Zinema estreinaldiak

Eraikitzen gaituzten zauriak

Andrew Haigh zinemagile britainiarrak bere iraganari aurre egin behar dion gidoilari bakarti baten istorioa kontatzen du 'All of Us Strangers' bere azken filmean.

Andrew Haigh zinemagilearen 'All of Us Strangers' filmeko fotograma bat.
Andrew Haigh zinemagilearen 'All of Us Strangers' filmeko fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko otsailaren 14a
05:05
Entzun

Adam gidoilaria da. 12 urte zituela, bere gurasoak kotxe istripu bat izan zuten, eta hil egin ziren. Adam haiekin zuen harremanari buruzko gidoi bat idazten ari da, baina zaila egiten ari zaio. Egunak telebistari begira, sofan etzanda eta txikitako argazkiak begiratzen igarotzen ditu. Bakarrik bizi da, Londresko eraikin altu bateko apartamentu batean. Eraikin osoan soilik bera eta bere bizilagun Harry bizi dira. Gau batean, Harryk Adamen atea joko du, eta bakarrik sentitzen diren bi gizon hauen artean harreman bat hasiko da. Aldi berean, gidoilariak bere gurasoen etxea zegoen Londresko aldirietako auzora joatea erabakiko du, eta, bere ezusterako, ama eta aita azkenekoz ikusi zituen bezala topatuko ditu; hil zirenean zuten adin bera dute, eta haien janzkerak zein etxeak berak ere 1980ko hamarkadan gelditu direla adierazten dute.

Andrew Haigh zinemagilea Taichi Yamada idazlearen 1987ko Strangers eleberrian oinarritu zen All of Us Strangers filmaren gidoia idazteko garaian. Yamadaren istorioak 50 urte inguruko gidoilari bakarti baten erretratua egiten du, hil ziren gurasoekin topatu ondoren erregularki bisitatuko dituena, eta bere bizilaguna den emakume batekin harreman bat hasiko duena. Haighek argi zuen bere filmaren protagonistak bi gizon behar zutela izan. Denbora zeraman bere esperientzian oinarritutako istorio bat kontatu nahian, 80ko eta 90eko hamarkadetan hazitako gizon gayen belaunaldiak bizi izandakoa erretratatu nahian, eta mamu-istorio berezi honek horretarako aukera eman zion.

Zinemagile britainiarrak Weekend (2011) filmarekin lortu zuen ospea. Bertan, bi gizonen asteburua kontatzen du; gau bateko sexu harremana zirudiena harreman sakonagoa eta intimoagoa bilakatzen den asteburua. Ondoren etorriko ziren Looking —bi denboraldi eta gero bertan behera utzi bazuten ere, hamar urte geroago LGTBI gaiak lantzen dituen kultuko telesaila bilakatu dena— eta 45 Years —zinema jaialdien zirkuitutik igaro ondoren hainbat sari eta izendapen jaso zituen drama—. Bere azken bi lanek, Lean on Pete (2017) film luzeak eta The North Water telesailak (2021) ez dute aurrez aipaturiko lanen harrera izan, baina, kritikaren esanetan, All of Us Strangers-ekin Haigh bere esentziara itzuli da. Tellurideko jaialdian estreinatu ondoren, izendapen mordoa jaso, eta Erresuma Batuko zinema independentearen sarietan (British Independent Film Awards) garaile nagusia izan da.

All of Us Strangers iraganeko zauriei buruzko filma da, bakardadeari buruzkoa, isolamenduari buruzkoa. Norbere identitatea eta gainontzekoekin harremantzeko era eraikitzen duten oroitzapenei eta oinazeei buruzkoa. Adamek gurasoen etxera egiten dituen bidaiak zauri horiek sendatzeko nahiak bultzatutako bidaiak dira, baina Haighek duen txikitik eraikitzeko era eraginkorrak lekua uzten dio ikusleari bere zauri propioak mahai gainean jartzeko. Era berean, zinemagileak ez du errebelazio handirik egiten, ez eta eszena melodramatikorik filmatzen ere, baina lortzen duen atmosferak eta laukote nagusiaren antzezpenek hunkigarria bihurtzen dute filma, mingarria istorioa.

'All of us strangers'

Zuzendaria: Andrew Haigh. Gidoilaria: Andrew Haigh. Eleberriaren egilea: Taichi Yamada. Aktoreak: Andrew Scott, Paul Mescal, Claire Foy. Argazkia: Jamie Ramsay. Musika: Emilie Levienaise-Farrouch. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 105 min. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: Gaur estreinatuko da Iparraldean, eta hilaren 23an Hegoaldean.

 

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_13595480) (/EZEZAGUNA) pris
Priscilla filmaren fotograma bat.

'Priscilla'

Priscilla Beaulieu nerabeak festa batean Elvis Presley ezagutzen duenean, hau rock-and-rollaren izarra da jada, baina une pribatuetan beste pertsona batean bilakatzen da: bakardadean aliatua eta lagun min zaurgarria. 1985ean Priscilla Beaulieu Presleyk idatzitako Elvis and Me oroitzapenetan oinarritutako filma.

Zuzendaria: Sofia Coppola. Gidoilaria: Sofia Coppola (Priscilla Presleyren oroitzapenetan oinarrituta). Aktoreak: Cailee Spaeny, Jacob Elordi, Emily Mitchell. Argazkia: Philippe Le Sourd. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 110 min. Herrialdea: AEB.

 

'Bob Marley: One Love'

Bob Marley: One Love-k bere maitasun eta batasun mezuaren bidez belaunaldiak inspiratu zituen ikono baten bizitza eta musika ospatzen ditu. Bob Marleyren biografia honetan, zoritxarraren aurrean zuen erresilientzia eta musika iraultzailea egitera bultzatu zuen bidea erretratatuko dira.

Zuzendaria: Reinaldo Marcus Green. Gidoilariak: Terence Winter, Reinaldo Marcus Green, Frank E. Flowers, Zach Baylin. Aktoreak: Kingsley Ben-Adir, Lashana Lynch, James Norton. Argazkia: Robert Elswit. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 104 min. Herrialdea: AEB.

 

'Vivants'

Gabrielle albistegi entzutetsu batean sartu berri da. Prestakuntzarik gabe, bere balioa erakutsi eta bere lekua aurkitu beharko du eskarmentu handiko korrespontsal talde batean. Denborarekin, Gabriellek berriemaile grinatsu eta dibertigarri hauen hizkuntza eta kodea ikasiko ditu, eta Vincenti, programaren editore nagusiari aurre egingo dio etengabe.

Zuzendaria: Alix Delaporte. Gidoilariak: Alix Delaporte, Alain Le Henry, Olivier Demangel, Jeanne Herry. Aktoreak: Alice Isaaz, Roschdy Zem, Vincent Elbaz. Argazkia: Ines Tabarin. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 86 min. Herrialdea: Frantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.