dituzten zenbait ekoizpenetaraino hedatzen da horren eragina; are, batzuetan, artistak notak balira bezala ere sortu ditu piezen egitura matematiko-geometrikoak. Baina musikaz zerbait jakin ezean —edo amaierako dokumentala ia osorik ikusi ezean—, zaila da asoziazio horiek egitea.
Dena den, erakusketa ez da aukera txarra Asinsen hainbat lan batera ikusteko —nahiz eta gehienak Reina Sofiako bildumakoak diren eta, hala, itxura ematen duen Madrilgo museo horren funtsetan oinarritutako erakusketa bat dela—, baina, haren lanean gehiago sakontzeko aukera eskain zezakeen proposamena izan beharrean, izaera estetiko hutseko erakusketa batetik gertuago geratu da emaitza.