'LORATEGI BAT SOINEAN'
Non: San Telmo museoan, Donostian. Noiz arte: Irailaren 28ra arte.
Abuztuaren azken astearte arratsaldean joan ginen San Telmora. Eta esan behar dut inoiz ez bezala ikusi nuela; inoiz ez bezain betea. Sartzeko, txartel-leihatilen aurrean (guztietan) ilarak zeuden, eta inprobisatutako leihatila bat ere tartean bazegoen irudipena izan nuen. Ez dakit oraindik opor garaia zelako ote zen, astearteetan sarrera dohainik izaten delako, edo gu geu ere ikustera joan ginen Lorategi bat soinean aldi baterako erakusketak izandako arrakastaren ondorioa izan zitekeen. Baina museoa, zinez, jendez lepo zegoen.
Hasieran asko poztu nintzen, museoak, normalean —San Telmo tarteko—, bisitari kopuru ikaragarririk gabe ikusi izan baititut; salbuespen nagusienetarikoa Guggenheim museoa izanik —aurten, abuztuaren 31 bitartean, 900.000 bisitaritik gora izan omen ditu—. Baina museoko erakusketetako bisitetako esperientzia erabat aldatu eta baldintzatzen du honek; eta hau aitortu behar dut: ez onerako.
Museoan aldi baterako erakusketen sarrera moduan jarri ohi duten bideotxoa ezin entzunik ibili ginen pasilloetan zegoen zarataren ondorioz. Erakusketa espaziora sartuta, jendea ezin saihestu ibili ginen elkar tupust ez egiteko; eta aspaldi ibili gabeko hanka eta gorputz jokoekin ere aritu ginen, atzera eta aurrera, erakusgai zeuden piezetako bakoitza ikusi ahal izateko. Baina tira, arestian esan bezala, arrazoia pozgarria zen, izatez.
Ezohiko erakusketa bat da, eta agian hor egon liteke arrakastaren arrazoia, antzinako jantzien erakusketa baita dagoena. XVIII. eta XIX. mendeetakoak dira, eta guztiek ildo komun bat dute: gainazalean landare irudikapenak dituzte. Eta hortik dator erakusketaren izenburua bera ere.
Ezohiko erakusketa bat da, eta agian hor egon liteke arrakastaren arrazoia, antzinako jantzien erakusketa baita dagoena
Landareen maitale sutsua naiz, eta landare artean ibiltzeak, haiek ukituz eta haiek usainduz, baretu egiten nau, lurrera jaitsi, oinarrizkoenera. Terapia modukoa da, ia beharrezkoa dudana. Eta irakurri dudanaren arabera, ez naiz bakarra. Eta landarez inguraturik eguna igaro ezin dugunez, erakusketaren tituluak iradokitzen zuen ideiaz maiteminduta bertaratu nintzen; lorategia soinean eramatearen ideiaz hain zuzen, lorategiaz babestuta ibiltzearen pentsamenduz, nahiz eta jakina izan oihalek ez dutela ez testura, ez mugimendu, ez eta usain bera. Baina hura gogora dezakete, memorabilia antzeko funtzioa hartuz, eta asfalto gaineko bizimodua, sinbolikoki bada ere, itxuraldatuz.
Ez naiz jantzietan eta modan espezialista, baina arropetako bakoitza ikusgarria iruditu zitzaidan; oihalen kalitatea, motiboak, moldeak, tolesturak… begiak gainetik ezin kendu ibili ginen xehetasunetako bakoitzarekin.
Mostra kronologikoki antolaturik dago, pieza zaharrenetatik hasi eta berrietarainoko ibilbidea proposatuz, eta instalazioa ere oso dotorea eta zaindua da. Jantziak espazioaren perimetroetan kokaturik daude, ondo eta plataforma beltzaren gainean, eta, kontrastez, protagonismoa hartzen dute. Espazioaren erdialdean haien osagarri diren dokumentuak agertzen dira, bisitaria antzinatera daramaten egur goxoko beira-arasetan sarturik: jantziak egiteko patroiak eta jarraibideak dituzten liburuak daude, apaindurazko loreak egiteko tresnak, eta XVIII. mendeko Diderot eta D’Alemberten Entziklopediaren ale bat ere bai, brodatzeari buruzko orria bistan delarik, besteak beste. Zalantzarik gabe, garaiko jantzigintzaren esparru zabalean murgilarazten du horrek.

San Telmoko funtsen parte den altxor txiki bat da Entziklopediaren alea, baina Donostiako museokoak dira baita Museo del Trajetik ekarritako jantziekin batera erakusgai dauden beste hainbat soineko, mantal eta jaka ere; hain delikatuak izanik, gutxitan jartzen direnak ikusgai. Eta, beraz, haietaz gozatzeko aukera paregabea da erakusketa.
Disfrutatzeko mostra da: jantzien morfologiaren garapenean eta haien zergatietan, oihalen dekorazio motiboen aldaketa eta landareen ikonografiaren esanahi eta garrantzian, eta teknika berrien agerpenean eta testuinguruan jartzen du arreta. Eta, ni bezala esparru honi buruzko ezagutza gehiegirik gabekoa izanez gero, aretoz areto jakintza berrietan murgiltzeko aukera eskaintzen du.
Motza egin zitzaigun. Oraindik ere areto batetik bestera aurkikuntza berriak egiteko gogoz gelditu ginen, modaren eta jantzigintzaren eremuan gehiago murgiltzeko gogoz, gehiago jakiteko nahiarekin; ikonografiak botere-erakusketarekin izan zezakeen harremanean, eta genero begiradan, esaterako. Beraz, ez dadila izan bi museo hauen artean egiten den azken elkarlana. Â Â Â