Hiru urte igaro dira ETS En Tol Sarmiento taldeak azken diskoa kaleratu zuenetik, Guretzat, eta beste lan bat eman dute orain: Konkista (Baga Biga). Hainbat hilabeteko etenaldia egin eta «patxadaz» ondutako lana da, «bizitzaren kontrasteak» azaleratzen dituena, Iñigo Etxezarreta abeslari eta gitarra joleak (Gasteiz, 1988) azaldu duenez.
Etenaldiaren ondoren, indarberrituta bueltatu zarete?
Hogei urte daramatzagu errepidean, eta aurten esan diogu lehen aldiz geure buruari urtebetez geldirik egon behar genuela, birarik eta kontzerturik egin gabe. Bederatzi-hamar hilabete hauek konposatzeko baliatu ditugu. Diskoa etxean egin dugu, lasai; ia osorik Ekoran sortu eta grabatu dugu, gure herrian. Disko bat patxadaz egin dugun lehen aldia izan da.
Kontraste handiko sentimenduak ageri dira Konkista lanean: indarra eta ahultasuna, poztasuna eta mina… Emozioen mapa bat marraztu nahi izan duzue?
Diskoak bizitzaren kontrasteak erakusten ditu. Anbibalentziaz betetako mundu batean bizi gara, eta muturrak elkarrekin bizi direla islatu nahi izan dugu. Nolabait, diskoa kaos emozionaletik abiatuz sortutako da. Emozioak, zauriak eta orbainak bistaratu ditugu aurrenekoz. Uste dut hori beharrezkoa dela bizitza ulertzeko, eta baita barne konkista baterantz jotzeko ere. Horregatik da diskoa hain eklektikoa; esango nuke inoiz egin dugun pluralena dena.
Beraz, barrurantz egindako konkista bat da.
Bai. Konkista hitzarekin ez dugu gerra ekintza bat aipatu nahi, baizik eta maitasun ekintza bat, norberari eta ondokoari dagokiona. Barrura begira egindako konkista bat da.
Diskoak bidaia emozional baten egitura du. Hasierak nekea eta kaosa erakusten ditu; amaierak, berriz, ziklo baten itxiera.
11 kantu dira, 11 estilo eta 11 emozio. Diskoa kontzeptuala da, baina aldi berean antikontzeptuala ere bai. Kontraste asko dituenez, guk proposatzen dugu diskoa jarraian entzutea lehenengo, eta nahieran gero, kontraesan horiek zer eragin duten sentitu ahal izateko. Nik kontraesanez beteta ikusten dut neure burua: egun batean ondo, bestean gaizki; irribarrea kanpoan eta mina barruan. Diskoak hori irudikatu nahi du. Badira emozio mingarriak, baina baita pasioa, tentazioa eta poza ere.
«Anbibalentziaz betetako mundu batean bizi gara, eta muturrak elkarrekin bizi direla islatu nahi izan dugu»
Musika estiloen arteko mugak hautsi dituzue: popa, folka, bachata, afrobeata, musika elektronikoa…
Aukera kontzientea izan da. Urte askoren ondoren, talde gisa motibatuko gintuen prozesu baten bila genbiltzan, eta, gaur egun, estilo askotan murgiltzea da gure motibazioa. Badira hastapenei keinu egiten dieten kantu organikoak —Zure orbaina eta Bidai ona izan—, eta baita lehen aldiz jorratu ditugun estiloak ere: bachata, afrobeata eta Cordobako cuartetoa. Zergatik ez ulertu musika kolorez betetako abaniko baten gisara?
Arriskua hartu duzuela esan daiteke?
Agian bai, baina orain baliabide gehiago ditugu, eta jakintza handiagoa. Eta, batez ere, aurreiritzi gutxiagorekin egiten dugu musika. Garai batean, ETSk soinu unibertso jakin bati heltzen zion, baina, 2018tik aurrera, argi ikusi genuen aurrera egiteko ezinbestekoa zela abanikoa irekitzea.
Hitzak oso pertsonalak dira. Diskoa terapeutikoa izan da?
Bai, seguruenik nire bizitzako terapeutikoena. Egia asko daude tartean, baina baita asmatutako gauzak ere. Erraz sortu da diskoa, beharra baineukan azken urteetako gauzak kanporatzeko. Dena den, jendeak ez du inoiz jakingo zer den egia eta zer ez; garrantzitsuena istorioak sortzea da, eta bakoitzak bere bizitzara eramatea.
Eutsi eskutik abestia zure anaiari eskainia da.
Durangoko Azokan jende asko etorri zitzaidan esatera senide bat galdu ondoren kantarekin identifikatuta sentitu zirela. Horrelakoak ikustea oso hunkigarria da. Musikak gaitasuna du barruan ditugula ohartzen ez garen emozioak azaleratzeko, eta iruditzen zait kanta batek norbaiten egoera alda dezakeela benetan.
«Hogei urteren ondoren, uste dugu gure kultura, hizkuntza eta lurraldetasuna kanpora eramateko garaia dela»
Ekoizpen lanetan bi izen nabarmen daude: Fernando Boix eta Nabalez.
Fernando Boix Valentziako ekoizlearekin lau kantu landu ditugu, soinu organikoagoarekin. Beste zazpiak Nabalez kolonbiarrarekin egin ditugu. Musika latinoak badu pisua diskoan, eta, bachata bat egiteko, argi genuen kanpoko norbaitekin egin behar genuela, benetakoa izan zedin.
Diskoa 8.000 lagunen aurrean aurkeztu zenuten, Gasteizko Buesa Arenan egindako entzunaldi batean.
Ez zen kontzertu hutsa izan: kantu bakoitzaren bideoklipak ikusi genituen, hitzak azaldu, eta abestien atzean dagoen mezuaren berri eman. Jendeak oso ondo hartu zuen. Kontrastez betetako emanaldia izan zen, baina aldi berean intimoa, ETSren jarraitzaileentzat bereziki egindakoa.
Udaberrian Madrilen eta Bartzelonan aurkeztuko duzue lan berria, Bihotzen konkista ikuskizuna oholtzaratuta. Zergatik han?
Hogei urteren ondoren, uste dugu gure kultura, hizkuntza eta lurraldetasuna kanpora eramateko garaia dela. Apustu bat da. Ez dira ohiko aurkezpen kontzertuak izango, baizik eta emanaldi luze eta indartsuak. BECeko sentimendua kanpora eraman nahi dugu.
Euskal Herrian ez da aurkezpenik izango?
Kontzertu batzuk egingo ditugu, baina ez aurkezpen moduan. Oraingoz, indar guztiak Madrilgo eta Bartzelonako emanaldietan jarrita ditugu.
Duela hogei urte, pentsatzen zenuen taldeak hainbesteko arrakasta izango zuenik?
ETS hutsetik sortu genuen. Hasi ginenean, ez genekien ia instrumenturik jotzen, eta lehen urteetan Arabako Errioxan bakarrik jotzen genuen, tabernaz taberna. Ez nuen inoiz pentsatuko honaino iritsiko ginenik, baina pausoz pauso egin dugu bidea, eta horrek aukera eman digu etapa bakoitza gozatzeko. Taldea nire obsesioa da orain; bidea ederra da, baina oso exijentea ere bai.
Zuen jarraitzaileek komunitate bat osatzen dutela diozue sarritan. Haien babesak nolako garrantzia du taldearentzat?
Urteetako lana izan da: herrietako plazetan hazitako talde bat gara, eta horrek aukera eman digu jende askorengana iristeko. Uste dut arrakastaren gakoa zintzotasuna dela. Kanten atzean egia baldin badago, jendeak nabaritu egiten du.