'IHINTZAREN TANTAK EGARRIA ASETZEKO EDANGO DITUT'
Joan den astean batek esan zidan oso gustuko nuela kritikak pertsonalki hastea. Eta erantzun nion ez zela gustu kontua, zintzotasun kontua baizik. Kritikak idazterakoan, nire asmoa ez baita irakurleei ustezko objektibotasun faltsu batez aztertutako erakusketa eta lanen inguruko informazioa helaraztea haien gustuan edo ikuskeran eragin dezan; baizik eta beste ikuspuntu posible bat eskaintzea, ezagutza kokatu eta gorpuztu batetik, niretik. Lortu edo ez; hori beste kontu bat baita.
Eta horretaz pentsatzen aritu naiz aste honetan, erakusketa honi buruz idatzi edo ez erabakitzeko garaian, kritikarien lehen egitekoa aukeraketa baita: zeri buruz idatzi eta zeri buruz ez; zeri eman ikusgarritasuna eta zeri ez. Eta, aste honetako hautua egiteko garaian, alegia, zein erakusketa ikustera joan erabakitzeko garaian, ikusgarritasunaren ideiari heldua nion, instituzio handietatik aparte sortutako ekimen xaloago batetik sortutako proposamenari lehentasuna emanaz: Azpeitiko Dinamoa Sormen gunearen baitan aurkeztu duten Jon Amorrortu artistaren banakoari. Garrantzitsua baita hiri handietan kokatutako instituzioez gain, periferietan kokatutako proposamenak gauzatzea, garatzea eta mantentzea, nekeza bada ere, kultur ekosistema aberasten baitute inondik ere. Besteak beste, herritarrei atarira ekarriaz gazteen abangoardiako proposamenak, eta azken horiei beren proiektuak burutzeko eta aurkezteko leku bat eskainiaz; bidean sakontzeko eta aurrera egiteko espazio bat emanaz.
Beraz, hori guztia argi izanda erabaki nuen Azpeitira bertaratzeko esfortzua egitea merezi zuela, irisgarriagoak alde batera utzita oraingoan —ingurukoa ez izanik, ez baita erraz-erraza ere ailegatzea—. Baina iristean itxita zegoen. Eta irekita beharko zukeen. Eta hor hasi ziren nire zalantzak: zabarkeria baten ondorioz ikusgarritasuna eman nahi nion ekimenak aukera hura galdu beharra zuen? Izan ere, eta kontua da, aretora sartu, sartu ez nintzela egin; baina erakusketa ikusi, ikusi egin nuela. Nolakotasuna beste kontu bat da; baina ikusi, ikusi nuen.
Erakusketa aretoak bai baitu berezitasun bat, eta hori zera da, esaterako Bilboko Rekalde aretoak bezala, kalera ematen duen erakusleiho bat duela; eta Azpeitiko Foru etorbideko erakusketa aretoa, txikia izanik, oso-osorik ikus daitekeela kaletik; eta noski, baita bertan erakusgai ipinita dagoen hori ere. Beraz, erakusketa aretoaren aurretik irekiera ordutegietatik kanpo pasatzen den beste edozein herritarren moduan ikusi nuen hura nik ere: argi elektrikorik gabe, urrundik, eta eskuekin ahal nuen moduan eguzki izpien islak ekidinez.
Eta pena eman zidan lanak hain egoera prekariotik ikusteak; ikusitakoak erakarri baininduen, baina aretoaren bestaldean estrategikoki jarrita zeuden tamaina txikiko lanak irudikatu soilik egin bainitzakeen hala —ikusten nuenaren eta prentsa dosierrean jasotakoaren arabera—, sakonago ikusteko aukerarik izan gabe. Baina iruditu zitzaidan oso lan freskoak direla, berehalakoak, Amorrortuk inguruarekiko izandako sentsazioak bete-betean transmititzen dituztenak; landareen bizitasuna jasotzen dutenak, haien irudikapenez gaindi. Ezin gehiago esan, ordea, hain nituen urrun.
Gertu nituenak, ordea, materikoagoak dira, geruza gehiagorekin eginak, mardulagoak, dentsoagoak. Ez dira tamaina aldaketa huts baten ondorio soilik: bestelako prozesu artistiko baten emaitza dirudite, barneratze prozesu baten ondorioak. Eta aurrekoetan freskotasuna gailentzen bazen, hauetan sakontasuna da protagonista, intentsitatea.
Protagonista nagusiak arrosak dira, oso etxekotuak ditugun landareak, loreontzietan eta hirietako lorategietan maiz agertzen direnak. Gertukoak. Hiritartuak. Ia edozein egoeratara moldatzen direnak, eta hesien artetik ere igaro eta bizirauten dutenak. Halakoa dirudi naturak, etenezina, nahiz eta harrika gabilzkion. Eta tamaina handiko pinturetan sentsazio hori helarazten du Amorrortuk: landareen barne indarra, bizi grina.
Esan bezala, erdizka ikusitako erakusketa bat eta lanak dira; eta beraz, idatzitakoa ere erdizkakoa da, ezinbestean. Hala, aperitibo honen ondoren, baldintza egokiagoetan besteren bat ikusteko esperantza dut orain; seguru etorriko direla eta.Â