Kritika. Musika

Entzule zoriontsuak

Marta Garcia
2026ko urtarrilaren 15a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

euskadiko orkestra

Zuzendaria: Jaime Martin. Sopranoa: Rachel Willis-Sorensen. Egitaraua: J. C. Arriagaren Esklabo zoriontsuak-en obertura, R. Straussen Azken lau Liederrak, TrV 296 eta J. Brahmsen 4. sinfonia, op. 98. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urtarrilaren 12a.

Euskadiko Orkestrak xehetasunez betetako programarekin hasi du urte berria, Juan Crisostomo Arriaga hil zeneko bigarren mendeurrenari keinu eginez. Izan ere, Esklabo zoriontsuak galdutako operako oberturak ireki zuen programa, kontraste eta dotorezia klasiko handiko piezak. Jaime Martinek batuta doi eta bizia erakutsi zuen, orkestrako kolore guztiei espazioa emateko asmoz, antza, neurriz eta soinu-mailak bereziki zainduz. Hala, orkestrari aspaldi entzuna ez nion bateratze- eta bereizte-lana antzeman zitzaion. 

84 urterekin idatzi zuen Richard Straussek Azken lau Liederrak abesti sorta, semeak kitzikatuta, gerrak hark ezagututako Europa suntsitu izanak sortzen zion ezinegon sakonetik gaztaroko poesia erromantiko alemaniarrari helduz. Rachel Willis-Sorensen soprano estatubatuarrak hasieratik argi utzi zuen zeinen ongi egokitzen zaizkion bere tinbre mamitsua eta teknika bikaina musika honen sentiberatasun, agur kutsu eta dramatismoari. Hermann Hesseren FrĂ¼hling (Udaberria) irekitzen duen KĂ¼ĂŸt der Sonnenschein die Erde (Eguzkiak lurrari musu ematean) lehen bertsoa bular-erregistro borobilaz jantzi zuen, eta gainontzeko guztietan legato beteak, malgutasuna eta salto samurrak gailendu ziren, beti on, beti oparo. Zeinen une ederra den Freiherr von Eichendorfen Im Abendrot (Ilunabarrean) malenkoniatsuan Luft (airea edo zerua) hitzarekin batera datorren txirularen parte-hartzea, baita azken hitzak («tod», hau da, heriotza) uzten duen osotasun zantzua.

Errepertorio sinfonikoaren maisulan batek osatu zuen kontzertua, Johannes Brahms obsesibo eta perfekzionistaren 4. sinfoniak, 1884 eta 1885 arteko uda garaian idatziak. Berriro ere, kontzertazio-lan aparta nabari zen orkestran, Andante moderato-aren lirismoan zein Allegro giocoso-aren dantza binario liluragarrian, artikulazio finaz aurkeztua. Dinamika joriak garatu ziren, zehaztasun- eta batasun-maila aparta ahaztu gabe. Sekzio guztiak graziaz beteta zeudela zirudien, elkarri entzuten eta entzuleen zoriontasuna handituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.