Erausoren ispilu deserosoa

Euren azken lanak bildu dituzte Helena Cabello eta Ana Carceller artistek Bilboko Azkuna zentroan, eta Katalina edo Antonio Erausoren erretratua hartu dute horretarako ardatz gisa

2000. urtetik hona sortutako hainbat lan jarri ditu ikusgai Cabello/Carceller artista bikoteak, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Historiak tarteka izaten dituen korapilo horietako bat da Erauso. 1585. urtean jaio zen, Donostian, eta Katalina izena jartzearekin batera ebatzi zuten emakumezko zela. Moja egin zen lehenik, baina gudari bilakatu, eta alferez ere izan zen. Aita Santuaren bulda bat ere eskuratu zuen gizon modura jantzi ahal izateko, Amerikako kanpaina kolonialetan parte hartu, ehunka maputxe hil, bere bizialdiaren nondik norakoak idatzi eta, Francisco de Loyola, Pedro de Oribe, Alonso Diaz eta Ramirez de Guzman izenak baliatu ostean, Antonio Erauso izena hautatu zuen azkenik bere heriotza egunerako, 1650. urtean, Mexikon, gizon ehortz zezaten. Ispilu argi bat izan da Erausorena, horregatik, genealogia egarriz den genero eta sexu disidentziarentzat, baina, Paul B Preciado pentsalari, idazle eta arte komisarioak aitortu duenez, zaila da ispilu odoltsu eta bortitz horretan ikusten denarekin identifikatuta sentitzea. «Figura deserosoa da trans historian». Eta, hain zuzen ere, deserosotasun hori jarri dute Helena Cabello eta Ana Carceller artistek Bilboko Azkuna zentroan jarri duten erakusketaren bihotzean. Ahots bat Erausorentzat. Trans garai bateko epilogoa izendatu dute, Preciadok egin ditu komisario lanak, eta irailaren 25era arte egongo da ikusgai.

Salbuespena da Erausoren kasua, Preciadok azaldu duenez. Normalean, eta historiatik erabat ezabatuta ez daudenean, hiru alorretan multzokatuta heldu dira sasoi hartako genero-disidentzia kasuak; medikuntzarenean, justiziarenean edota pornografiarenean sartuta. Hau da, aipatuak izatekotan ere, gaixotzat, gaizkiletzat edo sexu objektutzat aipatuta datoz, gehienez ere. Baina gain egiten dio horri Erausok. Hori frogatzen du, adibidez, 1626. urtean Juan van der Hamen pintoreak itsas armadako alferez gisa egin zion erretratuak. Errespetuz irudikatu zuen margolariak, eta beste hainbat gizonezko idazle esanguratsuren parean jarri zuen gero haren irudia zintzilik, eta ez, adibidez, urte batzuen buruan, barrokoan ohiko zen bezala, bitxikeriatzat aurkeztuta.

«Seguruenik Erausorena da historiako lehen trans erretratua», ebatzi du Preciadok lehenik, eta ñabardura gehitu du gero: «Kontuan harturik, betiere, trans hitza anakronismo historiko bat dela hor, XVII. mendean oraindik ez baitzen transexualitatearen ideia existitzen». Baina «erabateko salbuespena» da erretratua, pentsalariak azaldu duenez.

Eta erretratu hori da erakusketaren ardatz.

Aldi berean gertu eta arrotz

Erausoren erretratu berri bat ere sortu dute Cabello eta Carcellerrek Bilborako. 28 minutuko ikus-entzunezko bat da, zehazki, eta, bertan, Van der Hamenek margotutako Erausoren erretratuarekin hizketan ikus daitezke hiru pertsona, hirurak ere genero disidenteak, eta hirurak dabiltza figura historikoarekiko gertutasunaren eta arroztasunaren artean joan-etorrian. Igartzen diote identifikagarri zaien zerbait, baina gaitzesgarri zaizkien hamaika datu ere aurpegiratzen dizkiote. Doxa etxeak filmatu du lana, Alberto sin Patronenak dira jantziak, eta Maite Arroitajauregi Mursego arduratu da musikaz eta, tarteka, bideoan Erausori ahotsa emateaz.

Van der Hamen margolariaren Erausoren erretratua eta haren kopia bat ere ikus daitezke erakusketan, bata besteari begira, Kutxa fundazioak eta Donostiako San Telmo museoak utzita. Erausok argitaratutako memoriak eta garai hartako beste hainbat dokumentu zahar ere ikus daitezke ibilbidean. Eta, haiekin batera, Cabello/Carceller kolektiboaren azken bi hamarkadetako lanek osatzen dute ibilbidea.

Tartean dira 2001eko Autorretratua iturri modura pieza, 2007an hasitako Drag modeloak serieko argazki batzuk, Bakarkako manifestazio baterako mugimenduak izeneko performancearen bideoak eta 2016an sortutako Lost in translation, poema performatibo bat lana. Eta guztiek «erretratu galeria» bat bezala funtzionatzen dutela esan dute artistek, Erausoren figurarekin hartu-emanean.

Ikusezintasun historikoa

Onartu dute deserosotasuna artistek ere. «Aspaldi genuen Erausoren figura buruan, baina baztertu egiten genuen, ezerosoa zitzaigulako». Van der Hamenen margolana bertatik bertara ikustean aldatu zen dena. Diotenez, hori izan zen «mugarria». «Erretratu hartan bazegoen gainerako kontu guztiak gainditzen zituen zerbait. Eta, tira, finean, irudiak ekoiztea da gure lana».

Ibilbide luzeko artistak dira Cabello eta Carceller, eta beti landu izan dute genero eta sexu disidentzia. Veneziako 56. Bienaleko Espainiako Pabiloirako hautatu zituzten, adibidez, eta hamaika museotan izan dira haien lanak. Ez da beti hala izan, ordea.

Preciadok gogoratu duenez, salbuespena izan dira Azkuna Zentroan irekitako erakusketaren modukoak ere, orain gutxira arte. «Urte luzez, ikusezintasun handia bizi izan dute feminismoa, lesbianismoa, gaytasuna, queer, trans eta bestelako gai erradikal batzuk landu dituzten artistek Espainiako Estatuan. Hori izan da Cabello/Carcellerren kasua ere, 1990eko hamarkadan lanean hasi zirenez geroztik». Erakundeek bizkarra ematen zieten, eta, Preciadoren hitzetan, ez zegoen lan hori ikusgai egiteko aukera emango lukeen testuinguru diskurtsibo eta politikorik ere.

Donostiako Udalari zuzendutako eskutitz batek ixten du Bilboko erakusketa. Katalina Erauso kaleari izena aldatzeko eskaria egiten dute bertan artistek eta komisarioak, Katalina/ Antonio Erauso dei dadin proposatuz. «Erausoren genero-trantsizio prozesuaren aztarna gera dadin, eta izena justuagoa izan dadin haren bizitza errealitatearekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.