Errealismo figuratiboak batuta

Arte klasikoaren bostehun urteko historia laburbiltzen duen pintura erakusketa bat jarri du BBVAk Bilboko San Nikolas jauregian. 39 obra dira, eta Van Dycken, Goyaren eta Zuloagaren lanak daude tartean. Urriaren 12ra arte egongo da zabalik.

Pertsona bi Bilboko San Nikolas jauregian, 'Klasikoak eta modernoak. BBVA Bildumako maisulanak' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bisitariak Bilboko San Nikolas jauregian, 'Klasikoak eta modernoak. BBVA Bildumako maisulanak' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
iraia vieira gil
2025eko uztailaren 6a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Irudikatutako pertsonaiak eta istorioak argi eta garbi identifikatzeko aukera ematen duen mugimendu artistikoa da arte klasikoa», azaldu du Pablo Gonzalez Tornel Valentziako (Herrialde Katalanak) Arte Ederren Museoko zuzendariak. BBVAk Bilboko San Nikolas jauregian zabaldu berri duen Klasikoak eta modernoak. BBVA Bildumako maisulanak erakusketako lanak hautatu ditu Gonzalez Tornelek, eta aurreratu du aukeratutako autoreek ezaugarri bakarra dutela komunean: «Arte klasikoaren adierazgarri dira».

Europa osoko 37 margolariren 39 obra bildu dituzte, eta horien artean dira Anton Van Dyck, Francisco Goya, Ignacio Zuloaga, Bartolome Esteban Murillo eta Joaquin Sorolla. «Elkarrekin erakusteko zailak ziren artistak batu nahi izan ditugu», azaldu du komisarioak. Errealismo figuratiboa oinarri hartuta, XVI. mendetik XX. mendera arteko pinturaren historia erakusketa bakar batean laburbiltzea lortu dute. Urriaren 12ra arte egongo da zabalik, eta sarrera doakoa da.

Autoreen arteko «harreman koherente bat» sortu nahian, hiru zatitan banatu dute erakusketa: Erregeen eta jainkoen garaia, Generoen garaipena: paisaiak, natura hilak eta ohiturak, eta Modernitatearen bideak. Zehazki, Juan Pantoja de la Cruzen Felipe III.a (1605), Juan Carreño de Mirandaren Karlos II.a (1674) eta Goyaren Karlos III.a (1788) erregeen erretratuek ematen diote hasiera erakusketari. «Monarkia autoritarioaren irudikapen bikaina dira. Ia berrehun urteren aldea dago lehenengoaren eta azkenekoaren artean, eta dinastia desberdinetako agintariak daude irudikaturik. Hala ere, antzeko elementuak errepikatzen dira hiru lan horietan», adierazi du Gonzalez Tornelek. Erregeek postura bera dute obra guztietan, eta boterea adierazteko objektu bat du bakoitzak: lehenengoak makila bat du eskuetan; bigarrenak, txosten bat; eta hirugarrenak, arma bat. «Oroituak izan zitezen egiten zizkieten halako erretratuak».

Pizkundearen eta arte barrokoaren garaian, monarkia bezain boteretsua zen eliza katolikoa. Ama Birjinaren eta Jesu Kristoren erretratuak eta Bibliako pasarteak margotzeari ekin zioten orduan artistek; obra horietako batzuk ere ikusgai daude BBVAk antolatutako erakusketan. Gonzalez Tornelen ustetan, Josefa de Obidosen Sagrada familia (1660) artelana da erakusketako artelanen artean «bitxiena». «Emakume batek sortutako margolan bakarra da erakusketa osoan», kontatu du. «Garai hartan, emakumeek ez zuten artetik bizitzeko aukerarik, bi arrazoirengatik: sistema heteropatriarkal batean bizi ziren, eta legeak ez zien ikasteko eskubiderik onartzen». Hain justu, moja lanak eta jaioterria utzi, eta Sevillatik (Espainia) Portugalera joan behar izan zuen Obidosek, margolaria izan ahal izateko. «Baina ez zen ohikoena. Oso kasu berezia da, Artemisia Gentileschirena bezalakoa».

«Euskal Herritik Parisera ikastera joan ziren artisten lanak dira, oro har, berritzaileenak»

PABLO GONZALEZ TORNEL Erakusketaren komisarioa

XVI. mendearen amaieran, berriz, paisaiak eta eguneroko eszenak margotzea jarri zen modan. Flandriar pinturako eskolakoek —besteak beste, Peter Paul Rubens eta Van Dyck pintoreek— sustatutako mugimendua izan zen, eta Jan Philip van Thielen zen tartean. 1650. eta 1660. urteen artean margotu zuen Loreontzia obra, eta orain, BBVAko erakusketaren parte da. «Loreak margotzen bereziki ona zen, eta Loreontzia, zehazki, oso artelan ederra da». Arrosak zuri-arrosak dira ikuslearen bat-bateko arreta pizten duten loreak. Hurbiletik begiratuta, loreontziaren inguruan hegan dagoen tximeleta hori bat ere antzeman daiteke; atzealdean, berriz, berde ilunez margoturiko hostoak. 

XX. mendeko modernoak 

Hainbatetan azpimarratu du Gonzalez Tornelek lurralde ugaritako artisten lanek osatzen dutela Klasikoak eta modernoak. BBVA Bildumako maisulanak erakusketa, eta esan du Euskal Herriko autore gehienen obrak azkenengo zatian daudela. XX. mendeko sorkariak bildu dituzte horretan, eta Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko margolarien artelanak jarri dituzte ikusgai. «Euskal Herritik Parisera ikastera joan ziren artisten lanak dira, oro har, berritzaileenak», adierazi du komisarioak. «Garai hartako egoera politikoaren ondorioz, Erromara joan ziren Valentziako artistak, eta Parisera Kataluniakoak eta Euskal Herrikoak». Pizkundean inspiratu ziren lehenengoak, modernismoan eta sinbolismoan bigarrenak, eta fauvismoan azkenak. Zuloagaren Mr. Halley-Schmidt-en erretratua (1923) eta Valentin Zubiaurreren Eskaintza ermita batean (1910) lanek, zehazki, fauvismoak haien artean izandako eragina erakusten dute. 

Dario de Regoyosen Eraispenak (Granada) (1911), Xesus Rodriguez Corredoyraren Schola Cantorum Compostellanae (1916) eta Francisco Iturrinoren Emakumea haizemailearekin (1910) artelanak era ikusgai dira erakusketan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.