Berdintasun estrategiak zehazteko eta emakumeen egoerari buruzko diagnostikoak egin ahal izateko, datuetan oinarritutako lan akademikoak garatzea ezinbestekoa dela uste dute Maria Pilar Rodriguez (Donostia, 1964) eta Esther Ferrer (Donostia, 1981) azterlariek. Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakasleak dira Deustuko Unibertsitatean, eta Emakume zuzendarien euskarazko filmen bilakaera euskal zinematografian azterlana kaleratu dute aurten. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak iaz eskaini zien Berdintzen bekaren harira ondu dute ikerketa, Euskal Herriko andreek zuzendutako filmei buruzko ezaugarriak ezagutzera emateko helburuarekin. Euskaraz egindako ikus-entzunezkoak hartu dituzte kontuan.
Nondik jaio zen ikerketa hori egiteko ideia?
MARIA PILAR RODRIGUEZ: 2022an, Euskal emakume zinemagileak liburuaren koordinatzailea izan nintzen. Emakumeek egindako filmak aztertu zituen orduan aditu talde batek, gai nagusiari, generoari eta ekarpenei erreparatuz. Hizkuntzaren gaiari heltzen ez zioten arren, lan horrek bidea ireki zien ikertzaileei industria zinematografikoko gainerako alorretan andreek izandako rola aztertzeko. Berdintzen bekaren baitan egindakoak, zehazki, euren lanak euskara hutsean edo euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan egin dituzten zuzendarien ausardia du aldarri. Beren indarguneak eta oztopoak azalean jartzea eta egungo egoera hobetzeko jarduera proposamenak egitea ditu helburu.
Oztoporen bati egin behar izan diozue aurre?
RODRIGUEZ: Euskadin emakumeek zuzendutako filmen jarraipena egitea izan da zailena. Bilketa eta sailkapen asko egin ditugu. Pelikulak gehitu ditugu etengabe, horien berririk ez genuelako hasieran; ondorioz, behin eta berriz kalkulatu behar izan ditugu ehunekoak eta taulak. Barkamena eskatzen dugu izan daitezkeen hutsuneengatik eta akatsengatik; corpusa mugatzea ez da erraza izan, eta ez dugu obra guztiak sartu izanaren ziurtasunik. Gehitu ez ditugun lanen berri dutenei eskatzen diegu gurekin harremanetan jartzeko, emaitza hobetu ahal izateko. 2024ko uztailaren 31n utzi genion datuak biltzeari.
Ikerketako datuek agerian uzten dute emakume zinemagileek jasandako diskriminazioa.
ESTHER FERRER: Zinemagintzan oso errotuta dago gizonen eta emakumeen arteko botere ezberdintasuna, eta batzuetan zaila da andreentzat diskriminazio egoera batean daudela konturatzea. Euren proiektuak ukatzeko erabilitako azalpenak, esaterako, erabaki estrategiko gisa aurkezten zaizkie hainbatetan. Hori bai, diskriminazioa handiagoa da fikzioa zuzentzen duten emakumeen artean, dokumentalak edo animazio lanak sortzen dituztenen artean baino. Horrek lotura zuzena du aurrekontuekin: zenbat eta ekoizpen kostu handiagoak izan —fikzioa da garestiena—, orduan eta agerikoagoa da diskriminazioa. Egoera hobera doan irudipena badago ere, gure ustez, asko dago egiteko.
Fikziozko lanak baino gehiago, dokumentalak ekoiztu dituzte emakume zuzendariek. Diskriminazio kontuekin du datu horrek zerikusia?
RODRIGUEZ: Dokumentalen proportzioa oso handia da beste generoen aldean: 71 dokumental [%54,62], 38 fikzio lan [%29,23], eta 21 animazio lan [%16,15]. Pelikulak eta fikzioa egiteko oso aurrekontu handiak behar dira, eta emakumeentzat zaila da horiek lortzea. Ez dute fikziorik egiten bazterkeriaren ondorioengatik. Beharrezkoa da fikziozko ikus-entzunezkoak egiteko aukera erraztuko dieten formulak bilatzea. Finantzaketan laguntzea da gakoa, sari espezifikoak eskainiz eta prestakuntza eta lan aukerak erraztuz.
«1970etik 2009ra 22 film izan ziren euskarazkoak eta emakumeek zuzendutakoak; 2010etik 2024ko uztailera, ordea, 108. Hazkunde horren arrazoiak askotarikoak dira, eta horietako bat da egungo andreek hezkuntzarako eta lan merkaturako sarbidea dutela»
MARIA PILAR RODRIGUEZ Irakasle eta ikerlaria
Zuzendari askok (H)emen eta antzeko elkarteen garrantzia azpimarratu dute. Zer-nolako eragina dute horiek?
FERRER: Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartea da (H)emen, eta 2016an sortu zen. Izaskun Arandia da bazkide fundatzaileetako bat, eta, proiektu baterako langile bila ari zela, konturatu zen zaila zitzaiola emakume profesionalak aurkitzea —teknikariak barne—. Batzorde baten beharra zegoela ohartu zen, eta hori da, hain zuzen, elkartearen ekarpen nagusietako bat. [Emakumeen lanak babesteko] Beste elkarte batzuk ere sortu dira nazioartean; hala nola CIMA eta EWA.
RODRIGUEZ: NOKA ere aipatu beharra dago. Laguntza eskaintzen die EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bizi diren emakume zuzendari hasiberriei, eta egin nahi dituzten film luzeak babesten ditu.
Emakumeen parte hartzeari eta euskarazko ekoizpenei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak eskainitako diru laguntzek eragin positiboa izan dutela uste duzue?
RODRIGUEZ: Argi dago Eusko Jaurlaritzak ahalegina egin duela euskarazko lanak garatzeko. Azken urteotan laguntzak handitu ditu, eta, ondorioz, euskarazko filmen eskaintza areagotu egin da aretoetan, jaialdietan eta online plataformetan. Iaz, finantzaketaren %50 inguru eman zuen euskarazko ekoizpenetarako. Gainera, emakumeen ekoizpenei eskainitako laguntzak ere areagotu ditu. 2014ko araudiak ez zituen emakumeen proiektuak aipatzen gutxieneko ehuneko baten onuradun gisa. 2019tik aurrera, ordea, lehen aldaketak egin ziren legedian, eta egun, zuzendariei eta gidoigileei ez ezik, bestelako lanbideetan aritzen diren andreei zuzendutako laguntzak ere badaude. Horrek eragin positiboa du, baina zinemagileen arteko sare gehiago behar dira.
Emakumeek egindako euskarazko filmak ugaritu egin dira azken hamarkadetan, 2010etik aurrera bereziki. Zergatik?
RODRIGUEZ: 1970etik 2009ra 22 film izan ziren; 2010etik 2024ko uztailera, ordea, 108. Hazkunde horren arrazoiak askotarikoak dira, eta horietako bat da egungo andreek hezkuntzarako eta lan merkaturako sarbidea dutela. Emakume zinemagileen lehen belaunaldiak autodidaktak izan ziren, eta zuzendari gazteek aukera izan dute ikus-entzunezko ikasketak egiteko eta prestakuntza jasotzeko. Bestalde, elkarren arteko sareak ehuntzen hasi dira, ekoiztetxeak sortuz eta elkarlanean arituz. Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek 2010eko hamarkadatik aurrera gidoiak idazteko eta euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak egiteko ematen dituzten laguntzek ere behin betiko bultzada eman diete.
«Beste hizkuntzekin sentitzen ez dituzten emozioak sorrarazten dizkie euskarak zinemagileei. Metafora, ezaugarri poetiko eta sentsibilitate bereziak eskaintzen dizkie. Ikusgarritasunarekiko konpromisoa eta militantzia dira euskarazko zinema egiteko beste bi arrazoi»
ESTHER FERRER Irakasle eta ikerlaria
Euren ama hizkuntza —hots, euskara— sortzeko erabiltzeak norberaren identitatearekin lotura handia duela diote elkarrizketatutako zuzendariek. Zer esan nahi du horrek?
FERRER: Litekeena da euskarazko ikus-entzunezkoak egiteak ekoizpen kostuak handitzea —besteak beste, banaketa faseko bikoizketak eta azpitituluak—, eta aktoreen zerrenda murriztea. Zailtasun horiek alde batera utzita, ordea, euskarazko lanek balio erantsia dutela uste dute hainbat zuzendarik. Lara Izagirrek nabarmendu du lantaldeko komunikazio tresna bihurtzen dela euskara; gogoko du hori gertatzea. Estibaliz Urresolak, berriz, adierazi du pertsonaien arteko harremanak zehazten dituela, eta hori asko gustatzen zaiola hori. Gainera, publikoarekin komunikatzeko beste modu bat zabaltzen du, eta beste hizkuntzekin sentitzen ez dituzten emozioak sorrarazten dizkie zinemagileei. Metafora, ezaugarri poetiko eta sentsibilitate bereziak eskaintzen dizkie, hain zuzen. Ikusgarritasunarekiko konpromisoa eta militantzia dira euskarazko zinema egiteko beste bi arrazoi.
Dena den, euskarak areto komertzialetan duen presentzia apala da oraindik ere: ez da %2,5era iritsi 2023an.
RODRIGUEZ: Euskarazko filmen ehunekoa txikia da, baina egoera aldatzen ari da. Ama hizkuntza euskara duten zuzendariek bi hizkuntzatan egiten dituzte lanak, eta ez naiz ari soilik emakumeei buruz. Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok, adibidez, nazioartean arrakasta handia izan duten pelikulak estreinatu dituzte euskaraz. Hala ere, ezin dugu ahaztu euskara hizkuntza gutxitua dela. Berdintasunaren alde egiteko eta euskarazko industria sustatzeko, finantzaketa funtsezko alderdia da. Lara Izagirrek esan bezala: «Mirari bat da Nora bezalako film bat aurrera ateratzea: euskarazkoa eta emakume batek sortua».
Zer egin daiteke hizkuntza eta genero arrakalak murrizteko?
RODRIGUEZ: Diagnostiko bat egin behar da, eta plan espezifiko bat diseinatu. Diru publikoaren %50 bideratu behar zaie emakumeei, eta kuotei eutsi. Euskarazko filmei dagokienez ere hala izan beharko luke. Diskriminazio positiboa, baina, ez da nahikoa: moduak bilatu behar ditugu banaketa sustatzeko eta euskarazko ikus-entzunezkoak gazteei hurbiltzeko. Ikus-entzunezko ikasketak sustatu behar ditugu, lehen eta bigarren hezkuntzan batez ere; horrek zinemarekiko interesa eta pentsamendu kritikoa sustatuko lituzke. Izan ere, gure testuinguru sozial, politiko eta kulturala aztertzeko ikuspegi narratibo zabala eta sakona eskaintzen du euskal zinemak.
Emakumeen zinema etiketa erabiltzeari utzi beharko genioke?
FERRER: Oro har, ez dugu uste emakumeen zinema izendapena baztertzeko nahia dagoenik. Zuzendari batzuentzat emakume feminista eta euskalduna izatea da garrantzitsuena, eta horrek ematen die indarra beren sorkuntzei. Hala ere, etiketa horrek eragin bikoitza du: aitortza gisa balio duen arren, emakumeek egindako zinema bazterreko nitxo batean kokatzen du.