Kritika. Musika

Emozioa begietan eta musika-paisaian

Marta Garcia
2026ko martxoaren 19a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EUSKADIKO ORKESTRA

Zuzendaria: Riccardo Frizza. Biolontxeloa: Johannes Moser. Egitaraua: Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektua, R. Schumannen Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua eta O. Respighiren Erromako iturriak eta Erromako pinuak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoaren 16a.

Iaz aurkeztu zen lehen aldiz Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektu parte hartzailea, zozketa bidez hiritarren abesbatza sortzea helburu duena. Prozesuaren eta emaitzaren arrakasta ikusita, bigarren edizioaren fruituak jaso dituzte, berriro ere, orkestraren abonu programa batean. Beharrezkoak eta ongi etorriak musika sinfonikoa gizarteratzeko ekimenak.

1850a urte lasaia eta emankorra izan zen Robert Schumannentzat: Liedertafel Orkestra zuzentzeko eskaintza onartu ostean, Dusseldorfen bizi zen, eta, urtean bederatziehun taler jasotzen zituenez, egoera onean zegoen bere grin sortzailea askatzeko. Bere Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua bi astetan idatzi zuen, baina ez zen estreinatu 1860ra arte, osasun mentalean izandako gorabeherak medio Schumann hil ostean. Hiru mugimenduz osatuta badago ere, etenik gabe interpretatzen da, eta, oro har, bakarlaria da gidari eta orkestra laguntzaile. Moserrek dinamika tarte zabala erakutsi zuen, lehen mugimendua bigarrenean modu sotilean disolbatuz, Langsam zatiari berezkoa zaion kontenplazio giroan gehiegi sakondu gabe, amaierako Sehr lebhaft-i kemenez ekiteko.

Ottorino Respighiren bi pieza sinfoniko bizi bezain efektistek osatu zuten programa. 1917ko estreinaldiaren ostean, Erromako iturriak arrakasta lortuz joan zen, eta ez da harritzekoa, poema sinfoniko zuzen, jostalari eta iradokitzailea baita. Afektuak, paisaiak eta ingurunearen xehetasunak batzen dituen bidaia egiten du Erromako lau iturrietan barrena, egunak aurrera egiten duen bitartean. Eta, antzera, Erromako pinuak obrak, 1923-1924koak; hiriko bizitza, katakonben misterioa eta iraganeko loria dakartza. Orkestrazio fin eta oparoa lantzen dute biek, eta bikain erantzun zioten Frizzaren batutak zein Euskadiko Orkestrak behar horri, trinko eta zorrotz. Aipagarria I pini del Gianicolo zatian klarinete bihurtutako urretxindorraren parte hartzea, lirismo handiz oihartzun ia entzunezina eskainiz, baita Via Appiako pinuak inguratu zituzten metal distiratsuak ere. Betetasun sentsazioa sortzeko moduko kontzertua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA