kulTURA

Erotismoa izango da Durangoko Azokako gaia, eta gonbidatua, Kurdistan

Abenduaren 4tik 8ra izango da aurtengo edizioa. Imanol Urbietak jasoko du aurten Argizaiola saria, haurren kantagintzan egindako lanagatik. Aurrekontua %30 murriztu dute, eta 505 nobedade aurkeztuko dituzte. Ahotsenea, lau egunetan aurten.

2010eko azaroaren 18a
17:07
Entzun
Durangoko 45. Disko eta Liburuaren Azoka abenduaren 4tik 8ra egingo da aurten, eta erotismoa izango da aurtengo edizioaren leloa. Herrialde gonbidatua, berriz, Kurdistan. Iazko aldiarekin alderatuta, aurrekontua %30 murriztuko du Azokak, eta zazpi stand gutxiago izango ditu. Izan ere, Haur eta Gazte Literaturak aurreko edizio batzuetan zuen aretoa aurrekontu murrizketagatik ez da beste eraikin batean jarriko, eta, ondorioz, stand kopurua murriztu behar izan dute, horri lekua egiteko.

Argizaiola saria Imanol Urbietak (Zarautz, 1934) jasoko du aurten, haurren kantagintzaren arloan egindako lanagatik. Abenduaren 4an izango da ekitaldia Durangon, 20:30ean San Agustin kultur gunean. Iaz, hasierako andereñoak saritu zituzten. 1992an sortu zuten Argizaiola saria (Jon Bilbao eman zioten).

Guztira, 505 nobedade aurkeztuko dira aurten Durangoko Azokan. Erotismoa aurtengo gai izanik, bi ekitaldi antolatu dituzte arduradunek. Abenduaren 6an Manex Rekaldek jostailu erotikoen tailerra eskainiko du. Biharamunean, berriz, 18:30ean, mahai-ingurua osatuko dute Ines Osinaga Gose taldeko abeslariak, Edorta Jimenez idazleak, Iban del Campo zinema zuzendariak, Kattalin Minerrek (Queer) eta Jon Arano komikilariak, Paddi Rekaldek moderatuta.

Adierazpen askatasuna hizpide

Kurdistan ordezkatuz, Azadiya Welat kurduera hutsezko egunkari bakarraren zuzendaria etorriko da Euskal Herrira: Eser Uyansiz. Adierazpen askatasunari buruzko mahai-inguru batean parte hartuko du.

Murrizketak alde batera utzita, nabarmentzekoa da aurten Ahotsenea sortzaileen gunea lau egunetan izango dela; hain zuzen ere, abenduaren 5, 6, 7 eta 8an.

Landako Erakustazoka 10:30etik 20:00ak artean izango da zabalik. Gerediaga Elkarteak antolatzen du azoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.