LIBURU AURRERAPENA

Erretzaile damutuen konpainia

Aingeru Epaltzak hirurogei urteen talaiara iristen ari den kazetari bat jarri du 'Erretzaile damutuen konpainia' eleberri berriaren ardatzean: Edu Saragueta. Komedia garratz eta erotikoa, gizarte nahasi baten erretratua eta, batez ere, nobela beltz petoa osatu du.

IRUNE IZQUIERDO.
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Marco Antonio, 16 urte, 6. C-ko boliviarra. Harekin, Dulce María, 15 urte, 4. D-ko dominikarra. Ezpainak ezpainei. Eskuak esploratzaile, kamiseta estuen eta galtza are estuagoen arteko tarte oparoan. Bi aldiz itxuratu dute musuaren bukaera. Bietan, milimetro batzuk baizik ez dira elkarrengandik bereizi, arnasa hartzeko doi, elkarri josi baitira berriz ere. Bigarrenaren ondotik, hirugarrena. Eta hirugarrenaren ondotik, laugarrena. Aski, Edu Saraguetarendako.

Gabon, gazteak.

Bikotetxoak ez du etenaren atsekaberik adierazi. Atariko atetik baztertu dira kazetari ohiari pasatzen uzteko. Adeitasun latinoarekin itzuli diote agurra.

Gabon, jauna.

Arrosadia. XX. mendeko 60ko hamarkadako langile auzoetako taxu proletarioa ageri da oraino ezkaratzeko zoruan eta paretetan. Igogailua, aldiz, 10 urte izanen ez dituen eranskina da; handik Mykola kanporatu da, 3. A-ko ukrainarra, bere seme Vasylekin eta Piporekin. Bull terrier arrazako zakurrak ez dio gehiago Eduri ikusi ahala zaunkarik egiten, baina horrek ez du merezimendu handirik, salaketa izengabe batez geroztik ez baitute muturrekoa jantzi gabe karrikara ateratzen. Eduk badaki Mykolak bere susmoa duela: zakurraren muturrekoarekin batera etorkin eslaviarrak utzi dio kazetari ohiari solasa emateari harekin topatzen denean. Usaimen zorrotza, ukrainarrak; hiriko Udaltzaingoak Eduri esker dauka Piporen berri. Behin berriz, aita-semeen eta zakurraren etsaitasun isila sumatu du haiek igogailua hustu bitartean. Barnera sartuta, 5.erako botoia zanpatzekotan dagoela ireki da, ezustean, kaxa txikiko atea.

Gabon, jauna berriz ere.

Gabon, Diana.

4. B-ko ekuadortarrak erosketako poltsa bat dakar esku bakoitzean. Segundo bat geroago, Galina egokitu da haren ondoan. 2. D-ko bulgariarrak diosalik egin badu, Eduk ez dio aditu. Erosketak egitetik etorri izanen da hura ere, karro gurpilduna du aldean. Izerditan, bi emakumeak. Lasterka ibili behar izan dute noski, supermerkatu hurbileko ateak oraindik irekita atzeman beharrez. Solas hitsa, igogailuaren barnean. Egun osoko nekea darie Eduren bi bidaideei. Gainera, etxeko biztanle guztiek dakite bi emakumeek ez dutela batak bestea begi onean. Esekitokitik patiora erorita- ko galtzerdi batzuen jabetzaren inguruko istorio bat omen. Igogailuak bere karga arindu du, Galina lehenbizi, Diana gero. Handik goiti 5.erainoko igoera bakarrik egin du Eduk. C letra du haren bizitegiak. Ate gotorra, beste gasturik ez zuen egin hiriko alde honetara aldatzean. Hiru buelta eman behar dizkio giltzari, ireki dadin. Oraindik barneratu gabe, beste ate baten hotsa aditu du bere gibelera.

Ostia, Eduardo, berantetsia nintzen. Zure etxean sartzekotan egon naiz.

Hassan, marokoarra, 5. B-ko maizterra. Duela zenbait hilabete, Eduk bere etxeko giltzaren kopia bat utzi zuen haren eskuetan, badaezpada ere. Hamabi urte daramatza Iruñean; iruinxemerik petoenak bezala egiten du birao. Eraikuntzan dabil, obra-peoi. Bere herritik alde egin aitzin, arrain enpresa bateko kontularitzaz arduratzen zen Agadirren.

Barride atsegina.

Eduren gogo zaurituak oraintxe behar duen azkena.

Joder, Eduardo. Osteguna da, Betis-Tiraspol!

Arruntik ahantzi zaio auzokoari egindako promesa.

Desenkusa mehe bat atera da kazetari ohiaren ahotik. Ama eta seme kontu.

Hassan ez da esku hutsik heldu. Plater biribila ikusgarria da tamainaz eta apainduraz; are ikusgarriagoa haren edukia. Eduardo dastatua da Hassanen emazte Habibaren kuskusa. Oraingoa —egin berria iduri, lurrina seinale— oilaskoz eta barazkiz horniturik dator. Ate irekitik, emakumeak diosal lotsati bat bidali dio auzo etxeko korridorearen hondarretik. Zapirik gabe dabil, bizkar gainera dario ile beltz kizkur urdintzen hasia. Gutxitako ikuskizunak segundo bat baizik ez du iraun. Etxeko barrunbetik aterata, mutil bat tartekatu da Eduren begien eta andrearen artean.

Dalil, agurtu Saragueta jauna agindu dio Hassanek agertu berriari.

Gazteak zerbait murmurikatu du, Edurendako ulertezina. Agian arabieraz ari zaio. Ez zen berotasun handikoa izanen, haren mutur luzeari ohartuta. Duela bi urte, Edu Arrosadira aldatu berritan, Dalil mutiko adeitsua izaten zen kazetari ohiarekin.

Alproja halakoa —hasperen egin du Hassanek—. Ez dakit zer koño duen aspaldi honetan, harrotua eta petraldua egun osoan.

Neskaren bat, agian.

Hobe hala balitz.

Gazako karrika bat bonbardaketa israeldar baten ondotik, horra zer ematen duen Eduren etxeko salak. Liburuak, paper zaharrak eta bere ordenagailua erretiratu ditu mahai gainetik, Hassanek bere azpil dotorea ezarri ahal izateko. Zoruan barreiaturik daudenetatik, azken bi egunetako bazkariei eta bezperako afariari dagozkien plater eta edalontzi zikinak baizik ez ditu bildu, zoko batera baztertuta galtzerdiak, galtzontzilloak eta bestelako arropa aleak. Hassan eskuordetu du sofa higatua gainean esertzeko moduan uzteko. Auzoari salako anabasak aspaldi ez dio esatekorik pizten.

Edu komunetik pasatu da sukaldera jo baino lehen. Mahai tresnak eta garagardo lata parea dakartzala itzuli da handik. Alkoholik gabea beretako, alkoholduna Hassanendako. Marokoarrak gogotik ireki du berea, alfonbra zikina aparrez zipriztinduz. Lehen tragokadan erdia hustu du ia.

Kaguenlaputa, Eduardo, zeinen latza den musulmana izatea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.