Zinema estreinaldiak

Eritasunetik bizitza errealera

Nicolas Philibert zinemagileak Parisko Averroes eta Rosa Parks psikiatria pabiloietako pazienteen egunerokoa erretratatu du leku horien izena daraman eta trilogia baten parte den bigarren filmean. Urrezko Hartza irabazi zuen 'Sur l’Adamant' aurrekoarekin.

'Averroès & Rosa Parks' filmeko fotograma bat.
'Averroès & Rosa Parks' filmeko fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko martxoaren 20a
05:10
Entzun

«Zer uste duzu zuk horri buruz?». Esquirol ospitaleko paretan irakur daitekeen esaldia da. Parisen kanpoaldean dagoen ospitaleak psikiatriara zuzenduriko bi pabiloi ditu: Averroes eta Rosa Parks. Goitik begiratuta izan liteke ospitalea edo espetxea, eta batzuetan biak direla pentsa liteke, baina Nicolas Philibertek barrutik erretratatu du eraikina Averroès & Rosa Parks film dokumentalean, bertan dauden pertsonek osatzen duten kosmosa behatuz.

Philibertek 2022an grabatu zuen Sur l’Adamant. Parisen erdialdean, Sena ibaian kokatuta dagoen eraikuntza da l’Adamant. Eguneko zentro gisa funtzionatzen du, eta eritasun mentalak dituzten pertsonak artea eta kultura erabiliz artatzen ditu. Zinemagile frantsesa enpatiaz eta samurtasunez hurbildu zen pertsona horien egunerokora, eta emaitzak Berlinale jaialdiko Urrezko Hartza irabazi zuen. Filma egiten ari zela, ordea, argi ikusi zuen ez zuela l’Adamant leku bakartu baten gisa erretratatu nahi, errealitatean Paris erdialdeko psikiatria departamentuko zentro bat gehiago baita, eta pazienteak sarea osatzen duten eraikin batetik bestera ibiltzen baitira. Azpiegitura horren parte dira Averroes eta Rosa Parks pabiloiak, eta Philibertek trilogia bat osatuko duten filmeen bigarren zatia bertan grabatzea erabaki zuen.

Arreta handiz hautatu zituen filmatu nahi zituen pertsonak. Eskaintza asko jaso zituen, eta paziente asko hurbildu zitzaizkion filmatu zitzala eskatuz. Baina Philibertek argi zuen norbait filmatzea haien bizitzako une zehatz batean duten irudia hartzea dela, une horretan izoztuta geldituko balira bezala, eta ikuspuntu etiko batetik egin zuen hautaketa: gertatzen ari zenaz eta horrek zituen ondorioez jabetzen ziren pertsonak filmatzen saiatu zen, eskuetan kamera bat daukan pertsona gisa duen botereaz kontziente izanez, eta ahalik eta kalte txikiena eraginez.

Averroès & Rosa Parks-ek banaka edo taldeka eginiko terapia saioak erakusten ditu. Saioak oztopatu gabe, lekukotza ia ikusezina erabiliko du Philibertek; pertsonei denbora eta espazioa eskainiz, haien psikiatrekin hitz egiten filmatu ditu. Horrela, depresioa, paranoia eta antzeko eritasunen sintomak deskribatuko dituzte, eta bizitza errealera itzultzeko nahia eta beldurra azpimarratuko dituzte. Haien ikuspuntua erdigunean ipiniz, zinemagileak benetakotasuna eman dio lanari; pazienteen denbora-espazio zentzuaren menpe dago filma, haien zaurgarritasunez eta sentsibilitatez beteriko argitasunaren menpe, eta, era berean pertsonaia bakoitzaren izaera eta berezitasunak erakusteko gai da.

'AVERROÈS & ROSA PARKS'

Beste estreinaldi batzuk:

'Le Successeur' filmeko irudi bat.
'Le Successeur' filmeko irudi bat.

'Le Successeur'

30 urteko Ellias Barnes Parisko moda etxe ospetsu bateko zuzendari artistiko izendatu berri dute. Baina berataz asko espero da, eta bularrean mina sentitzen hasiko da. Bat-batean, Montrealen bere aitaren hileta antolatzeko eskatuko diote, eta ohartuko da oinordetzan haren bihotz ahula baino askoz okerragoa den zerbait jasoko duela.

Zuzendaria: Xavier Legrand. Gidoilaria: Alexandre Postel. Aktoreak: Marc-Andre Grondin, Yves Jacques, Louis Champagne. Argazkia: Nathalie Durand. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 107 min. Herrialdea: Frantzia.

'Club Zero'

Miss Novak eliteko eskola bateko irakasle berria da, ikasle gazteei nutrizio eskolak emango dizkiena. Denbora gutxian, irakasleak harreman estua izango du bere bost ikaslerekin, gainerako irakasleak gertatzen denaz ohartu gabe. Denak ustekabeko bira oso arriskutsua ematen duen arte.

Zuzendaria: Jessica Hausner. Gidoilariak: Geraldine Bajard, Jessica Hausner. Aktoreak: Mia Wasikowska, Sidse Babett Knudsen, Elsa Zylberstein. Argazkia: Martin Gschlacht. Generoa: Thrillerra. Urtea: 2023. Iraupena: 110 min. Herrialdea: Austria.

'Arnasa betean, emakume zinegileak'

Hiru urpekarik emakumeek zuzendutako zinemaren itsaspeko bidaia batean eramango gaituzte, eta beren filmen gaiak, pertsonaiak, begirada, ametsak, aurrera ateratzeko ahaleginak eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egiten dioten ekarpena erakutsiko dizkigute.

Zuzendariak eta gidoilariak : Bertha Gaztelumendi, Rosa Zufia. Aktoreak: Dokumentala. Erea Lopez, Lara Larrañaga eta Ainhoa Incognitoren parte hartzeekin. Argazkia: Ruben Crespo. Musika: Olatz Salvador, Borja Anton. Urtea: 2023. Iraupena: 75 min. Herrialdea: Euskal Herria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.