Mendi bazter bateko kanposantura bidali gintuzten Jose Manuel Ibar Azpiazu izaki materialaren ehorzketa zelatatzera. Lau aingeru militar ginen eskuadran eta, une eder hari zegokionez, oso pozik geunden denok. Gure misioari buru ematera gindoazen, eta ez nolanahi. Semiyazza gure ofizialordeak adierazi zuen bezala:
—Ez zirudien erraza hasiera batean, espiritu sendoarekin etorri baitzen izaki material hau mundura Arroagoian, kanposantu honetatik hirurehun metrora dagoen auzune mineralki, begetalki, goxoan, hain justu ere ezizena emango zion Urtain etxean; baina lortu genuen haren orientazio sena hondatzea eta pausoak norabide okerrean emanaraztea, hala nola Galapago uharteetako dortokek erradiazio atomiko bat jasan ondoren, eta hortxe dago orain garaia baino lehen hilda, azken eraldaketaren abiapuntuan. Izorra dadila.
Eta gehitu zuen, bere komunikatzeko modu gama altukoan:
—Burua nahastuta, Galapago uharteetako ehunka dortoka erraldoik desertura jo zuten itsasora beharrean. Guztiz deshidratatu, eta hankaz gora gelditu ziren denak, muturra okertuta.
Nahiz uda betea izan, haize izoztuaren kolpea sentitu nuen. Beti gertatzen da agintea duten aingeru militarrekin. Hotza isurtzen dute hitz egitean. Halaxe Semiyazzak.
—Pena, ez ginela desertu hartan egon –esan zuen Azazelek, eskuadrako bigarrenak–. Dortoken agonia ikustea mereziko zuen.
—Hemen ere oso ondo gaude –Batraelek, eskuadrako hirugarrenak.
—Oso ondo, bai –onartu nuen nik, laugarrenak.
Arroagoiko kanposantuan bildutako izaki materialei begira jarri ginen, eta Azazelek, azazeldar legioko guztiek bezala klaribidentzia hipertrofiatua duenak, hilobiaren inguruan bildutakoen arteko batzuk («hamahiru, zehazki») kirolari menditarrak zirela jakinarazi zigun, Urtain harekin noizbait harri-jasotzen edo idi-probetan ibilitako indartsuak, «fortzudoak», eta une hartan ia denak negarrez ari zirela: halako gizon sendoak, halako bizepsak, halako trizepsak, eta halere begiak malkoz bustita agure eskastuak bezala. Barre egin genuen ahulezia hura zela-eta, zeren atsegina baita beti gu aingeru militarron eta izaki materialen artean dagoen aldea berrestea.
—Up! Lau boxeolari ohi ere etorri dira –esan zuen Azazelek. Azazelen ezaugarri bat da Up! batekin, birekin edo hirurekin laguntzea bere esaldiak, eta baita batzuetan cabrĂ³n, caraculo, hijoputa eta espainierazko beste hainbat hitzekin ere. Klaribidentzia hipertrofiatua ez ezik, mintzo baldarra dute azazeldarrek, haien prestigioaren zutabeetako bat da.
—Hilobitik hamabost metrora dagoen taldetxo horretan dauzkazue boxeolariak –segitu zuen–. Sudurragatik nabarmentzen dira, Pinotxo bezala, baina ez hain justu Pinotxorena bezalakoa daukatelako, zapala daukatelako baizik. Halakoxea zeukan Urtain delako horrek ere 1968tik 1977ra hirurogeita zortzi konbate jokatu eta gero...