Artea

Erakusketa bat «munduaren bihotzari»

'Amazoniak. Antzinako etorkizuna' erakusketa ireki dute Donostiako San Telmo museoan. Amazonian bizi diren hainbat artistak egindako piezaz osatuta dago, baina ez da erakusketa soil bat: antolatzaileen esanetan, «bidaia sentsorial bat» ere bada.

Erakundeetako ordezkariak, eta erakusketan parte hartu duten artistetako bat, gaur San Telmon. GORKA RUBIO / FOKU
Erakundeetako ordezkariak, eta erakusketan parte hartu duen artistetako bat, gaur, San Telmon. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko urriaren 30a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Milaka eta milaka kilometro daude Donostiatik Amazonia eskualderaino. Adibidez, eremu horretan dagoen Manaos hiriraino (Brasil) 8.600 kilometro daude. Eskualde handia da, Hego Amerikako bederatzi herrialde hartzen baititu: Brasil, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia, Venezuela, Surinam, Guyana eta Guyana Frantsesa. Askok eta askok, Amazonia entzutean, basoa eta oihana irudikatzen dituzte, baina hori baino askoz gehiago da: 30 milioi biztanle ditu, eta horien %75 baino gehiago hiriguneetan bizi dira. Eskualdearen aniztasuna islatze aldera, Amazonia. Antzinako etorkizuna erakusketa zabaldu berri dute Donostiako San Telmo museoan, eta 2026ko apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai. Museoak antolatu du, eta CCCB Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroak izan du ekoizteko ardura.

Amazoniako hainbat artistak egindako lanez osatuta dago Amazonia. Antzinako etorkizuna. Bada, lan horien bidez, erakutsi nahi dute hango herriek zer lotura duten naturarekin eta zer-nolako jakintza duten arbasoen inguruan. Pinturak, bideo instalazioak, argazkiak, herri horietako kideek erabiltzen dituzten objektuak... denetarik dago ikusgai. Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariaren esanetan, zentzumen guztiekin gozatu behar da erakusketaz: «Munduaren bihotzera hurbiltzen laguntzen du». Ikusteko eta entzuteko ez ezik, usaintzeko prest ere egon beharko du bisitariak. Hori dela eta, erakusketaren ikuspegi «poliedrikoa» nabarmendu du Carmen Garmendia San Telmoko aldi baterako erakusketen arduradunak.

Duela bost urte hasi zen Claudi Carreras erakusketako komisarioa proiektuarekin, Amazoniara egindako bidaia baten ostean. Judit Carrera CCCBko zuzendariarekin harremanetan jarri zen ideiaren berri emateko, eta segituan hasi ziren lanean. Komisarioak argi zuen Amazoniaren eta Bartzelonaren arteko zubi lanak egingo zituela, eta, horretarako, zortzi adituz osatutako lantalde bat sortu zuen; guztiak eskualdekoak ziren. «Amazoniako ahotsak jaso nahi nituen, jendeak uler dezan zer gertatzen den han», aipatu du. Jordi Costa CCCBko erakusketen saileko burua da, eta oroitu du Carrerasi esker aldatu zuela eskualdearen inguruan zuen begirada, aurrez «guztiz koloniala» zen eta. Hain zuzen ere, nahiko luke bisitariek ere begirada aldatzea.

Arbasoak oroituz

Lau ataletan banatuta dago erakusketa. Lehenari Sustraien mezua izena jarri diote, eta Amazonia eskualdeak naturarekin duen eta izan duen harremana erakusten du. Hainbat pintura erraldoik hartzen dituzte aretoko paretak; kolorez josita daude, eta horietako batzuek ia-ia hipnotikoak dirudite. Mahku kolektiboak, esaterako, horma irudiak sortu ditu kaxinawa komunitateko 59 kantu tradizionaletatik abiatuta. Sortzaileek sendabelarrak erabili zituzten inspirazio iturri gisa, bereziki aiahuaska.

(ID_15470687) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-10-30, Donostia. \
Mahku kolektiboaren margolanak, San Telmo museoan. GORKA RUBIO / FOKU

Andres Cardona artistak Emilio Fiagama huiototo herriko —Kolonbian, Perun eta Brasilen hedatzen da— buruzagiarekin sortu du Maloka instalazioa. Etxola handi bat da, palma orriz eta egurrez egina. Barruan, Cardonak egindako bideo laburrak proiektatzen dira, hainbat pantailatan. Eskualdeko 29 pertsonari egindako elkarrizketak ikus daitezke. «Zer da maloka? Izaki bizidun guztiak bizi diren lekua», adierazi du Fiagamak. Horri lotuta, aipatu du Amazonian ez direla soilik animaliak bizi.

Maloka instalazioa dagoen aretora sartu orduko usain berezi bat nabari da; ez da erraza zer den bereiztea. Erakusketaren antolatzaileek lanketa berezia egin zuten Amazoniara egindako bidaietako batean; bertako biztanleei hainbat galdera egin zizkieten: «Zeren usaina du maloka batek?», «Zer usain du baso tropikalak?», «Zer usain du Amazoniako hiri batek?». Jendearen erantzunetatik tiraka, perfumeak sortu dituzte, eta erakusketako zenbait puntutan jarri, bisitariak usaindu ditzan.

Oihana bakarrik ez

Urez egindako zuhaitza atalean, zortzi artistak Amazonia nola ikusten duten azaldu dute euren lanen bitartez. «Amazoniaz pentsatzean, oihana eta herri indigenak etortzen zaizkigu burura, baina biztanleen %13,4 bakarrik dira indigenak; gehienak hirietan bizi dira», gogorarazi du komisarioak ere. Iquitos Peruko Amazoniako herrigune handiena da: kultura bizi-bizi dago bertan, eta eskualdeko musikan duen eraginagatik nabarmentzen da. Hori erakusteko asmoz, han dagoen El refugio tabernaren erreplika txiki bat sortu dute, eta han jartzen duten musika entzuteko aukera dago.

«Amazoniaz pentsatzean, oihana eta herri indigenak etortzen zaizkigu burura, baina biztanleen %13,4 bakarrik dira indigenak; gehienak hirietan bizi dira»

CLAUDI CARRERAS Komisarioa

Lehengaien oparotasunagatik ere ezaguna da Amazonia. Hain zuzen, Oparoaldi suntsitzaileak atalak zona horretako baliabide naturalen ustiapen neurrigabea salatzea du helburu. Horretarako, hainbat fotokazetarik eta dokumentalistak egindako lanak jaso dituzte. Petrolioa, kautxua, meatzeak... hartu dituzte ardatz lan horietarako. Laugarren eta azken atalak borobiltzen du erakusketa, Ehun bat gara izenekoak; eskualdeko egoera ekologikoaren inguruan hausnartzera gonbidatzen du bisitaria, besteak beste, onddoekin eta zuhaitzekin egindako proiektuen bidez.

Erakusketaz gain, makina bat jarduera antolatu dituzte: hitzaldiak, kontzertuak, ikuskizunak, bertso saio bat... Ekitaldi horien inguruko informazio guztia San Telmo museoaren webgunean aurkitu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.