Musika. A cappella

Epikoak

2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ez dakit zergatik baina gaur ezkerreko hankarekin altxatu naiz. Barkatuko didazue, baina pixka bat sasifilosofo natorkizue, ohi dudan modura, sentimenduen eta musikaren arteko erlazioari buruz hausnarketa etengabean.

Gaur goizean euriak logelako pertsianaren kontra gogor jotzen zuen, eta segituan, pertsiana igo aurretik, egun gris eta lainotsu baten irudia etorri zait burura. Gristasun horrek badu nolabait nire gorputzean ezinegon malenkoniatsu bat sortzeko ahalmena, eta egoera pasibo eta negatibo batera eramaten nau... Eta momentu horietan ez naiz nire sentimendu nahiz pentsamenduekin gustura sentitzen; gristasuna nire gogoaren kontra, parasito bat bezala sentitzen baitut barnean.

Seguru nago zuetariko askok izan dituzuela horrelako egunak. Ez nuke diskurtso katedratikorik eman nahi (nire gaitasunetik at dagoen zerbait da), baina egun grisek (zuengan agian hego haizea edota, zergatik ez, eguzkia bera izango da) nire gaitasun intelektual eta kreatiboa indargabetzen dute.

Musika aldizkarietan askotan irakurri dut egun grisek artista-sortzaile batzuk inspiratu egiten dituztela, burura arrapaladan etortzen zaizkiela hitzak, melodiak, teoriak… Hori bai zoriona!

Eta horrela, gristasun horretaz blai, lehen aipatu dudan pasibotasun orokor batean erortzen naiz; pasibotasunari, esku batetik, negatibismoak eusten dio, ta beste eskutik, berriz, etsipenak. Zaila da egoera horretan oreka emozionala lortzea.

Negatibismoa sentitzeko modu eta intentsitate desberdinak dauden bezala, bertatik ateratzeko irrika ere gizakion parte dela uste dut. Hara, oraintxe burura etorri zait Japoniako egoera eta bertako jende gajoa. Horiek ere zerbaiti eutsi beharko diote aurrera egiteko. Zerbait hori, itxaropena azken finean, egoera askotan egoten da. Japoniaren inguruan ez dut hitz gehiagorik idatzi nahi, ez baitago ezer esaterik, barren-barrenean bertigo moduko zerbait biziki sentitu baizik. Baina esan nahi dut: denongan dago itxaropenaren iturria. Aurkitzen saiatu behar da, hori bai.

Nik gris (triste, malenkoniatsu…) horri aurre egin behar izan diot eta denborarekin aurkitu dut nolabaiteko sendagarria. Eta beti bezala, musikarekin dauka lotura estua. Badaude talde batzuk (Arcade Fire, nagusiki), normalean bost pertsonatik gorako taldeak, instrumentuz inguratuta (mota guztietakoak: akordeoia, xilofoia, biolontxeloa, biolina…) sentimendu positiboak pizten dizkidatenak. Epikoak deitzen diet, nolabait ere garaipenezko hitzekin itxaropen-irrika pizten didatelako; une oso intentsuak izaten dituzte, gerra imaginario batean zintzoen aldean kokatzen nautelarik. Epikoak dira esaldi iraultzaileak oihukatzen dituztelako: injustiziaren kontrakoak, adibidez.

Arcade Fire entzutera animatzen zaituztet, ea nolabaiteko subidoia sentitzen duzuen jakin nahi nuke. Epikotu zaitezte! Arcade Firek oihukatzen duen modura: Let's go! (goazen aurrera!).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.