Zinema kinkiarekin lotu ohi da Eloy de la Iglesiaren izena (Zarautz, 1944 - Madril, 2006), estilo horren bueltan egin baitzituen bere lanik ezagunenak, baina ia 40 urteko ibilbidean askoratiko gaien inguruan aritu zen: moldatu zituen ipuin klasikoak, sortu zituen beldurrezko istorioak eta erakutsi zuen Frankismoaren ondorengo bazterreko gizartearen errealitatea. Zuzendari polemikoa izan zen, eta zentsurarekin behin baino gehiagotan egin zuen topo bere ibilbidean, Franco hil aurretik zein ondoren.
Gaur bertan zabalduko dute Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna izeneko erakusketa Donostiako Kutxa Kultur Artegunean, Tabakaleran, eta bertan errepasoa egiten die 60ko hamarkadatik 2003ra arte sortu zituen ikus-entzunezkoei, filmazioetan jasotako argazkiekin, batez ere. Pedro Usabiaga argazkilaria da erakusketaren komisarioa, eta De la Iglesiaren lanen arteko ibilbide kronologiko bat prestatu du, proiektu bakoitzaren azalpenarekin.
Hil zentik 12 urte igaro dira dagoeneko, eta lehen aldiz bildu dute bere lan osoa erakusketa batean. "Zinemaren eta bizitzaren militantea" zen Usabiagarentzat, eta zinema egiteko modu apurtzaile eta probokatzaile bat eskaini zuen. Ezagunak dira orduko gizarteak baztertutako kolektiboen inguruan egin zituen lanak, konplexurik gabe eta ausardia handiarekin. La criatura (1977), Navajeros (1980) edo El pico (1983) garai ilunetako kronikak dira, konpromiso irmoarekin eginak, baina umorerik galdu gabe.
Zinemagilearen lanari beste begirada batzuk gehitu dizkiote erakusketan, "ikuspegi berri eta gazteagoak emateko asmoz". Baptiste Pauthe artista plastikoak grafiti bat egin du, Itziar Orbegozo eta Tamara Garcia errealizadoreek bideo bat prestatu dute, Quentin Valois artistak bost collage egin ditu eta Jorge Fuembuena argazkilariak Quinqui Stars (Juan Vicente Cordoba, 2018) filmean jasotako irudiak jarri ditu ikusgai.