Hondartzarik gabe Donostiarik ez dagoenez, hondar pixka bat zegoen oholtza gainean, eta ura ere igerileku txiki batean. Fernando Bernues antzerki eta zinema zuzendariaren aholkularitzaz atondutako agertokian, olatuen soinuarekin hasi zen aurkezpena, eta gero Iñaki Salvadorrek eta Maite Berasartek eskaini zuten zuzeneko musika, pianoarekin eta ahotsarekin hurrenez hurren, indar sinboliko handiko irudiak lagun zituztela.
Bi zati izan zituen aurkezpenak: «teknikoa» bata, «sinbolikoa» bestea. Aurrenekoan, Odon Elorza alkateak, Santi Eraso hautagaitzaren zuzendari artistikoak, Loreto Rubio Komunikazio arduradunak eta Eva Salaberriak hitz egin zuten. Bigarrengoan, zazpi herritarrek beren istorio pertsonalak kontatu zituzten, hautagaitzaren proiektuarekin lotuak. Emanaldia gaztelaniaz egin zen ia osorik, ingelesezko itzulpenarekin; baina herritar batek euskaraz kontatu zuen bere istorioa, eta istorio hark ere izan zuen ingelesezko itzulpena.
Kulturaren eta hezkuntzaren aldeko aldarria izan zen Donostiako hautagaitzaren aurkezpena.«Adierazi dugun ideia nagusia da gatazkak sortzen direnean biolentzia alde batera uzteko -edozein biolentzia mota, Europako hiri guztietan baitago mota bateko edo besteko biolentzia- kultura eta hezkuntza direla ardatzak».
Horretaz gain, Donostiako hautagaitzaren oinarria «pertsonak» direla erakutsi zuten, eta pertsonek errealitatea aldatzeko duten ahalmena nabarmendu. «Gure proiektuarekin astindu bat eman nahi diegu geure buruei, egiten ari garen guztia berraztertzeko-gizartean oro har baina batez ere erakundeetan-, eta egin beharreko aldaketak egiteko, pertsonak izan daitezen benetako protagonistak. Hori lortzeko, gauza asko aldatu behar ditugu, bai hirian eta bai munduan».
Oinarritzat pertsona harturik, herritarren parte-hartzeari aparteko garrantzia ematen dio hautagaitzak. «Epaimahakideek argi ikusi dute guk aurkeztu duguna ez dela guri bururatutako zerbait, hiri batek bi urtean egindako gogoeta eta ekarpenak baizik».
«Sortu nahi genuen giroa sortu dugu, eta, egunkarietan-eta ikusi dugunaren arabera behintzat, zerbait diferentea eskaini dugu», esan zuen Salaberriak. «Aurkeztu diren gainerako delegazioak oso formalak izan dira. Traje eta gorbata asko eta oso itxura instituzionala nagusitu da, power point-ekin eta atrilarekin. Gure aurkezpena, proiektuarekin koherente izanik, bestelakoa izan da».
Ordu erdiko aurkezpenaren ondoren, epaimahaikideen galderen txanda iritsi zen. «Galdera gehienak arlo teknikokoak izan dira, finantzaketaren, antolaketaren eta erakundeen konpromisoen ingurukoak. Galdera horietarako ondo prestatuta geunden, eta arazorik gabe erantzun ditugu».
Odon Elorza Donostiako alkatea ere gustura eta lehen fasea gainditzeko itxaropen handiz zegoen aurkezpenaren ondotik. «Egitasmo hau herri honi garapen kultural ikaragarria emateko modurik onena da, herritarren parte-hartzetik eta sormenetik abiatuta», Elorzaren ustez.
Emaitza, ostegunean
Epaimahaia kulturaren munduko 13 profesionalek osatzen dute. Horietako sei Espainiako Kultura Ministroak izendatu ditu, lau Europako Batasuneko Kontseiluak, bi Europako Parlamentuak eta beste bat Europako Eskualdeen Batzordeak. Espainiako Kultura Ministerioak izendatutakoen artean euskal herritar bat dago: Cristina OrtegaNuere.
Hasieran, 16 hiri zeuden lehian -Iruñea horien artean-, eta haietatik 15 baino ez dira geratzen, Palma forma-akats baten ondorioz lehiatik kanpo geratu baita. Geratzen diren 15 horien arteko gutxi batzuek -seik asko jota- lehen fasea gaindituko dute. Ostegun arratsaldean jakingo da zenbat eta zeintzuk diren lehen galbahea gainditu duten hiriak.
Lehen galbahea gainditzen duten hirietako ordezkariek «lan handia» egin beharko dute ondorengo lau hilabeteetan. «Orain artean egin dugun lana oso kontzeptuala da», esan zuen Salaberriak. «Ideiak eta asmoak aurkeztu ditugu batez ere. Lehen fasea gainditzen badugu, hori guztia programazio batean sartu beharko dugu lau hilabeteko epean, konpromiso zehatzekin eta aurrekontuekin. Hori ez dugu soilik bulegoan landuko, harreman eta konexio berrien bitartez baizik, eta horrek lan handia eskatzen du».
2011ko otsailerako aurkeztu beharko dituzte programazio zehatz horiek, eta ekainean erabakiko da zein den azkenean Espainiak 2016an Europako kultur hiriburu izateko hautatutako hiria. Espainiak hautatutako hiriburuaz gain, beste kultur hiriburu bat ere izango du Europak 2016an, Poloniak hautatutakoa.
Gauza handiak antolatzen ohitutako herri txiki bat
Europa osoak gaur egun dauzkan erronken inguruan esperientziak eta ikasteko aukerak eskaintzen ditu Donostiak, eta Donostiarekin batera Gipuzkoak eta Euskadik», Salaberriaren ustez. Horrek egiten du erakargarri, besteak beste, Donostiaren hautagaitza. «Adibidez, eleaniztasunaren eta hizkuntza gutxituen inguruan, hemen badugu esperientzia, eta ikasteko bide bat».Horretaz gain, Donostiaren hautagaitzak «herri txiki bat» aurkezten du, «baina gauza handiak antolatzen ohitutakoa». «Donostiak 180.000 bizilagun ditu, baina joan den igandean U2 Donostian izan zen. Estropadak, Kilometroak... jende asko biltzen dituzten ekitaldiak antolatzen ohitutako herria da gurea».