Gorputzarekiko harremana, bakardadea, amatasuna eta gizarteak ezartzen dituen botere harremanak. Kezka horiek guztiek zeharkatzen dute, besteak beste, trantsizioan —1970. urtearen ostean, zehazki— jaiotako Euskal Herriko emakumezkoen literatura. Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Maixa Zugasti, Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao idazleen obrak dira bereziki aipagarri, hurrengo belaunaldietan «eragin handia» izan dituzten lanak ondu baitituzte azken urteotan. Rodriguezek, Elorrietak, Jaiok eta Apaolazak, gainera, Euskadi saria eskuratu zuten 2018 eta 2022 artean. Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez Miñambres (Barakaldo, Bizkaia, 1972) EHUko irakasleek haien testuak ikertu dituzte, emakumezkoen euskarazko literaturari buruzko azterketa «sakona» garatzeko. Ahotsak Gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuan bildu dituzte emaitzak.
Emakumezkoek jorratzen dituzten gaiak —familia, gorputzen politizazioa, abortua— literatura femeninoarekin lotu ohi dira, eta ez dira unibertsaltzat hartzen.
Egoera konplexua da. Sailkapenak arriskutsuak dira, errazkeriatan erortzea eragiten dutelako. Emakumezkoen literatura kalitate handikoa da, eta ez ditu gai unibertsalak baztertzen; kontrara, bildu egiten ditu. Besteak beste, Margaret Atwood, Toni Morrison, Louise Gluck eta Chimamanda Ngozi Adichie autoreek aparteko konplexutasun literarioa duten nazioarteko lanak sortu dituzte. Ikerlanean aztertu ditugun obrak ere halakoak dira. Historikoki ezarritako kanonak dira arazoa: ikuspegi androzentrikoa balioesten dute, eta, denbora luzez, klase ertaineko gizonezko zurien esperientzia hartu dute unibertsaltzat. Gainerako ikuspegiak baztertu dituzte isilpean, eta hori aldatu beharra dago.
Ikerketaren arabera, 2011n ETAk borroka armatua uzteak, oro har, beste trauma batzuei buruz idazteko aukerak handitu zizkien autoreei. Uste duzu prozesu politiko horrek eragina izan zuela emakumezkoen idazteko moduan?
Gure historiaren atal garrantzitsua da, eta trantsizio garaian jaiotako idazleetako asko euskal gatazkaren testuinguruan hazi dira. Idazten dituzten lanetako ezaugarrietako bat da; identitatea, lurraldetasuna, hizkuntza eta indarkeria izan daitezkeen bezala. Dena den, eta gatazka horrek euskal gizartean utzitako aztarna erabat baztertu gabe, XXI. mendeko euskal literaturan nabari da gatazka politikotik aldenduz doazela emakumezko idazleetako batzuk. Ikuspegi feministak eta benetan unibertsalak txertatu nahi dituzte, eta gizarte garaikidearen erronkak eta ertzak irudikatu eta ulertu, askotariko ahotsak landuz.
Amatasunari buruzko liburuak nagusitzen ari dira azkenaldian Euskal Herriko, Espainiako eta Latinoamerikako liburu merkatuan. Halako kontuen inguruan hausnartzeko eremu seguru bilakatu da literatura?
Gizarte globalizatu batean bizi gara, eta, beraz, normala da sinkronia moduko bat egotea euskaraz eta inguruko beste hizkuntzatan idatzitako obretan. Patriarkatuari aurre egiteko eremu segurua baino, norberaren askatasuna aldarrikatzeko bidea da literatura. Virginia Woolfek esan zuen bezala, nahi duguna idazteko leku propio baten beharra dugu emakumeok. Sormenari dagokionez, hain zuzen, hori da ahalduntzearen aldeko aldarri nagusia. Kontraesanez beteriko errealitatea fikzioan islatzeko aukera eskaintzen du eremu propio batek, eta hori, zinez, unibertsala da.
«Gizonezkoen kontakizunetatik aldenduz, jasan beharreko isiltasunarekin eta irudikapen gabeziarekin hautsi dute emakumeek»
Ikertutako lan batzuek emakumeen migrazio esperientziak dituzte hizpide. Euskal literaturan askotan landu dira migrazioak; iheslarien eta Ameriketara joandako artzainen ikuspuntutik, gehienbat. Zer desberdintasun dago emakumeek eta gizonek idatzitako eleberrien artean?
Bereizketa hori azken urteotan lausotu bada ere, emakumezko idazleek gehiago arakatu dute pertsonaien kontzientzian eta gatazka psikologikoan. Aitzindariak dira amatasunarekin, identitatearekin, etxeko indarkeriarekin eta generoak baldintzatutako botere egiturekin lotutako gaiak jorratzen, eta ikuspegi maskulinoetatik aldentzen. Aukeratzen dituzten ahotsekin eta hitzekin identifikatuta sentitzeko aukera eskaintzen digute guztioi. Emakumeek sortutako pertsonaiek, gainera, rol tradizionaletatik harago doazen asmoak dituzte. Egungo gizartean emakume izatearen esperientzia nolakoa den ere aztertzen dute, eta argi-ilunei behar bezalako sendotasuna eman.
Hala eta guztiz ere, emakumezko autoreek adierazi dutenez, gizon batzuei zaila iruditzen zaie emakumezko pertsonaia baten azalean jartzea, eta ez alderantziz.
Heziketa kontua da. Generoen arteko arrakalak gizartean dirau, eta hori gertatzea konstruktu kulturalen emaitza da. Sentiberagoak izateko eta amore ematea ona dela sinesteko hezi gaituzte emakumeok. Gure azalean jartzeaz gainera, gizonenean ere jarri behar izan dugu, haiek ulertzea beharrezkoa zela uste genuelako. Baina gizonek ez dute halakorik egin; inork ez die eskatu gure azalean jar daitezela. Alde horretatik, urrats gehiago egin behar dira egituraketa soziala eta balioak aldatzeko.
Hainbat gizonek fikziozko eleberriak idazten dituzte, baina azterlaneko idazleek inspirazio iturri izan dituzte emakume izateak eragindako esperientziak. Horrek ere heziketarekin du lotura?
Emakume izatearen aldeko aldarrikapena egiteko nahiarekin zerikusia duelakoan nago. Orain dela gutxi arte, emakumeek sarbide mugatua zuten goi mailako hezkuntzara, politikara eta negozioetara. Legitimazio behar hori literaturan islatu dute, euren identitatearekin lotutako gaiak esplizituki jorratuz, istorio propioak sortuz eta bestelako pertsonaiei ahotsa emanez. Gizonezkoen kontakizunetatik aldenduz, jasan beharreko isiltasunarekin eta irudikapen gabeziarekin hautsi dute.
«Ikerketako idazleei dagokienez, emakumezkoen ikuspegitik kontatu nahi izan dituzte istorioak, eta, ondorioz, emakumezko protagonistei eman diete nagusitasuna. Horrek gizartea ulertzeko ikuspegi konplexu bat sortzea eragin du»
Haiek idazten hasi baino lehen «ezarrita» zeuden literatura moldeekin ere apurtu dutela esango zenuke?
Uste dut idazle batek beti duela helburu literatura moldeekin apurtzea, anbizioa horretarako pizgarri izan ohi delako. Autore batek badaki zer kontatu nahi duen eta nola. Ikerketako idazleei dagokienez, emakumezkoen ikuspegitik kontatu nahi izan dituzte istorioak, eta, ondorioz, emakumezko protagonistei eman diete nagusitasuna. Horrek gizartea ulertzeko ikuspegi konplexu bat sortzea eragin du, aurretik ez zegoena.
Ikertutako emakumezkoen liburuak kalitate handikoak dira: sariak irabazi dituzte, eta beste hizkuntza batzuetara itzuli. Hala ere, jasotako aitortza ez da kalitate oneko obrak sortu dituzten gizonezkoena bezain ageria izan.
Berdintasunaren aldeko pauso gehiago ematea falta da, gizartean desoreka handia baitago. Beste esparru batzuetan ere hala gertatzen da. Gizonezko kirolarien lorpenekin konparatuz gero, askoz ere toki txikiagoa eta denbora gutxiago eskaintzen diete hedabideetan emakumezko kirolarien garaipenei eta txapelketei. Itxura fisikoari dagokionez, ordea, gehiago exijitzen zaie emakumeei. Orain arte modu automatikoan barneratu ditugun rolekin eta balio heteropatriarkalekin du lotura horrek guztiak.
Eider Rodriguezen arabera, zehazki, euskal emakumezkoen literaturak periferiatik irtetea lortu du, baina ez da erdigunera iritsi. Zer aldatu behar da hori gertatzeko?
Beste hizkuntza batzuetarako itzulpenek kalitatezkoak eta sistematikoak izan behar dute, eta arlo akademikoan euskararen presentzia handitu beharra dago. Euskarazko literatura babesteko, gainera, ikerketa eremu egokituak egon beharko lirateke Espainiako eta Frantziako unibertsitateetan, eta literatura eragileen, kritikoen eta akademikoen prestakuntza hobetu beharko lukete. Argitalpen estrategiei begira, Euskal Herritik kanpoko hitzarmen gehiago sustatu beharko lirateke.