Ilunabar haietako argi abaildu bertsua begitandu zitzaidan hegazkina lurreratu zenean, agindutako orduan zintzo-zintzo. […] Irten eta begirada luzatzen nuelarik taxigunearen peskizan, udazkeneko haize-kirri tarteka bizi batek uxatu zidan kabinako giro idorraren lorratza. Kresalaren lurrin hezea usnatzea iruditu zitzaidan, baina areago izango zen noski irudipen hutsa; oroitzak burura ekarria xuxenago, alegia, brisak sudurrera baino.
Taxirik ageri ez. Atzera atari barrura sartzekotan nengoela galdetzera, esku batek heldu zidan atzetik, irmo heldu ere, maleta neraman besoaren aldeko sorbaldatik. Ez dakit horrek kordokarazi zidan besoarekin maleta, edo neuk aldaratu nuen berariaz hura senezko bulkadaz. Horrenbestez, kirtenari irmo atxikia neukan eskuan sentitu nuen, sorbaldatik airatua, esku arrotzaren oratua. Tupustean egin nuen tira kirtenetik, tinkoago oraingoan, eta han bistaratu zitzaidan, maletaren atzetik begien parera, bion eskuen tiraz, agure zimela.
Nik ezin deus esan, eta hark nahi ez, nonbait, isilik geratu ginen biok elkarri begira.
Gero, zakartasunik gabeko galde-keinu bat marrazteko ahaleginean artean ni kontu-eske, agurearen bekain ilunen uzkurtze irri-triste batek jo ninduen ziplo. Horri esker ez nion aitortu behar izan aitari ez nuela hasieratik ezagutu. Nork espero zezakeen, gainera, haraino etortzea hura nire bila? […]
Neure baitan egin nuen bere gisa interpretatuko zuela noski, ohi zuenez, urte luzeen buruko gure topaketa hitzik gabeko hura, non dena baitzen hain arrotz: lekua, tenorea, eta geu elkarrentzat. […]
Egunerokotasun arruntaren itxura betean berak, hala ere, bezperan elkarrekin egonak bagina bezala:
—Ondo?
[…]
Hurrengo goizean, oso berandu esnatu, eta are beranduago jaiki nintzen ohetik, hasieran non nengoen eta gero han zer ari nintzen neure buruari argitu beharrez. Eguzkitsu ageri zen eguna leiho berrituetatik, txoriak kanpoko intxaurrondoan txioka. Ikusten duzu goizean ezpainetaratu zitzaidan, eta horrenbestez erabaki nuen derrepente jaiki beharra nintzela, gure bazter miresgarrien txirula-lilura leloz zeharo txotxolotuko ez banintzen hantxe, nor eta ni.
Egun argia lagun berehala jabetu nintzenez, etxe-barruaren modernotzeak ez zuen hartu baserri guztia. Bi txoko utziak zituzten beren hartan edo, biak ere teilatuaren alde bietako bazterretan, kubo moduko batean bildua utziz erdikoa, nahikoa eta sobera leku baitzen noski horrela ere etxebizitza kunplitu modura. Eskuineko aldean, dolarea libratu zen, arkitektoaren ala aitaren burubideari esker, nork daki. Haren gaineko ganbaratxo sabai-okerra ere salbatua zen alde hartan; handik erdialderantz, lehengo ganbara baldarra trasteleku apain bihurtua zuten, kuboaren gainean teilatuaren gailurreraino. Eztabaidagarria, oso, gustua, baina aitzakiarik gabea noski praktikotasunaren aldetik eta erosotasunaren izenean, jada baserri-lanik ez zen etxebizitza baterako. Ezkerraldeko txokoa, berriz, askoz ere txikiagoa zen, ganbaratik beherago jaisten baitzen han barrunbe nagusi berria, teilatuaren isurkia txapel karratu, handik behera teilapeko gela-modu luze estua soilik utzirik bazter hartan, amaren sorginzuloa esaten geniona, han baitzeukan amak antolatua, kanpoko harri zaharraren kontra, apalategi mehar bat bere belargile-maiseatzeak egiteko, ia horma guztia hartzen zuena.
Horrenbeste ikusia nintzen jada Ina inguratu zitzaidanerako bere burua eskaintzera gelaz gelako cicerone.
Parisetik etxera bidean, hegazkinean, gogoan erabili nuen txiki irudituko zitzaidala noski dena, hainbeste urteren bueltan, haurrek dena irudikatzen baitute handi beren eskalarako. Hala esan ohi da behintzat. Ez nintzen hain haur, nolanahi ere, handik aldendu nintzenean. Hain gazte ere ez, ofizialki ere, adin-nagusitasuna betetzen nuen eguneraino itxaron behar izan bainuen, makina bat bider jasana zaputzezko zaparrada: Nora joango haiz hi. Hori entzun bakoitzean, ale bat gehiago metatzen nuen neure baitan aspalditik prestatzen ari nintzen maletan. Urteok bete, eta biharamunean egingo nuen ospa, Londreserako sosak poltsan, udako taberna-lanetan irabaziak, agian han berdin baliatuko zitzaidan ofizioan. Alde egin, behintzat, handik.
Ez, baina: gogoratzen nuen eskala berekoa zen etxea, birmoldaketa gorabehera. Ina harro zegoen, eta hala erakusten zuen ate bakoitza irekitzean. Alde ederra, egin nuen neure artean, bai Singapurreko pieza bakarreko apartamentuarekin, eta bai, oro har, Asia urruneko paraje gehienetako bizi-zuloekin. Inak, jakina, azkenerako erakusteko gordea zuen bere gela.
[…]
Aita automobilean ibiltzeak abantaila handia ematen zidan tarteka neure gisa mugitzeko etxean. Bat-batean itzuliz gero, pistan gorako zaratak nahikoa denbora emango zidan ezustean harrapa ez nintzan. Egia esanda, ez dakit zergatik edo zeren bila jardun behar nuen bazterrak miatzen; ziurrenik, norbera halako gauzez jabetzeko gai dentxoari men egitera, askatasun-sentipen baten beharra zen, besterik gabe, debekurik ezaz gozatzea nolabait.
Debekuak, jakina, gerok ezarriak izaten dira gehienbat azken funtsean, baina tira: aita han ez zela, zerbait egiteko gogo-grina etortzen zitzaidan. Ez nuen bestela ezer bilatzen. Zer bilatuko nuen, ondo pentsatuta, ez nekien-eta etorkizunean (alegia, hurrengo egunean) zer egin nahi izango nuen, edo zertara behartuko nintzen. Miatzea, egoera horretan, aukera-aukerako ekintza zen niretzat; zer edo zertan aritu, eta, horrenbestez, ez inora jo ez ezertara lehiatu.
'erbeste'
Egilea. Juan Garzia.
Generoa. Nobela.
Argitaletxea. Erein.