Zinema estreinaldiak

Errekak, kanpinak eta desbideraketak

Takumiren istorioa du erdigunean Ryusuke Hamaguchiren azken film luzeak: Tokio ondoko herri batean ‘glamping’ negozio bat jarri behar dutelako bizilekua eta ingurua mehatxatuta ikusten dituen gizon baten istorioa.

'Aku wa sonzai shinai (evil does not exist)' filmeko irudi bat.
'Aku wa sonzai shinai (evil does not exist)' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko maiatzaren 1a
05:10
Entzun

Takumi Tokiotik gertu dagoen herri batean bizi da, bere alaba gaztearekin, Hanarekin. Basoz inguratutako herria da, oreinentzako bidexka bat eta ur freskodun erreka bat dituena. Takumik herritarrentzako lan txikiak egiten igarotzen du eguna: egurra mozten du, errekatik ura hartzen du bertako jatetxekoek fideoak egos ditzaten, eta, oroitzen denean, alabaren bila joaten da eskolara. Herriko biztanleak lasai bizi dira, hiriko estres eta erritmo geldiezinetik aldenduta.

Gauzak aldatu egingo dira Tokioko enpresa batek herriko lur batzuk erosi ondoren. Enpresaren helburua glamping negozio bat muntatzea da, hiriko turista dirudunek kanpin esperientzia erosotasunez bizi dezaten. Enpresak bilera bat antolatuko du herriko biztanleekin, hitz egiteko, bizilagunen kezkak entzuteko, eta haiei proiektua azaltzeko. Bileran argi geldituko da, ordea, enpresak ez duela inongo intentziorik herritarren iradokizunei kasu egiteko, eta, gainera, proiektuak errekako ura kutsatuko duela.

Ryusuke Hamaguchik 2008an aurkeztu zuen bere lehen film luzea: Passion. Tokioko Unibertsitateko zinema masterreko graduazio filma izan zen hori, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Ordutik, hainbat film luze eta ertain idatzi eta zuzendu ditu, bai fikziozkoak eta baita dokumentalak ere, baina 2021. urtean lortu zuen ospea nazioartean. Urte hartan, jaialdi ugaritan ibili zen bidaiatzen, bi film luzerekin: Guzen to sozo (Wheel of Fortune and Fantasy) eta Doraibu mai kâ (Drive My Car). Eta hainbat sari irabazi zituen biekin: gidoi onenaren saria Cannesen, Zilarrezko Hartza Berlinalen, eta nazioarteko film onenaren saria Oscarretan. Aku Wa Sonzai Shinai (Evil Does Not Exist) Veneziako jaialdian estreinatu zen, 2023ko irailean, eta epaimahaiaren sari nagusia jaso zuen.

Aku Wa Sonzai Shinai Eiko Ishibashi konpositorearen proposamenez sortu zen. Ishibashik bere partitura bat bisualki jantziko zuten irudiak eskatu zizkion Hamaguchiri. Emaitza zuzeneko kontzertu bat izan zen, eta eszenatoki atzean zinemagile japoniarraren irudiak proiektatu ziren. Ekitaldia grabatu egin zen, eta grabaketarekin Gift izeneko bi orduko filma osatu zuen Hamaguchik. Japoniarrak, ordea, ez zuen proiektua bere horretan utzi nahi, eta diptiko bat egitea erabaki zuen: batetik, kontzertua, eta, bestetik, harentzako sortutako irudiak abiapuntutzat hartu, zabaldu eta berritu egin zuen istorioa kontatzen duen Aku Wa Sonzai Shinai.

Hamaguchik bizilekua, ingurua eta bizimodua mehatxatuta ikusten duen gizonaren eta komunitatearen istorioa kontatzen du bere azken film luzean. Aldatzen, hazten, desbideratzen, zabaltzen doan filma da japoniarrarena. Erritmo eta estilo ezberdinekin jolastuz, bizirik dagoen istorioa eraiki du Hamaguchik, zenbaitetan aztoragarri, gehienetan harrigarri, ustez ezer gertatzen ari ez den horietan ere tentsioa mantentzea lortzen du, eta tramaren desbideraketa bakoitzean apur bat estuago josten du istorioa.

'aku wa sonzai shinai (evil does not exist)'

BESTE ESTREINALDI BATZUK

La casa filmeko irudi bat
La casa filmeko irudi bat.

'La casa'
Aita hil ondoren, hiru anai-arreba haurtzaroko udak igaro zituzten familiaren etxean elkartuko dira. Etxebizitzarekin zer egin erabaki behar dute, eta uste baino zailagoa izango da. 2020an Eisner Saria irabazi zuen Paco Rocaren izen bereko eleberri grafikoan oinarritua dago.

'la casa'

 

'La nouvelle femme'

Paris, 1900. urtea. Lili d 'Alency sekretu bat ezkutatzen duen gortesau ezaguna da. Haren alaba Tina ezgaitasun batekin jaio zen, eta urrun mantentzen du, bere jardunbidea eta ospea babesteko. Baina hura zaindu behar duen egunean, Lilik Erromara joatea erabakiko du, bizitza berri bat hasteko. Han, Maria Montessori ezagutuko du. Montessori urritasunen bat duten haurrekin lan egiteko hezkuntza metodo iraultzaile bat garatzen ari da, urte batzuk geroago mundu osoan baloratutako pedagogietako bat izango dena: Montessori metodoa.

'la nouvelle femme'

 

'Musik'

Ume bat Grezian hazi da, adoptatu zuten gurasoekin. 20 urterekin norbait hilko du. Zigorra betetzen ari dela, maitemindu egingo da, eta espetxean lan egiten duen emakume batekin seme bat izango du.

'musik'

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.