Liburutegiak

eLiburutegiko maileguak laukoiztu egin dira konfinamendua ezarri zenetik

Liburutegi digitalak 6.400 erabiltzaile gehiago lortu ditu azken hiru asteetan

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko ordezkariak, 2018an, eLiburutegiaren gaineko agerraldi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Berria
2020ko apirilaren 3a
12:16
Entzun

eLiburutegia liburutegi digitalaren bidez eginiko liburu maileguak laukoiztu egin dira iragan martxoaren 14an konfinamendua ezarri zenetik, eta mila mailegutik gora egin dira egun askotan. Liburutegi digitalak, halaber, 6.409 erabiltzaile berri lortu ditu azken hiru asteotan, eta dagoeneko 46.530 dira.

Maileguen hazkundea osasun larrialdia eta alarma egoera ezarri baino zertxobait lehenago hasi zen. Nolanahi ere, kontuan hartuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako liburutegiek aurrez aurreko zerbitzuak eten zituztela konfinamendua agindua izan ondoren, iragan martxoaren 16an Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak erabaki zuenaldi baterako martxan jartzea [email protected] helbide elektronikoa, «erabiltzaile bilakatzeko izapidea erraztu eta eLiburutegia zerbitzua euskal herritarrengana gerturatzeko helburuarekin». Ordutik aurrera, eLiburutegiko maileguen kopurua izugarri handitzen hasi zen. Iragan martxoaren 18an, egun bakar batean egindako maileguen errekor historikoa hautsi zuen eLiburutegiak: 1.217, hain zuzen ere. Horren atzetik, martxoaren 17a, 20a eta 30a dira mailegu gehien egin den egunak. Martxoaren 16tik maileguen maila egonkor mantendu da egun guztietan: 800-1.200 mailegu egiten dira —otsailean, konfinamendua hasi baino lehenago, batez beste 190-260 mailegu egin ziren egunean—.

eLiburutegiak eskaintzen dituen 20.000 izenburuen artean, hauek eskatu dira gehien: Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa, Karmele Jaioren Aitaren Etxea,  Eneko Barberenaren Afrikanerrak, Juan Gomez-Juradoren Loba Negra, Ibon Martinen La Danza de los Tulipanes, Dolores Redondoren La cara norte del corazón eta Elvira Lindoren A Corazón Abierto. Halaber, konfinamenduan igarotako aste hauetan hazkunde azpimarragarria izan dute haur eta gazteentzako liburuen eta sukaldaritza liburuen maileguek.

eLiburutegiaren bitartez ikusi diren filmen kopuruak ere gorakada nabarmena izan du. Hartara, 6.017 film ikusi dira martxoan, otsailean  ikusi zirenak halako hiru. Honako hauek dira gehien ikusi diren filmak: Petra Biondina Volperen El orden divino; Sally Potterren The Party eta Anahi Berneriren Alanis.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.