Literatura

Ernesto Sabato idazle argentinarra hil da

Argentinako idazle handienetako bat izan da. 'Tunela' da euskarara itzulita dagoen bere eleberri bakarra. 'Erromantizismoa eta nazio zapalduen sorberritzea' artikulua eta 'La Platako liburutegia' ipuina ere euskaratuta daude.

2011ko apirilaren 30a
18:46
Entzun

Ernesto Sabato idazle argentinarra gaur goizean hil da, Buenos Airesen, 99 urte zituela. Sabato Argentinako idazle handienetako bat izan da. Azken urteetan itsu zegoen. El túnel (1948), Sobre héroes y tumbas (1961) eta Abaddón el exterminador (1974) eleberriak idatzi zituen. Horiez gain, hainbat saiakera ere idatzi zituen.

El túnel da euskarara itzulita dagoen Sabatoren liburu bakarra. Mikel Garmendiak egin zuen itzulpena, eta Alberdania eta Elkar argitaletxeek kaleratu zuten, Literatura Unibertsala bildumaren barruan, 2007an, Tunela izenburuarekin.

Horretaz gain, Erromantizismoa eta nazio zapalduen sorberritzea artikulua eta La Platako liburutegia ipuina daude euskaratuta, biak Literatur Gazeta aldizkarian. Mikel Azurmendik itzuli zuen artikulua, 1985ean, eta Felipe Juaristik ipuina, 1988an.

Zientzian fedea galduta jo zuen literaturara

Rojas herrian jaio zen Sabato, eta gaztetatik Alderdi Komunistako kide izan zen. 1938an La Platako Unibertsitateak Fisika doktore izendatu zuen, eta beka batekin Curie Laborategian aritu zen lanean Parisen. Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik itzuli zen Argentinara, eta 1943an zientzia baztertu eta literaturari eta pinturari eman zion bere burua.

Azken urteetan anakistatzat jo zuen bere burua. Videla diktadorearekin ere bildu zen 1970eko hamarkadan, eta horregatik  hainbat kritika jaso zituen. Hala ere, diktaduraren aurkako ahots nagusienetako bat izan zen. Diktaduraren ostean, desagertutakoen auzia ikertzeko CONADEP batzordeko presidente izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.