Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko eztabaidan Urdaibaiko Guggenheim museorik ez dagoenez geroztik, inoiz baino ageriago geratu dira orain artean proiektuaren gerizpean geratu izan diren eskualdearen garapenari buruzko kezkak. Agirre Lehendakari Center ikerketa zentroak iazko urte hasieran abiatu zuen Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko entzuketa prozesua, eta 949 herritar elkarrizketatu ditu, guztira. Uztailean aurreratu zituzten ikerketaren behin-behineko ondorio nagusiak, eta, azaldu zutenez, museoaren kokapenak eragiten zuen kontrakotasunik handiena. Bilboko Guggenheim museoko patronatuak faktore ekonomiko, ekologiko eta juridikoez gainera, ikerketaren emaitza horiek ere hartu ondoren erabaki zuen museoaren bigarren egoitzaren proiektua bertan behera uztea. Abenduan izan zen hori. Eta, hilabete pasaren ostean, Agirre Lehendakari Centerrek gaur aurkeztu ditu ikerketaren behin betiko emaitzak Gernika-Lumon (Bizkaia), jadanik museo proiekturik ez dagoenean. Eta, horregatik, eskualdeari buruzko kezkek hartu dute lehen lerroa.
Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak eta Itziar Moreno zuzendariaren albokoak eman dituzte ikerketari buruzko xehetasun tekniko eta metodologikoak, eta haren balorazio politikoa egiten izan dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Haien hitzetan, eskualdearentzako jadanik abian duten bidea «egokia» dela adierazten dute ikerketaren ondorioek.
«Museoa Urdaibain handitzeari, ez, baina eskualdearen garapenari, bai». Bengoetxeak azaldu duenez, esaldi horrek laburbil dezake ikerketaren ondorio nagusia. Horregatik, oraintxe bertan martxan duten Busturialdea-Urdaibairako plan estrategikoaren mesedetan baliatu nahi dituzte Agirre Lehendakari Centerrek egindako ikerketaren ondorioak.
Faktore bat gehiago
Ikerketak azaleratutako museoaren aurkakotasunak ere izan du eraginik museoa bertan behera uzteko azken erabakian. Bengoetxeak onartu du hori lehenik, eta Etxanobek ere bai ondoren, baina, biek zehaztu dutenez, ez da faktorerik erabakigarriena izan. Azaldu dutenez, faktore ekonomikoak, ekologikoak eta juridikoak ere hartu dituztelako kontuan, eta faktore multzo zabalago horretan kokatu dute proiektuaren «bideragarritasun soziala» ere.
Guztira, hamar hilabete iraun du Agirre Lehendakari Centerrek gidatu eta Columbia Unibertsitateak lagundutako prozesuak, eta, guztira, 949 pertsona elkarrizketatu dituzte denbora horretan. Zazpi kontraste saio ere egin dituzte, emaitzak bermatzeko, eta ikerketari eskainitako bi eguneko kongresu zientifikoa ere egin zuten abenduan.
«Desberdintasunak badaude, baina adostasun handiak ere bai. Inork ez du zalantzan jartzen ingurugiroarekiko babesa eta eskualdearen garapenaren aldeko jarrera»
ITZIAR MORENO Agirre Lehendakari Centerreko zuzendariaren albokoa
Ikerlariek gogoratu dutenez, kualitatiboa izan da azterketa, eta, beraz, ezinezkoa da ondorio kuantitatiborik ateratzea. Museoaren proiektuari buruzko diskurtsoen prebalentzia ikertu dute, horregatik, eta bost narratiba nagusitan bildu dituzte jasotako herritarren erantzunak. Museo proiektuaren aurkakoak dira haietako bi, baina bada museoaren aldekoa den narratiba bat ere. Edonola ere, museoaren alde zein kontra, bi ildoek egiten dute bat eskualdeak garapena behar duela nabarmentzeko orduan. Museoaren aurka egonik ere, Busturialdea-Urdaibairako proiektu bat behar dela adierazten duelako eztabaidak luzatu ahala nagusituz joan den kontrako jarrerak, eta museoaren aldeko jarrera dutenek ere eskualdearen egoera hobetzeko giltza izan daitekeelakoan egin dutelako museoaren alde.
«Gu saiatu gara informazio hori ematen, baina txostenak jasotzen du jendeari ez zaiola nahikoa edo behar bestekoa iruditu. Autokritika bat baino gehiago, ikasteko aukera bat da»
ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia
Eta, hain zuzen ere, kontsentsu hori nabarmendu dute Agirre Lehendakari Centerreko ordezkariek. Moreno: «Desberdintasunak badaude, baina adostasun handiak ere bai. Inork ez du zalantzan jartzen ingurugiroarekiko babesa eta eskualdearen garapenaren aldeko jarrera».
Gardentasun falta
Proiektuari buruzko informazio falta aipatzen duen laugarren narratiba bat ere bereizi dute ikerlariek. Eta bada herritarren artean gailendu den bosgarren narratiba bat ere, ikerlariek honako esaldi honekin laburbildu dutena: «Nire iritziak ez ditu gauzak aldatuko».
Herritarrek proiektuari buruz sentitu duten «gardentasun falta» ere azaleratu du ikerketak. Etxanobek nabarmendu du datu hori bere aurkezpenean, baina izkin egin dio Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruzko informazioa helarazteko izan duten moduari buruzko autokritika egiteari. Haren hitzetan, «hobekuntza elementu bat» da pertzepzio hori. «Gu saiatu gara informazio hori ematen, baina txostenak jasotzen du jendeari ez zaiola nahikoa edo behar bestekoa iruditu. Autokritika bat baino gehiago, ikasteko aukera bat da, agian hurrengoetarako beste era batean egin daitezkeelako gauzak».