Errailetatik erraietara

Gaur iritsiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako trena finalera, eta Donostiako Illunbe zezen plaza leporaino beteko daBeñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Jexux Mari Irazu dira faboritoak

Agin Rezola, Unai Agirre, Jon Martin, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategi, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gpuntuko trenaren azken geltokia ez da azken geltokia izango. 16:30 aldera iritsiko da txapelketako azken geltokia izango denera, baina txapelketek badute geltokirik harago txapelketatako saioak bukatuta ere. Azken geltokira iritsita, 9.000 bertsozaletik gora igoko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako trenera Illunbeko zezen plazako geltokian. Eta azken geltokira iritsita, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Jon Martin zortzi finalistek hartuko dute trenaren gidaritza, trenean bertsozaleekin batera errailetatik erraietara bidaiatzeko.

Azken geltokian ezin izango da jaitsi; gora bakarrik egin dezake: gora bertsozaleen kopuruak, gora festak eta gora bertsolarien mailak. Bertsolarien lehen txinpartekin piztuko da sua. Hortik aurrera, zail izango da giroaren goriarena kentzea saioari bertsolarien jarduna balioztatzeko; izan ere, festarekin batera, lehia ere izango da, eta Gipuzkoak txapeldun berria izango du gaur 20:45 aldean.

Gaztelumendi, Sarriegi eta Irazu dira txapela janzteko faboritoak. Irazu final-laurdenetan eta finalaurrekoetan gainontzekoen aurretik sailkatu da, eta bera izan da duen maila erakutsi duen bakarrenetakoa. Berak ere horrela aitortu zuen asteartean, eta egin nahi zuenera «arrimatu» dela esan zuen.

Sarriegik eta Gaztelumendik, halaber, ez dute aurrez txapelketatan erakutsi duten mailarik plazaratu. Sarriegik final-laurdenetako saioa irabazteko adinako saioa egin zuen: erraz eta bizi aritu zen kantuan; ez zitzaion aparteko ahaleginik nabaritu jardunean. Finalaurrekoetan, ostera, saio makala egin zuen, eta puntukako ariketan eta sei puntuko motzean bikain egindako ariketekin zabaldu zuen finalerako atea. Gaztelumendik saio orekatuak egin ditu aurreko saioetan, eta biak irabazita iritsi da Illunbera. Haatik, teknikoki oso prestatuta ikusi zaion arren, alde teknikoaz harago bertsoa borobiltzea falta izan zaio.

Gaztelumendik asteartean azaldu zuen sentipen «nahiko ona» zuela, eta Sarriegik, berriz, sentipen «gazi-gozoa» zuela. Gaur sentipenok hobetu nahi badituzte, eta, bide batez, txapelaren ilusioa bete, gora egin beharko dute.

Aurreko saioetan euren abileziak plazaratu dituzte Agirrek, Rezolak eta Jon Martinek. Jon Martinek saio ona egin zuen final-laurdenetan, eta apalagoa finalaurrekoetan, nahiz eta ariketa batzuetan txukun aritu. Alderantziz izan zen Rezolaren kasua: finalaurrekoan erakutsi zuen bere onena goitik arituta, bakarkako biribilarekin borobilduz. Agirre ofizioetan eta horietako ariketa bizietan aritu da emankorren eta erosoen, ariketa aipagarriak utzita. Hirurek eman dezakete zeresana, eta euren onenetik arituz gero, aukera handia izango dute txapelaren itzalpean sailkatzeko.

Alaia Martinek final-laurdenetan eta finalaurrekoetan maila politari eutsi zion, eta ariketa geldoetan nabarmendu zen. Bera da finaleko gazteena. Ez da zientzia, baina azken bi finaletan gazteena buruz burukoan izan da. Apalategi, azkenik, ezustean iritsi zen finalera, finalaurreko saio apal eta nahasia egin ondoren, bakarkakoan aurrea hartuta. Rezolarekin batera, biak izango dira Gipuzkoako finalean aurrenekoz.

Aurrez egindakoa albo batera utzita, zero punturekin abiatuko dira denak finalean, eta zernahi gerta liteke, bai esperotakotik, bai ezustekotik, are gehiago bat-bateko jarduna izanda.

Ariketak berritzearen arriskua

Protokoloen eta hasierako agurren ondotik, sei puntuko motzarekin hasiko dira lan puntuagarriak. Final-laurdenetan ez zuen emaitza onik izan sei puntuko motzarekin hasteak: hasiera monotonoegiak utzi zituen, eta ariketak duen zailtasunarengatik ere emankortasun txikiko saioak izan ziren. Aizak hi mutil mainontzi doinuan kantatu zituzten gainera final-laurdenetan guztiak, eta finalean ere hala bada, doinu berarekin egitura berezidun lau ofizio entzungo dira.

Lehen puntua emanda hiruna bertso osatu beharko dituzte gero, eta baliteke saioa lehen bi ariketak bukatuta piztea, ostean datozen ariketatan bertsolariak erosoago aritzen direlako. Zortziko handian eta txikian eta bakarkakoan hiruna bertso osatu beharko dituzte. Bakarkako ariketa ez da izango kartzelako ariketa.

Ariketa horietan onenak dituzten lehen biak pasatuko dira buruz burukora. Buruz burukoan saioak gora egin ohi du giroari eta mailari dagokionez. Hamarreko txikian kantatu eta gero etorriko da beste berrikuntzetako bat. Zortziko txikian puntutan librean aritu beharko dute. Testuingurua eta inguru testua baliatu beharko dituzte hari emankorren bati tiraka emaitza ona lortzeko.

Buruz burukoan izango da finaleko kartzela bakarra. Hitza emanda bederatziko txikian bertso bana kantatu beharko dute lehendabizi, eta bakarka gaia emanda hiruna bertso ondoren. Bakarkako gaia, ordea, ikus-entzunezko bidez aurkeztuko zaie. Aurreneko aldia da txapelketa batean hala egiten dena, eta ezin jakin, ikus-entzunezkoen askotariko munduan, zein eratako ikus-entzunezkoa izango den. Iradokitzailea beharko du behintzat.

Ariketa puntuagarriak bukatuta jakingo da epaia, eta buruz burukoa jokatu dutenetatik zein izango den Laxaro Azkunek txapela jantziko dion Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldun berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.