Eremu matriarkal bat filmatzea

Rosalind Nashashibiren eta Lorea Alfaroren erakusketak ireki ditu Gasteizko Artium museoak

Rosalind Nashashibi artista, museorako propio egin dituen margolanekin. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
Gasteiz
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Giza harremanak eta artea lotzen dituzten bi erakusketa zabaldu ditu Gasteizko Artium museoak. Oinarrian ez dute harreman zuzenik, hau da, erakusketa bakoitzak ditu bere espazioa eta bere arrazoinamendua, baina elkarren osagarri izan daitezke, zinemagintza eta artea uztartzen baitituzte biek ala biek. Museoaren erakusketa programa jakin bati lotuta dago bakoitza: Z aretoa programari dagokio lehena, eta Rosalind Nashashibi artistaren filmek eta margolanek osatzen dute. Bigarrena, berriz, Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa zikloaren karietara ondutakoa da, eta Lorea Alfaro artistaren bideo instalazioak ikus daitezke bertan. Azaroaren 14ra arte izango da ikusgai lehena; urtarrilaren 16ra arte bigarrena.

Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak gogorarazi duenez, zinemagintza eta arte garaikidea uztartzen ditu Z aretoa programak, eta zinemara hurbiltzen diren artisten eta erakusketa formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan aztertzea du helburu. Garbiñe Ortega da programaren arduraduna. «Orain arte gai nagusietako batzuk izan dira, adibidez, garai konplexu honetan nola eraikitzen ditugun komunitatean egoteko moduak, edota familiaren ideiak ulertzeko era berriak. Baina, era berean, sormenarekin zerikusia duten prozesu kolektiboak islatzen dituzten proiektuak ekarri izan ditugu, eta horregatik hautatu ditugu Rosalinden [Nashashibiren] filmografia oparotik bi film hauek», azaldu du Ortegak.

Vivian's Garden eta Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine dira aretoan ikus daitezkeen bi film horiek, hain zuzen. Aurrenekoak Vivian Suter eta Elisabeth Wild ama-alaben arteko harremana jasotzen du. Guatemalako Panajacheleko oihanean bizi dira bi artistak, jatorriz Suitzakoak eta Austriakoak izan arren. «Eremu matriarkal» bat garatu dute bertan, Nashashibiren hitzetan, eta filmak bien egunerokoa jasotzen du, bizitza artistikoen, emozionalen eta ekonomikoetan igeri eginez.

Bigarren filmak ere familia harremanetan jartzen du arreta; kasu honetan, baina, familia eredu berrien inguruan hausnartu asmo du. Artista bera da protagonista, eta haren seme-alabekin nahiz lagunekin dituen harreman afektiboak nahiz komunitatea eraikitzeko moduak ditu aipagai.

Bi film horiez gain, lau margolan ere ikus daitezke aretoaren sarreran. Nashashibik erakusketarako propio ondutakoak dira; Gasteizko egonaldia baliatu nahi izan du museorako zerbait egiteko. Obra figuratiboak dira denak, eta lau kolore bereizten dira guztietan: gorria, berdea, zuria eta beltza. Ikurrinaren eta Palestinako banderaren koloreak dira; artistak bi herriak elkartu nahi izan ditu modu horretan. Izan ere, Londresen jaio arren, jatorri palestinarrekoa da.

«Zuen herriaren historian aritu nintzen pentsatzen, eta konturatu nintzen lotura asko ditugula. Banderek ere kolore berak dituzte», adierazi du artistak. Hari horri tiraka osatu ditu obra batzuk. Beste obra batzuk margotzeko, berriz, Joxan Artzeren esaldia hartu du oinarri gisa artistak: «Laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik».

Erretratu bat alkandorari

Lorea Alfaroren obrak jasotzen ditu, bestalde, Do mess with me erakusketak, eta Artiumeko bildumaren parte diren lanekin osatzen dute. Izan ere, museoak iaz erosi zituen artistaren bi obra, Eusko Jaurlaritzak kultur sektoreari laguntzeko jarri zuen planari esker: <3SPS<3 BLOOD eta <3 SS< INK dira, biak ere bideoak. Bi horiez gain, beste bi horma irudi eta beste bideo bat ere ikus daitezke erakusketan.

Erretratua egiteko modu berritzaile bat aurkezten du artistak<3 S P S <3 (2016-2017) seriean. Espainiako trap abeslari ezagun batentzat neurrira egindako zetazko alkandora baten diseinua dute; izan ere, Alfaroren ustez, alkandora bat diseinatzea molde bat egitea bezala da. Modu horretan, behin eta berriz agertzen dira patroi eta irudi berberak bideoz jasotako irudietan, nola artistak soinean daraman alkandoraren bidez hala artistaren azalean tatuatutako irudien bitartez.

Erakusketak, baina, bi bideo horien eta aurrez egindako beste lan batzuen Paretara eta Paski horma irudiak eta Tú, re-post bideoa arteko harremana erakusten du. Izan ere, harreman horiek guztiek agerian uzten dute eguneroko objektuetan ez dauden elementu jakin batzuk bizitzan txertatzeko artistak duen interesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.