Kritika. Musika

Erian ere, dantza!

high 33764 34 TWITER maketa
2025eko ekainaren 15a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

COLA BOYY

'Quit to Play Chess'
Diskoetxea: Record Makers.

Matthew Joseph Urango Cola Boyy anaia bikiarekin batera jaio zen, 1990ean, Kaliforniako Oxnard hirian. Anaia osasuntsu jaio izanagatik ere, Cola Booy gaitzez josita etorri zen mundura: arantza bifidoa, zifosia eta eskoliosia. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, zangomakurra zenez, protesi bat eraman behar izan zuen hanka batean bi urte zituenetik. Ondorioz, bizitza osoan desgaitasun horiekin borrokatu behar izan zuen. Pianoa jotzen ikasi zuen bere kabuz, eta musikaren bitartez bere eriek ezarritako oztopoak gainditu zituen. «Eta agian gauzak zailagoak dira niretzat ezindua izateagatik, baina uste dut ohartu ere ez naizela egiten. Bizitza osoan oztopoak izan ditut, baina nire artearen zailtasunak bigarren mailakoak dira, eguneroko zailtasunekin alderatuta, esaterako, etxebizitza eta janaria».

Hala, musikari eutsi zion bere egoera itzaltsuan ahalik eta argi gehien txertatzeko. Aurreneko pausoak punk taldeetan eman izanagatik ere, Cola Boyyk dantzarako musikaren hautua egin zuen laster batean, bai eta musikari eta ekoizle jantzi bihurtu ere. 2018an Penny Girl singlea plazaratu zuen Beatlesen itzalpean. Single horren bitartez hainbat adituren arreta piztu zuen, tartean, MGMT taldearen miresmena, zeinak biran ere eraman zuen. Azkenik, 2021ean, estreinako albuma plazaratu zuen, Proshetic Boombox; horrek ere harrera ona izan zuen musikari eta kritikarien artean.

Orain, musikaria hil hondotik —martxoaren 13an zendu zen, 34 urte zituela; anaia bikiak aurkitu zuen hilda—, bere bigarrena iritsi zaigu, Quit To Play Chess, zeinak dantzaleku guztietako lurzoruak zartarazteko ahalmena erakusten duen, lehenengo doinutik hasita; izan ere, disco estiloko lan baten aurrean kokatzen du Cola Boyyk entzulea, eta, zalantza barik, entzuleak lanak izango ditu dantzan ez hasteko, energia positiboz, erritmo biziz eta doinu itsaskorrez osatutako lan sendo bezain koloretsua baita iraupen luzeko bigarren hau. «Desgaituei zuzendutako disco-aren berritzailea» zela esaten zuen musikari afro-latinoak. Horiek horrela, Cola Boyyren disco kutsuko proposamena erabat bestelakoa da, musikari desgaitu eta hispano baten ikuspegitik sortua baita.

Denbora luzez aritu zen Cola Boyy disko hau lantzen, eta hainbat kolaboratzaile ere izan zituen ondoan, diskoa ahalik eta gehien aberasteko asmoz; MGMTko musikari Andrew VanWyngarden eta Jared Solomon ekoizlea (SZA, Lola Young, Remi Wolf, Foushee…) dira diskoan parte hartu duten bi lagun.

Eta emaitza, aurretik aipatu denez, bizitzaren aldeko etengabeko dantza da, non askotariko influentziak biltzen diren: hip-hopa, funka, reggaea, psikodelia... eta nola ez, disco erritmoak, hezurdurak astintzeko modukoak, 70eko hamarkadako hondarretatik hasi eta 80ko kluben kulturara iritsi arte. Dantzaldi infinitua.

I´m on Fire entzutea baino ez dago: bizitzaz gozatzeko aldarria da, zeinetan Santanak jo zezakeen gitarra soloa ageri den, oinarriak disco izpiak barreiatzen dituen bitartean, teklatu sexyak tarteko. Wave doinuak antzeko ezaugarriak erakusten ditu, baina, oraingoan, funk baxuaren presentzia nabarmena da, eta koruak psikodelian bustita azaleratzen dira, itsasoaz eta bakardadeaz abesten duen heinean. «Itsaso belztuaren sakonean; aurki dezakezu bilatzen duzun bakardadea; nire alderik ilunena aurkitu berri dut; arrainekin batera itsas hondoan». SponBob alkoholik gabeko diskoteka batean aurkitu nola. Abisala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.