Hilberria

Emile Larre hil da, euskal kulturaren itzaleko langile

‘Herria’ aldizkariaren zuzendaria, euskaltzaina, idazlea, bertsolaritzaren sustatzailea eta apaiza izan da, besteak beste, Emile Larre

Emile Larre, artxiboko irudi batean. GAIZKA IROZ
gurutze izagirre intxauspe
2015eko maiatzaren 30a
23:06
Entzun

Emile Larrek eman du azken hatsa, Kanbon (Lapurdi). Euskaltzain osoa, apaiza, Ipar Euskal Herrian euskara eta euskal kultura suspertzen aritutako langile nekaezina. «Itzaleko langilea», zioen Eneko Bidegain kazetariak Bidegileak bildumarako Larreri buruz egin zuen liburuxkan. «Bere izena ez da izan lehen planoko izan inoiz, baina lan gaitza egin du bere bizian, eta euskal kulturaren eta hizkuntzaren aberasten anitz parte hartu du».
Baigorrin jaio zen, Baxenabarren, 1926ko urtarrilaren 3an, laborarien familia euskaldun batean. Lehen eskolak Baigorrin bertan hartu zituen. 11 urterekin Uztaritzeko apez eskolara joan zen. Laborantza ere biziki maite zuen, baina apez izatea deliberatu zuen. 18 urtera arte Uztaritzeko eta Baionako seminarioetan hartu zituen eskolak. Aitak Lehen Mundu Gerrako gudari ohia izateagatik jasotzen zuen pentsioari esker ikasi ahal izan zuen Uztaritzeko seminarioan, Bidegileak bildumako liburuan kontatu zuenez. Etxeko laborantza lanak egiten pasatzen zituen seminarioko udako oporrak, «langile eskasa zelako eta maite nuelako», Argia-n kontatu zuenez.
II. Mundu Gerra sartu zelarik, 1944. urtean, apezak eta irakasleak falta zituzten Maulen, eta Baionako seminariotik Maulera igorri zuten. Donibane Garaziko laborantza eskolan ere izan zen irakasle. Larreren esanetan, misiolaria izan zen, baina ez atzerrian, Euskal Herrian baizik.
Aberatsa izan zen oso Mauleko egonaldia, zubereran sakontzeaz gainera, artean sortu berria zen Herria astekarian lehen artikuluak argitaratzen hasi zelako. Hura azkartzeko eta suspertzeko lanetan buru belarri aritu zen, eta 1968an zuzendari izendatu zuten, Piarres Laffitte ordezkatzeko Herrian-n «abertzaletzen» hasi zela zioen Berria-n 2005eko otsailean argitaratutako elkarrizketa batean.
Kargua hartu zuenean euskara suspertu zuen aldizkarian. Publizitatea ere euskaraz jartzen hasi ziren. 33 urte luzez izan zen zuzendari.
Kulturgintzan, hainbat esparrutara iristeko gaitasuna izan zuen. Piarres Larzabalek eta Telesforo Monzonek antzerkigintzaren atea ireki zioten, eta haien laguntzarekin Ipar Euskal Herrian bertsolaritza sustatu zuen.
Bertsolaritzari lotuta
Urruñan bertsolari eguna antolatzen hasi zen, eta geroztik, arrakasta ikusirik, nonahi bertso saioak antolatzen zituen. Euskal Herriko eta Nafarroako bertsolari txapelketetako epaimahaiko kide ere izan zen urte askotan. 1967an Xalbadorri Donostian txistuak jo zizkiotenean ere bertan zen, eta samina zuen txistu haiengatik: «Orduan Xalbador ez zuten konprenitu».
Txistu haiek, are gehiago baieztatu zioten euskara batuaren beharra, Ipar Euskal Herrian ere gisa berekoak entzun behar izaten baitzituen: «Euskara espainoldu hori» ez zutela ulertzen, alegia. Euskara batuaren aldeko langile nekaezin izan zen, eta 1975ean euskaltzain oso izendatu zuten. Euskaldun emeritua zen.
Euskara sustatzearekin bat euskal kultura suspertu eta euskal giroa piztu zuen Larrek, abesbatzak sustatuz, antzerki ikuskizunak lagunduz...
Asteartean egingo dute Emile Larreren aldeko hileta elizkizuna, 15:30ean, Baigorrin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.