Erakusketa digital batekin ospatuko du Balentziaga museoak hamargarren urteurrena

Joskintza ardatz duen museoak doan zabalduko ditu ateak asteburu honetan 

Denis Itxaso, Harkaitz Millan, Markel Olano, Jose Manuel Rodriguez eta Iñigo Urkullu, gaur eguerdiko ekitaldian. BALENTZIAGA MUSEOA
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko ekainaren 11
17:17
Entzun

Orain dela hamarkada bat, gaurko egunez zabaldu zituen lehenengoz ateak Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoak. Era horretara, errealitate bihurtu zen goi mailako moda sortzaileen lana gordetzeko, ikertzeko eta mundura zabaltzeko zentro bat eraikitzeko ametsa. Gaur bete dira hamar urte egun hartatik, eta Miren Vives zuzendariak urteurrena «lorpen kolektiboa» dela nabarmendu du.

Hamar urteko ibilbidean 500.000 bisitaritik gora jaso ditu museoak. Bisitari kopurua ez ezik, museoaren ondarea ere handituz joan da urteotan guztietan: Cristobal Balentziaga diseinatzailearen 1.039 piezarekin abiatu zuten proiektua, baina egun 5.559 dira museoko bilduma osatzen dutenak. Era berean, jostunaren figuraren inguruko hamasei erakusketa antolatu dituzte, bilduma propioko zein kanpotik ekarritako materialak erakutsiz. Bestalde, modarekin eta Balentziagarekin lotutako beste hamasei erakusketa jarri dituzte ikusgai azken hamar urteetan. Esate baterako, Zinema, Balentziagaren amets bat erakusketa. 

Ekitaldi andana

Urteurrenaren harira, 2011-2021 Legatua partekatuz erakusketa digitala aurkeztu dute. Bertan, museoaren bildumako hamar pieza aukeratu dituzte, eta horiek museoaren jardueraren hamar mugarrirekin lotu dituzte. Era berean, Balentziagaren «hamar balioak» adierazi nahi dituzte pieza horien bitartez, museoko arduradunek azaldu dutenez: «Lidergoa, konfiantza, fideltasuna, sormena, aniztasuna, tradizioa, berrikuntza, jasangarritasuna, zehaztasuna eta erreferentzialtasuna».

Horrez gainera, asteburu honetan, museoak doan zabalduko ditu ateak, 11:00etatik 19:00etara. Alaïa eta Balentziaga. Formaren eskultoreak erakusketa doan ikusteko aukera izateaz gainera, museoak 40 minutuko bisita gidatuak eskainiko ditu.

Gaur eguerdian egin dute ekitaldi instituzionala Balentziaga museoan, eta hainbat izan dira bertan izan diren instituzioetako ordezkariak. Tartean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jose Manuel Rodriguez Uribes Espainiako Kultura eta Kirol ministroa, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburua, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatua eta Haritz Alberdi Getariako alkatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.