Krisi betean dauden senar-emazteen rolean jarri ditu Aitor Mazo eta Maiken Beitia aktoreak Ernesto del Rio zinemagileak, Valeria descalza bere lan berrian. Bilbon eta Habanan grabatu du filma zuzendariak, eta gaur egingo dute aurre estreinaldia, Bilboko Alondegian, 20:00etan. Zinema aretoetara etzi iritsiko da filma.
Bizitzaren zentzuaren bila dabiltzan lau pertsonaia, bi gizonezko eta bi emakumezko, aurkezten ditu filmak. Bakoitzaren istorioak elkarren artean gurutzatzen dira, eta abesti baten inguruan elkartzen dira azkenean, Cecilia Cofiño kubatarrak filmerako sortutako Descalza kantuaren inguruan. Habanan gertatzen da istorioaren zatirik nagusiena. Posta txartelen iruditik aldendu, eta hiriaren «irudi errealago bat» erakutsi nahi izan duela azaldu du zinemagileak; hiria bera «kontakizunaren parte» eta «pertsonaien nomadismo sentimentalaren» lekuko bihurtu nahi izan duela.
Aurrerantz ihes egitea
Raul (Mazo) eta Leonor (Beitia) dira filmeko protagonistak. Bikote krisia Bilbotik Habanara leku aldatuko dute, «hemen galdutako han berreskuratuko duten esperantzarekin», Beitiaren hitzetan. Salvador eta Valeria ezagutzen dituzte han: bizitzaren amaieran dago Salvador arkitekto zaharra, eta kantaria izan nahi du Valeria haren alabak, hogei urte inguruko neskak. Alaba txikia zela abandonatu zuen aitak, eta Valeriak ez du hari buruz ezer ere jakin nahi. Ruben Breñak eta Gabriela Griffithek jokatu dituzte bien rolak.
«Aurrerantz ihes egitea» hasiko du Raulek Valeriarekin, eta artean senarrarekin guztiz maiteminduta dagoen Leonorrek Salvadorrengan topatuko du babesa, «martxan» jartzen den arte. Ahitutako maitasun baten istorioa izanik, «idatzita ez dagoen horretan, isiluneetan» eta begiradetan dago gakoa, Mazoren ustez.
Duela bost urte hasi zen Del Rio filma prestatzen. Sendeja Films eta Kubako Arte eta Zinemagintza Industriaren Institutuak elkarrekin ekoitzi dute, EITBren, Eusko Jaurlaritzaren eta Ibermediaren laguntzarekin.
Ernesto del Rio zuzendariaren 'Valeria descalza' filma bihar estreinatuko da
Bilbon eta Habanan grabatu du krisian den bikote baten istorioa, Aitor Mazo eta Maiken Beitia aktoreekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu