Musika

Emma-Jean Thackray: «arraro» sentitzearen indarra

Jazzaren ortodoxiatik ihesi eta bere zauri pertsonalak sormen bihurtuta, musikari britainiarrak 'Weirdo' kaleratu du, bere bigarren diskoa. Bakarrik grabatu du ia osorik, etxean, dolua eta biziraun beharra ardatz hartuta. Donostiako Jazzaldian ariko da.

Emma-Jean Thackray musikaria.
Emma-Jean Thackray musikaria.
edurne begiristain
2026ko maiatzaren 24a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

2023an, bizitza goitik behera hautsi zitzaion Emma-Jean Thackrayri (Leeds, Erresuma Batua, 1989). Bikotekidea bat-batean hil zitzaion, eta ondoren etorri ziren isiltasuna, antsietatea eta depresio sakona. Musikari britainiarrak hainbat elkarrizketatan aitortu izan du egun luzez etxetik irten gabe egon zela, ez zuela jateko gogorik, ezta musika egiteko pasiorik ere. Paradoxikoki, musikak berak salbatu zuen. «Ez nekien nola jarraitu bizitzen, baina kantuak egiten hasi nintzenean berriz arnasa hartzen hasi nintzen», azaldu zuen The Guardian egunkariari emandako elkarrizketa batean. Hain zuzen ere, biziraupen horren soinua da Weirdo (2025): dolutik jaiotako diskoa, baina tristuraren sintonia izateko asmorik gabe. Bi hilabete barru —uztailaren 24an— Euskal Herrian izango da Thackray, Donostiako Jazzaldian.

Musikariari zer gertatu zitzaion jakinik, entzuleak lan ilun, motel eta triste bat espero lezake, baina Thackrayk molde denak apurtu ditu, eta bere saminaren erdigunetik groove distiratsuak, funk lerro beroak eta jazzaren askatasuna aldarrikatzeko gai izan da, musikaren bidez bizitzari berriz heltzeko ahalegin zintzoa eginez.

Leeds hiriko langile giroan hazi zen Thackray. Haurra zela hasi zen korneta jotzen Yorkshireko perkusio talde tradizionalean, eta handik datorkio gaur egun oraindik ere mantentzen duen diziplina musikala. Gerora, Londresera joan zen jazz ikasketak egitera, baina berehala sentitu zuen akademiaren mugak estuegiak zirela. Askotan esan izan du jazzaren munduak berak ere bazuela kontserbadurismo handia, eta berak ez zuela genero bakarrean giltzapetuta bizi nahi. Horregatik, haren ibilbide osoa mugak lehertzeko saiakera etengabea izan da.

Bere buruarekin bakarrik

Yellow (2021) lehen lanarekin agerian geratu zen hori. Jazz garaikidea, neo-soula, elektronikaren zantzuak eta pop egiturak naturaltasun harrigarriz lotu zituen. Baina Weirdo diskoan urrats bat harago egin du. Hemeretzi kanta ditu lanak, eta eguneroko emozional moduko bat marrazten dute. Doluaren logikak bezala, kantuak ere kontraesanez eta aldarte aldaketaz osatuta daude.

Artistak berak azaldu izan du albuma etxean grabatu zuela ia osorik, bakarrik. Instrumentu gehienak berak jo zituen: bateria, baxua, gitarra, sintetizadoreak, tronpeta... «Neure buruarekin bakarrik egoteko modu bat izan zen», aitortu zion Pitchfork aldizkariari. Bakartze horrek diskoari intimitate berezia ematen dio: entzuleak senti dezake artistaren buruan bertan dagoela, haren pentsamenduen eta obsesioen artean.

Hala ere, Weirdo ez da disko klaustrofobikoa. Kontrara: energiaz gainezka dago une askotan. Remedy kantuaren funk doinuek, erritmo elastikoek eta baxu lerro dantzagarriek ia euforia sentsazioa sortzen dute; Save Me abestian afrobeat-aren eragina ageri da argiki; Maybe Nowhere kantak, berriz, gitarra zikinagoak eta psych-rock giroa ditu, Kurt Cobainen itzalarekin ia.

Beste abesti batzuetan, berriz, biluztasun handiagoa dago. Let Me Sleep jazz tradizionaletik hurbil dagoen pieza lasaia da, nekearen eta babes beharraren ingurukoa. Staring at the Wall-en, izenburuak berak dioen bezala, depresioaren immobilismoa azaltzen du: hormari begira geratzea, denbora geldirik balego bezala. Eta Wanna Die da seguruenik disko osoko kantarik gordinena; zera dio abeslariak: «I am doing fine, I'm not gonna cry/ I don't wanna die except for all the times I do» (Ondo ari naiz, ez dut negar egingo, ez dut hil nahi, hiltzen naizen guztietan izan ezik). Elkarrizketetan azaldu izan du kantu hori idaztea mingarria izan zela, baina beharrezkoa: «Burutik pasatzen zitzaizkidan gauzak ezkutatzeak arriskutsuago egiten zituen».

«Ez nekien nola jarraitu bizitzen, baina kantuak egiten hasi nintzenean berriz arnasa hartzen hasi nintzen»

EMMA-JEAN THACKRAY Musikaria

Diskoan, neurodibergentziak ere badu bere lekua. Thackrayk jendaurrean hitz egin izan du autismoaz eta arreta defizitaren nahasmenduaz, eta esan askotan sentitu izan dela «arraro», inguruko kode sozialak ulertu ezinik. Hortik dator albumaren izenburua ere. Haren esanetan, urte askotan saiatu zen «normala» izaten, baina azkenean ulertu zuen bere desberdintasuna zela bere sormenaren iturri. «Weirdo [bitxia] hitza iraintzat hartu beharrean, nire identitatearen parte bezala besarkatu nahi nuen», esplikatu zuen BBC 6Music saioan.

Azken urteetan, Erresuma Batuak emakume artista apartak eman ditu —Amy Winehouse, Lily Allen eta Lola Young, besteak beste—, eta Emma-Jean Thackray belaunaldi horren oinordeko ausartenetako bat da. Baina, haren kasuan, jazzaren tradizioa eta poparen intuizioa uztartzen ditu modu berezian. Ekoizlea, moldatzailea, multiinstrumentista eta DJa izanik, kontrol osoa dauka bere soinuaren gainean.

Musikalki, Thackrayren jakintza izugarria da. Jazzaren tradizioa sakon ezagutzen du, baina ez du museoko erlikia bat balitz bezala tratatu nahi. Miles Davisen askatasuna aipatzen du maiz inspirazio gisa, baina baita Madliben sample-en eraikuntza eta Princeren ausardia ere. Haren unibertsoan berdin kabitzen dira Steely Dan, Bjork eta Robert Glasper. Eta hori guztia ezagutza tekniko hutsetik harago doa, genero horiek denak emozio baten zerbitzuan jartzen dituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA