'MEGADETH'
Dave Mustainek hartu duen erabakia benetakoa bada, hau da haren taldearen azken diskoa eta azken bira. Taldearen jarraitzaileek Barakaldoko BECen izango dute, beraz, azken agurra emateko aukera, maiatzaren 29an. Mustainek egurra eman die azken diskoko kantuei, eta entzulea kolpatu du Tipping Point kantutik hasi eta amaieraraino. Izan ere, burmuina txikitzen ez duen Megadethen disko bat ez baita taldearen klasikoen artean sartzeko modukoa. Thrash metala, abiadura eta teknika dira Megadethen estiloa definitzen duten osagaiak, eta alderdi hori ondo ordezkatuta dago azken disko honetan.
Aipatu dugun kantuak eragin horiek guztiak barneratzen ditu, punteo zitalak ahaztu gabe, noski. I Don’t Care-n solo motz eta zorroztuak (asko, gainera) errepika tematia dauka bidelagun, eta Hey God?! geldoagoa da. Poliki garatzen da eta errepika benetan berezia dauka. Eskema oraindik erasokorragoa dakarkigu Let There be Shred hiltzaileak. Solo luzeagoa dauka eta bi gitarren artean sortzen duten soinua bereziki teknikoa eta eraginkorra da. Itzela. Ondoren, abiadura pixka bat jaisten dute Puppet Parade eta Another Bad Day kantuekin. Lehenengoaren hard-rock sonoritatea eta bigarrenaren soloa nabarmenduko genituzke, betiere konplexutasun puntu bat mantentzen dutela argi esan behar badugu ere.
Made to Kill-en bateriarekin egindako sarrera diskoko momenturik onenetakoa da, eta gogorra bezain gaiztoa da bere osotasunean, bi gitarren artean eragindako triskantza nagusitzen baita era oso zigortzailean. Obey the Call itxurazko lasaitasunean garatzen da, baina Megadethen norabide aldaketa tipikoen modura, azken minutu eta gehiagoan eztanda egiten du, gupidarik gabeko gitarra eta erritmo izorratzailearen poderioz. I am War giroa lasaitzera dator, txukuna den arren, eta akaso hard-rock ukitu bat eduki ere badaukan arren. The Last Note-k gitarra jolas polita dauka, eta diskoa amaitzeko modu aproposa da inondik ere.
Aldiz, berea den baina lehenago Metallicak grabatu zuen Ride the Lighting klasikoa sartu du bonus track moduan. Ez zuen inolako beharrik horretarako, eta erabaki okerra dela uste dugu, batez ere bere aurreko bandaren bertsioa hobetzen ez duelako. Egia da bere ukitu pertsonala sartu diola, baina ez du Mechanix-ekin Metallicaren The Four Horsemen kantuari eman zion erreplika gainditzen.
Dena den, disko borobila da eta Megadethen zaleak asebeteko dituelakoan gaude. Teknikak, gitarren trostak, soloen kalitate eta konplexutasunak, Mustaineren ahots arraspatuak eta erritmo atal brutalak lan borobila osatu dute. Azken hogei urteetako Megadethen diskorik onenen (United Abominations edota Dystopia) maila berdintzea lortu duela esan genezake. Betiere, eta esan gabe doa, Peace Sells eta Rust In Peace gaindiezinak direla argi utzi behar badugu ere.