Musikaria

Sara Zozaia: «Ematen du gaztetan izan behar duzula arrakasta musikan, eta horrek ez dauka zentzurik»

Iazko urte hondarrean argitaratu zuen 'attä' EPa. Lau kantu, lau xuxurla enigmatiko. Aurreko ‘Nara’ lanetik zerbait aldatu da bere jardunean; benetakotasunetik gertuago sentitu da. Sara Zozaia izan da ‘Murmur’ podcasteko lehen gonbidatua.

SARA ZOZAIAK UTZIA
SARA ZOZAIAK UTZIA
gorka erostarbe leunda
2026ko martxoaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irribarre herabe eta lasaiarekin sartu da Dinamoa kulturguneko estudioan (Azpeitia, Gipuzkoa) Sara Zozaia (Donostia, 1995). Eta lasai baina tinko solastatu da Murmur podcasterako elkarrizketan ere. Belarriaren murmurra atalean berea ez den kantu bat hautatzeko eskatuta, Gartxot-en Bizirik gaude disko argitaratu berriko Ahaztear aukeratu du. «Buklean entzuten dut, eta asko konektatu dut». Bere abesti batekin hasi da saioa: Elurra.

Elurra du izena kantuak, eta elurrarekin izan dezake nolabaiteko zerikusia zure musikak. Erortzen dela edo iristen dela leun-leun, eta behin zure baitan sartuta halako geruza batzuk uzten dituela. Eta kantuan esaten den bezala, zanpatzen baldin badituzu, geruza horiek horrelako lorratz bat-edo uzten dizute. Izan dezake hortik zure musikak?

Hori, agian, entzuleak esan dezake hobeto. Ez dakit oso ongi zer eragiten duen nire musikak, baina badakit zein den hura egitearen intentzioa. Uste dut Elurra kantuak baduela intentzio nahiko argia. Entzuleari zerbait eragiten dio, barne begirada bat, edo hura eraldatu egiten diola uste dut, edo behintzat, hori kontatu didate.

Attä du izenburua lanak, eta hain zuzen ere, Elurra kantuaren hitzak aitak idatziak dira, zure aitak. Zergatik izenburu hori?

Izenburuak hasieran edo bukaeran suertatzen dira, eta jakin gabe, askotan izena jartzen diot demo bati, adibidez, eta pentsatzen dut ez duela denboran iraungo. Baina batzuetan irauten du bukaera arte. Attä-rekin hori gertatu zitzaidan. Banuen buruan ideia eta soinu bat, zerbait: aita, atea, ataka… Gainera, Nara diskoa atera eta gero bukaera bat sentitu nuen. Talde formatuan jotzeko denbora-edo amaitu zitzaidan, eta bakarlari moduan hasi nintzen berriro. Ate bat zabaldu zitzaidan, bakarkako era berri honetara eraman nauena.

Ez da kasualitatea attä-ren fonetika hori, soinu hori, t-aren bustidura hori. Zerbait adierazi nahi duzu horrekin?

Etxean entzun dudana da. Euskalki asko izan ditut bateratuak, eta ez dakit oso ongi nongoa den attä hau. Nonbait sortu zait hitz hori, eta uste dut adierazten duela bizitzaren esperientziak ekarri didan jakituria hori ere, norbera kontziente izan ala ez.

«Uste dut disko honetan izan dudan espektatiba bakarra izan dela lehenengo aldiz sartzea benetan niri asko gustatzen zitzaizkidan soinuak, melodiak, hitzak. Dagoena da benetan eta bihotzetik esandako 'bai' erraldoi bat»

Esan duzu inoiz egin duzun diskorik zintzoena edo zeure buruarekiko leialena dela. Zergatik?

Uste dut disko honetan izan dudan espektatiba bakarra izan dela lehenengo aldiz sartzea benetan niri asko gustatzen zitzaizkidan soinuak, melodiak, hitzak. Dagoena da benetan eta bihotzetik esandako «bai» erraldoi bat, eta ematen du zerbait sinplea edo erraza, baina ez da bidean normalena. Askotan gauzak pasatzen uzten dituzu, eta aurrera zoaz, «egin dezagun hau, egin dezagun beste hori». Baina ez dira bai erraldoiak. Eta lan honetan bai erraldoi asko daude. Eta horrekin batera, espektatiba gutxi. Ze banekien hau niri asko gustatzen zaidan zerbait dela, baina gero publikoari agian arrotza egingo zitzaiola. Orduan, aldi berean, arrisku puntu bat badu horrek.

Bai erraldoi horietara iristeko, eskarmentua, ibilbidea ezinbestekoak izango zenituen. Baina, noski, ibilbide horretan beti topatzen dira oztopoak ere.

Bai, uste dut autoezagutza prozesua dela hori. Eta horrek badu lotura musikarekin. Ematen du gaztetan izan behar duzula arrakasta musikan, eta ondo pentsatzen badugu, horrek ez dauka zentzurik. Zenbat eta urte gehiago bizi, geroz eta argiago dugu nor garen. Autoezagutza bide hori ez da inoiz eteten. Niri, pertsonalki, iruditzen zait momentu honetan hau dela ni naizena, gero eta bai handiagoak edo benetakoagoak ditudala. Baina badakit, halaber, hemendik urte batzuetara egingo dudana izango dela benetakoagoa.

Sara Zozaia eta Gorka Erostarbe Murmur podcastaren grabaketan
Sara Zozaia eta Gorka Erostarbe, Murmur podcastaren grabaketan. LARA MADINABEITIA
Castillo Suarez poetaren hitzak dituzte EPko bi kantuk: Blu-k eta Ilu-k. Suarezen hitzek, haren unibertso poetikoak, bat egiten dute zure unibertso musikalarekin nolabait.

Hori sumatu nuen. Suarezen Alaska liburua irakurtzen ari nintzen, eta asko konektatu nuen hark sentitzeko zuen moduarekin. Edo nik hori sumatu nuen, antzekoa izan zitekeela nirearekin. Orduan nahiko argi izan nuen idatzi egingo niola, eta nahiko argi erantzun zidan berak bueltan zerbait egin nahi zuela nirekin. Hori oso seinale argia izan zen.

«Ikusi dut emakume musikarion artean nola sare bat sortzen ari den, lehen ez zena hainbeste gertatzen, eta orain laguntza handia ematen dit bideari indarrez ekiteko»

Eta ondoren, haren poemak kantu bihurtu dituzunean, zerbait esan dizu?

Gustatzen zait haren seriotasuna; ez ditu hitz asko esaten. Baina hau esan zidan: «Hau bai oparia».

Gustatzen zaizu egungo beste zenbait musikari ez bakarrik entzutea, baizik eta haiekin edo talderen batekin harremanetan egotea, kolaborazioak egitea? Lankidetzak aberasten zaitu?

Asko. Bada orain sarri samar egiten dut, eta lehen ez nuen hainbeste egiten: hitz egin eta audio oso luzeak bidali musikari emakumeei, eta ikusi dut gure artean nola sare bat sortzen ari den, lehen ez zena hainbeste gertatzen, eta orain laguntza handia ematen dit bideari indarrez ekiteko.

Kazetariek, eta oro har musikaz aritzen direnek, badute ezin disimulatuzko joera bat, etiketak jartzekoa. Etiketetan sartu gabe, ezaugarri bat aipatu daiteke zure musikaz aritzean: misterioa edo enigma, edo halako ehundura lanbrozko bat. Zure kantuetan badago zerbait hortik.

Gustatu zait etiketa hori, bai, ederki.

Noiz erabaki zenuen lan honek lau kantu izango zituela eta ez gehiago?

Bukaera iristen da espero gabe. Hori izaten da nire prozesua behintzat. Badakit nondik hasi. Eta Elurra izan zen EP honen bihotza, hasiera. Eta Gaua-rekin amaitu zen.

Gaua da zure hitzak dituen pieza bakarra, hain zuzen ere. Zer da gaua zuretzat?

Iluntasuna. Eta iluntasun horrek ekarri dezake bakea, baina, batzuetan, eraldaketa prozesu bateko momenturik baxuena ere izan daiteke.

A ALA B

Bi aukera emanda, zuk bietarik bat hautatu beharko duzu, gordinago esatearren, apur bat busti zaitezen edo iritzi bat azal dezazun.

 

Euskarri fisikoa ala streaminga. Liburuetan fisikoa nahitaez, hau da, ukitu behar dut objektu hori; musikan, erromantikoki, biniloa. Baina egunerokoan, neure buruarekin zintzoa banaiz, streaminga.

 

Areto txiki bat ala jaialdi handi bat. 

Beti txikiak.

 

Autotunea. Bai ala ez?

Bai, ongi erabilita.

 

Folklorea. Bai ala ez?

Bai; performatua baldin bada, ez.

 

Ez Dok Amairu ala RRVa (Euskal Rock Erradikala). 

Lourdes Iriondo.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA