Literatura

Emozioak hitz bihurtu, eta hiztegi forman bildu ditu Karmele Jaiok bere liburu berrian

‘Harrizko bihotza. Taupaden alfabeto bat’ lanean askotariko testu txatalak jaso ditu idazleak. Hitzei protagonismoa eman nahian, A-tik Z-ra antolatu ditu oharrak, gogoetak, oroitzapenak, iritziak eta bestelakoak.

Karmele Jaio idazlea, liburu berria eskuetan, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Karmele Jaio idazlea, liburu berria eskuetan, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko azaroaren 19a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko minetatik babesteko hobe litzatekeela harrizko bihotz bat izatea, hori entzun zion behin Karmele Jaiok amamari; bizitza errazagoa litzatekeela gehiegi sentitzen ez duen bihotz batekin. Idazleak ere hainbatetan pentsatu izan du gauza bera, ezinezkoa zaiola jakinik ere. «Ikusten ditudan gauzek, bizi ditudan egoerek, barruan emozio bat pizten didate askotan, eta hori gertatzen zaidanean beharra sentitzen dut emozio hori kontatzeko, idazteko. Liburu honetan horietako asko daude: ikusi ditudan, oroitzen ditudan, pentsatzen ditudan zenbait gauza, testu labur batzuetan jasota». Harrizko bihotza izenburua jarri dio liburuari, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu du.

Duela 21 urte argitaratu zuen Jaiok bere lehen narrazio bilduma —Hamabost zauri (Elkar, 2004)—, eta, ordutik, beste bi ipuin liburu, lau eleberri eta poema liburu bat argitaratu ditu orain arteko ibilbidean. Molde horietatik kanpo aritu da oraingoan, «oso libre», haren hitzetan; baina, dioenez, bada konstante bat bere idazle lanean, harrizko bihotzaren metaforarekin «zerikusi handia» duena. «Nire bizitzan konstante bat izan da errealitateak sortzen dizkidan emozio horiek hitz bihurtzeko saiakera, eta, emozioak hitz bihurtze horretan, nire ustez zerikusi handia dauka harrizko bihotzik ez izateak, sentitzeak barruan dagoena, inguruan dagoena, ikusten dudana».

Bide horretan, hitzak izan ditu lanabes; «Batzuetan lagun, beste batzuetan arerio, baina tresna izan dira». Eta hala, liburu berrian haiei protagonismoa eman nahi izan diela azaldu du. «A-tik Z-ra ordenatuta daude hitzak, eta bakoitzak hiztegiko bere definizioa dakar. Baina horrekin batera, hitz horrek niri eragin didana edo hitz horren itzalpean nik sortutako testua dator». Aurrez pentsatutako zerbait izan ez bazen ere, hiztegi forma hartu dute, beraz, liburuko testuek, eta zergatia ere azaldu du idazleak. «Hiztegietara jotzen dugu hitz baten definizioa lortu nahi dugunean, eta iruditzen zait idaztera ere horrela goazela, idazten dugula ulertzen ez dugun errealitate baten aurrean erantzun edo definizio baten bila. Askotan ez ditugu erantzunak lortzen, galdera gehiago lortzen ditugu, baina badago anbizio bat definizio bat egiteko, errealitatearen definizio bat egiteko. Bilaketa bat ere bada idaztea, nire esperientzian behintzat».

«Nire egungo bizitzarekin zerikusia duten hainbat gauza jasotzen ditu liburuak, nire begiradatik; esango nuke errealitatearen definizio intimo bat egiten dudala testu hauetan»

KARMELE JAIO Idazlea

Bere aurreko lanetan landutako hainbat gai ageri dira liburu berrian, hala nola harremanak, esan gabeko kontuak, familiari lotutakoak, oroitzapenak, laguntasuna... Baita idazletzari buruzko gogoetak ere. Jaio: «Nire egungo bizitzarekin zerikusia duten hainbat gauza jasotzen ditu, nire begiradatik; esango nuke errealitatearen definizio intimo bat egiten dudala testu hauetan. Eta badago munduari begiratzeko era bat ere, baina leku horretatik; badago uztartze bat intimoa eta soziala den horren artean. Baina uste dut, munduan gertatzen den hori kontatzean, nolabait nire burua erretratatzen dudala, eta ez dakit ziur, baina esango nuke agian beste liburuetan edo fikzio hutsean baino ageriago agertzen naizela liburu honetan, batez ere nire begirada hor dagoelako, fikzioaren estalpe hori gabe».

Libre idatzi, libre irakurri

Denetariko testuak bildu ditu liburuan: labur-laburrak, luzeagoak, sakonak, umore puntu bat dutenak... Testuetako batzuk urteotan sortutakoak dira, baina beste asko propio idatzi ditu libururako. «Esango nuke idazle baten koadernoan aurkitu ditzakezun gauzak daudela: apunteak, oroitzapenak, iritziak, hausnarketak, zenbait lekutan argitaratu izan ditudan iritzi batzuk moldatuta, prosara ekarritako nire poema batzuk... Hau da, nahi izan dudana egin dut», baieztatu du, irribarre batez.

Adibiderako, Ardo hitzaren definizioa bilatuz gero, honako hau dio Jaioren hiztegiak: «Ardoa oparitzen hasten zaizkizunean. Adin hori». Haren aurretik dator Arbola hitzarena, inoiz poema bat izandako testua: «Abenduko arbola naiz, lo ditut atzamarrak. Ez bilatu laztanik, ez egin ahaleginik, jausi zaizkit zure arnasak behin dantzan jarri zituen hostoak. Ez bilatu laztanik ez egin ahaleginik, abenduko arbola naiz orain eta azazkal zorrotzak baino ez ditut adarretan». Eta orrialde batzuk aurrerago, F hizkiak bildutako hitz sortan irakur daiteke Feminismo hitzarena: «Behin ikusten duzunean, ezin diozu ikusteari utzi».

Idazketan aske jardun duela adierazi du Jaiok, aurrez egitura zehatzik ezarri gabe, bilaketan nahiz jolasean arituz. Eta horregatik, libre irakurtzeko gonbidapena egin dio irakurleari, edozein hitzetatik hasita, zatika... bakoitzak nahi duen eran irakur dezakeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.