«Egin barre», agindu dio argazkilariak aulkian eserita dagoen gizonari. Hark ezetz. «Egiteko barre!». Ezer ez. Gizonak aurpegia mikaztuta jarraitzen du, argazki kamerari zuzenean begira. Ez dirudi barre egiteko gogo handirik duenik. «Barre egin behar duzu», errepikatu du argazkilariak, haserre. Behar edo nahi, nahi edo behar. Zergatik egin behar du barre, hala nahi ez badu? Zergatik egin behar du barre, zoriontsu ez bada? Zalantza horien eta beste batzuen inguruan arituko dira Txalo konpainiako kideak, Tigrea izeneko antzezlanean. Abuztuaren 6an estreinatuko dute obra, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta hilaren 9ra arte izango da ikusteko aukera.
Antzezlanak argazki saio batean elkartuko ditu garapen pertsonaleko aditu bat (Andoni Agirregomezkorta) eta «oso bizitza ohikoa» duen argazkilari bat (Oihana Maritorena). Lehena, Agirregomezkortaren arabera, bere buruaz harro dago: «Neurozientzia eta psikologia ikasi ditu, eta, ondorioz, pentsatzen du erantzun guztiak dauzkala». Argazkilaria, berriz, bolada txarra pasatzen ari da, Maritorenak berak azaldu duenez: «Nire bizitzarekin oso-oso pozik ez nago, garai gogorrak pasatzen ari naiz. Profesionalki ere ez daukat, seguru asko, nahiko nukeen hori, eta bikote harremanean ere ez». Bizitzari heltzeko bi modu, bi mundu ikuskera, jarriko ditu obrak aurrez aurre; bi edalontzi: bata erdi beteta, bestea erdi hutsik.
Obran zehar, aditua argazkilariari positibotasuna transmititzen ahaleginduko da, asko sinesten baitu esaten duen horretan guztian. Baten patxada eta lasaitasunak kontrastea sortuko du, ordea, bestearen haserrearekin, eta horrek are gehiago amorraraziko du argazkilaria. Aholkulariaren hizkera teknikoaren aurrean, emakumeak filtrorik gabe esango du burura datorkion guztia. Pertsonaia bakoitzaren egoerak, pertsonaia bakoitzaren barneko tigreak, gorabeherak sortuko ditu bien arteko harremanean.
Metafora bat da obraren izenburua. Hala azaldu du, behintzat, Maritorenak: «Norberak dituen kezken, beldurren eta horien guztien metafora moduko bat da [Tigrea], gure buruan bueltaka dabilen mamu bat izango balitz bezala. Obra honetan, pertsonaia bakoitzak berea dauka, eta hortik dator izenburua».
«Norberak dituen kezken, beldurren eta horien guztien metafora moduko bat da ['Tigrea'], gure buruan bueltaka dabilen mamu bat izango balitz bezala»
OIHANA MARITORENA Aktorea
Ramon Madaula aktore kataluniarra da antzezlanaren jatorrizko egilea. Martin Agirrek euskaratu du, eta Begoña Bilbaok zuzendu. Bilbaok nabarmendu du Madaularen obra bat egiten duten hirugarren edo laugarren aldia dela, eta dagoeneko ezagutzen dutela haren umorea. Obra eraikitzeko prozesuaren inguruan, azaldu du lehenik hamalau eszenatan banatu zutela lana, aktoreek testua eta mugimenduak errazago ikas zitzaten, eta obra osoaren irudia zutenean hasi zirela bestelako xehetasunak lantzen: «Pertsonaiak, erritmoa, gauza horiek guztiak».
Zorionaren beharraz
Dagoeneko hogei entsegu baino gehiago egin dituzte aktoreek. Hogei entsegu, eta oraindik ez dute obrak planteatzen dituen galderei erantzunik ematea lortu. Inoiz erantzun ahal izango dituzten ere ez daukate garbi. Maritorenak aitortu du entsegu batzuen amaieran iristean baino «galdera gehiago» izan dituztela.
«Konturatu gara antzezlanean dagoen eztabaida horretan gaudela gu ere, eta ikusleek eztabaida hori ulertu eta eurena balitz bezala identifikatuko dute»
ANDONI AGIRREGOMEZKORTA Aktorea
Ez dakite publikoak erantzun ahal izango ote dituen ere. «Baina hori da polita, ez?», nabarmendu du Maritorenak: «Bakoitzak nahi duena eraman dezala etxera. Nahi duena, ahal duena edo jasotzen duena». Eztabaida ireki nahi dute publikoaren artean, zein ikuspuntu den egokiena, zoriona zer den, nola lortzen den, merezi ote duen eta beharrezkoa ote den. Agirregomezkorta: «Konturatu gara antzezlanean dagoen eztabaida horretan gaudela gu ere, eta ikusleek eztabaida hori ulertu eta eurena balitz bezala identifikatuko dute».
Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Donostia Kulturaren webgunean.