Errealitatearen frontea

Antzerkia du ardatz Bernardo Atxagak zuzentzen duen 'Erlea' aldizkariko hamargarren zenbakiak. Proiektuarekin aurrera jarraituko dutela dio

Inigo Astiz
2016ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Berez, zortzigarren zenbakia argitaratzean jarri zuen martxan atzerako kontua Bernardo Atxaga idazle eta Erlea aldizkariko zuzendariak. Hamar zenbaki, eta kito. Baina jarraitu egingo duela azaldu du orain. «Egingo dugu hamaikagarrena». Despedidarik ez, beraz, hamargarren zenbakiaren aurkezpenean. Antzerkia da oraingoan ardatza, eta Patxo Telleria, Ander Lipus, Aizpea Goenaga, Klara Badiola, Anjel Alkain eta beste hainbat antzerkigileren hitzak bildu dituzte. Euskal eszenaren argazki bat eskaintzen du aldizkariak, funtsean, eta, Atxagaren hitzetan, bizia da argazki hori. «Ikusi dugu, zenbaki hau osatu bitartean, oso-oso bizirik dagoen mundua dela teatroarena, jende entrenatua da, bizi-bizia. Harrituta geratu naiz horrekin. Horregatik, mundu hori barru-barrutik ezagutu nahi izan dugu».

Panorama orokorrari buruzko testu batekin abiatzen da aldizkaria. Euskal antzerkigintzaren azken 25 urteen errepasoa egin du Agus Perez BERRIAko kritikariak, eta Maskarada aipatu du lehen mugarritzat. «Antzerki-konpainia harekin urradura nabarmena zabaldu zen euskal kulturaren paisaian, ikusita posible zela euskaraz aritzea eta sainetearen eremutik ihes egitea gaietan, planteamendu eszenikoetan eta antzezpenen profesionaltasunean». Ander Lipus eta Klara Badiola antzerkigileei eta Jean Louis Davant pastoralgileari egindako elkarrizketa bana ere badira. Horrez gain, antzerkigintzarekin duten harremanaren inguruko testu autobiografiko bana sortu dute Erlea-rako bost euskal antzerkigilek.

Sortzaile horien indarra nabarmendu du Atxagak. «Antzerki munduko jendea errealitatearen frontean dago, parean. Idazleak ere bizirik daude, bai, baina bestelako bizitasun bat aurkitu dute antzerkilarien artean. Errealitatearen ertzean daudela iruditu zait; idazleok, askotan, erretagoardian egoten gara». Lehen eskuko lekukotza horiez gain, bi antzezlan ere bildu dituzte: Patxo Telleriaren Planteamendua, korapiloa eta desenlazea piezaren zati bat, eta Aizpea Goenagaren Antzezlan proposamen labur bat.

Antzerkigintzak hartzen du aldizkaria alderik alde, baina mantendu egin dituzte ohiko sekzioak ere. Azken liburuei buruzko iruzkinak egin dituzte Aritz Galarragak, Kepa Altonagak eta Jacinto Iturbek. Euskal Herriko hainbat idazleren erretratuak idatzi dituzte Jon Kortazarrek eta Miren Billelabeitiak. Antonio Zabalak Santi Onaindiari idatzitako bi eskutitz berreskuratu dituzte. Gabriel Urza Laxalt euskal jatorriko idazle estatubatuarraren testu bat jaso dute. Poema bana aurkezten dute Aritz Gorrotxategik eta Elizabeth Macklin poetek, eta Jose Mari Lasa idazlearen sei poema ere argitaratu dituzte.

Orain arteko lanarekin pozik azaldu da Atxaga. «Niretzat, helburu nagusia beti izan da bat bakarra: hau da, euskal mundua, euskaraz aditzera ematen den mundu hori, euskara darabilen mundua, oso zabala dela, hedadura handikoa dela, unibertso oso bat dela erakustea. Euskaldun askok ez du hori ikusten, ikusten dute zerbait txiki edo urria, ikusten dute panpinatxo bat euskal kulturan, baina nik bidali nahi diet mezu bat: barkatu, baina panpina zure buruan dago, urritasuna zure buruan dago, txikitasuna zure buruan dago». Eta, hain justu ere, hori lortu du aldizkariak bere hamar zenbakiekin.

Urrezko Erlea sariak 2018an

Buruan darabil ja hurrengo zenbakia idazleak, eta, aurreratu duenez, «akordeoia» izango du ardatz. Leopoldo Maria Paneroren argitaratu gabeko poema bat ere lortu dutela zehaztu du. Euskaltzaindiak argitaratzen du aldizkaria, Pamiela etxearekin batera, eta babesa azaldu dio Andres Urrutia euskaltzainburuak. «Erlea erreferente bihurtu nahi dugu euskal kulturan eta argitalpengintzan». Aurrera begira jarri da Atxaga ere. «Lanari eusteko modua ikusten badugu, ideia onak baditugu, jarraituko dugu aurrera».

Literatur sari propio bat sortzeko proposamena ere egin du Atxagak: Erlea Urrezko saria. Aldizkariaren aurreko zenbakia aurkeztean azaldu zuen asmoa, eta data ere zehaztu du orain. 2018. erako antolatu nahi luke sariketa. «Euskal Herrian sariekin duguna anabasa hutsa da, erokeria. Epaimahai sendo bat behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.