Haizea Barcenilla
Begiz

Erdi Aroko maisulanak

2025eko ekainaren 10a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jesusek begi zabal handiz begiratzen digu, gazte eta bizarrik gabe. Zirkulu batean kokatuta dago eta horren kanpoan irudiak biderkatzen dira, beragandik mundua irradiatuko balitz bezala. Izan ere, munduaren sorkuntza da irudikatzen zaiguna: indarrez beteriko epizentro horretatik jainkoak argia sortzen du, itsasoa eta lurra ondoren, eta animaliaz betetzen ditu gero. Azkenik, gizona sortzen du, eta, lana amaitutzat emateko, bere saihetsetik emakumea forma hartzen ikus dezakegu.

Gironako Sorkuntzaren Tapizean ageri dira irudi hauek. XI. mendean egindako piezak 3,65 x 4,67 metro ditu, eta, alde bat falta zaion arren, munduaren sorkuntzaz gain, urtaroak eta hilabeteak ere erakusten ditu. Tapiza deitzen zaio, baina oihal gaineko brodatu bat da berez; hau da, tapiz batean marrazkiak bilbean bertan harilkatzen diren bitartean, brodatuan irudiak hariarekin marrazten dira jada ehunduta dagoen hondo baten gainean. Orratzez egindako pintura ere deitzen zaio, garaiko margogintzan ohikoak ziren printzipio estetikoak agertzen baitira: adibidez, ez dago sakontasuna lortzeko saiakerarik eta pertsonaien garrantzia tamainaren arabera nabarmentzen da, proportzio errealistak baztertuz; irudiak ingerada zehatzek definitzen dituzte, eta erabiltzen diren koloreak lauak dira.

Oso gutxi dira garai hartatik iritsi zaizkigun tamaina monumentaleko oihalezko artelanak. Gironakoarekin batera, Bayeuxeko Tapiza (hura ere brodatua) da beste eredu nagusia. Haren tamaina oraindik txundigarriagoa da: 50 zentimetroko zabalera du, baina ia 70 metroko luzera. Ingalaterrako konkista irudikatzen du, XI. mendeko oihalgintza alderdi erlijioso zein zibila irudikatzeko erabiltzen zela erakutsiz.

Bi piezen kasuan, ez dakigu zehazki noiz eta nola erabili ziren. Gironakoak jatorrian 4,8 x 5,5 metro izango zituela uste da; aldarearen gainean zintzilikatua imajinatzen dut, baina agian atarian zegoen, edo eliza bateko guneak banatzen. Harien kolore biziek argi meheekin distira egingo zuten, eta ziur garaiko ikusleak aho zabalik utziko zituela. Gaurkoak bezala.

Artelan honen aurrean miresmena eta haserrea pizten dira aldi berean: miresmena, bere sendotasun eta indarragatik; haserrea, oihala izateak ekartzen duelako pieza hau eta Bayeuxekoa arte liburu eta klase askotako apendizea izatea, azken hamar minutuetan azaltzen diren lanak. XVIII. mendeko akademiak arkitektura, pintura eta eskultura besteen gaindiko arteak izango zirela erabaki zuenean, garai bakoitzeko artearen izaera propioa ulertzeko ahalmena lapurtu zigun. Gutxika berreskuratzen ari gara, eta Gironako zein Bayeuxeko altxorrek bidea markatzen dute; izan ere, euren aurrean ezin da zalantzan jarri Erdi Aroko maisulanak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.